INFO

Auzitegi Nazionalak auzia artxibatuta, Lemoako abadeari barkamena eskatzeko galdegin dute

Auzitegi Nazionalak Lemoako apaizaren aurkako auzia artxibatu du, haren hitzek ez zutela «ez zuzenean ez zeharka indarkeriarekiko mezu argirik ematen adieraziz. Parrokoari «publikoki barkamena» eskatzeko eskatu die Bizkaiko Abadeen Foroak Mario Iceta eta Joseba Segurari.

Joseba Segura, Bilboko gotzaina, artxiboko argazki batean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Lemoako parrokoaren aurka irekitako auzia, haren hitzek ez zutela «ez zuzenean ez zeharka indarkeriarekiko mezu argirik ematen, ezta haren erabileraren onarpenik ere» iritzita.

Dignidad y Justicia elkarteak 2020ko urrian jarri zuen kereila, ‘Bajo el silencio’ Iñaki Artetaren dokumentalean, Euskal Herrian gertatu zena «herri zapaldu» baten «indarkeriazko erantzuna» zela eta «bandoen gerraz» hitz egitegatik.

Bizkaiko Abadeen Foroak gogoratu du Mario Icetak, garai hartan Bilboko gotzaina zenak, eta Joseba Segura bere laguntzaileak, Gotzain Kontseiluarekin batera, abadeari atzera egiteko eta publikoki barkamena eskatzeko deia egin eta hurrengo egunean bere «eliz ofizioak» kentzea erabaki zutela.

Abadearen foroaren ustez, Mario Icetak, Joseba Segurak eta bere Gotzain Kontseiluak «publikoki barkamena» eskatu behar diote orain apaizari. Azaldu dutenez, komunikatu bat plazaratu zen berarekin hitz egin gabe, erreportaje osoa ikusi gabe, eta «eliz ofizioak» bertan behera utzi zituzten komunikabideen presiopean egitateen informazio doitua jaso eta pertsonari entzun beharrean.

Gotzain-ministerioaren sinesgarritasuna

«Datu guzti horien batuketak euren hitz eta gotzain-ministerioen sinesgarritasuna kentzen du eta gotzainen artean behar dan konfiantza pitzatzen du, bai elizbarrutiko presbiterioarekin bai Bizkaiko Jaungoikoaren herriarekin, eta hori, barkamen eskaera publiko horrekin berrosatzen hasi ahal izatea espero dugu», erantsi dute.

Abadeen Foroaren ustez, «Zuzenbide Kanonikoaren Kodearekin bat eginda eta modu autoritario neurrigabe eta batere sinodal eta erantzunkidetasunean gotzain-autoritatea erabiltzearen aurrean dagoen jokamoldea autoritate horren ulermenaren eta ariketa ebanjelikoaren antipodetan dago».

Gaia Elizbarrutiko Batzar batean aztertu beharko litzatekeela adierazi dute, «gure Elizan dauden ezberdintasunak azaleratzeko beldurrik gabe».