LEB Ligako euskal derbia GBCk eraman du, Iraurgik azkenera arte lehiatu arren (85-76)
Jaworskiren sei hirukoek erabaki dute Illunbeko partida donostiarren alde, eta garaipen horri esker bederatzi onenen artera itzuli dira Lolo Encinasenak. Urolako taldea, ostera, azken postura erori da Oviedok A Coruñari irabazi ostean.
GUUK GIPUZKOA BASKET 85 - JUARISTI ISB 76
Logika bete da Urrezko LEB Ligako euskal derbian eta Gipuzkoa Basket atera da garaile, baina ez izerdia galanki bota gabe. Azken emaitzak ez du islatzen zenbat kosta zaion Donostiako taldeari Iraurgi atzean lagatzea, 73-75 aurretik ibili baitira Urola bailarakoak. Jaworskiren hirukoengatik batetik, eta Mario Delasek markagailua 76na zela lortu duen «bi gehi bateko» jokaldi bat dela-eta bestetik, orduan bakarrik hautsi dute partida Lolo Encinasen gizonek.
Emaitza honen ostean, Iraurgi Urrezko LEB Ligako azken postura erori da, orain arte garaipoenik lortzeke zegoen Oviedok bere partida irabazi duelako. Bere aldetik, Giopuzkoa Basketek sailkapeneko bederatzi onenen artera itzuli du, bere garaipena eta A Coruñak Oviedon galdu duelako.
Derbiei buruz esaten diren topikoak bete ditu gipuzkoarren arteko neurketa honek ere. Tentsioa, emozioa azkenera arte, tarteka jokaldi onak eta tarteka inork ere ezin asmatua. Mikel Odriozolaren mutilek aurrea hartu sute lehenbiziko laurdenean, Gipuzkoa Basket baino biziago kantxaratu baitira Illunben –Angulas Aguinaga Arena deritzona, hain zuzen–, baina lehenengo 10 minutuetan 26 puntu sartuagatik, bistakoa izan da erritmo horri eustea ezinezko izango zela. Alabaina, Azkoiti eta Azpeitiko talderaren zoritxarrerako, erasoko erritmoak beherantz egin duen bezain azkar egin du ere beherantz defen tsako intentsitateak.
Donostiarren aldetik, ordea, Jaworskiren hiruko festa hasi da. Estatubatuarrak, ordea, aurkitu du zeinek erantzun: Hoover bere herkidea, orotara 27 puntu sartuta, Iraurgiren martxa berak eutsi du, nahiz eta atsedenaldia derbia Donostiarantz bideratuta iritsi den: 51-38.
Odriozolak aldageletan bere mutilei estutu bat eman die, nonbait, eta defentsan beste arranke baterik atera dira Urolakoak. Hala, markagailua ere dezente estutu da, nahiz eta beti etxekoak aurretik izan. Lolo Encinasenek erakutsi dute aurkariak baino errekurtso gehiago dituztela eta, itxura baten behintzat, uneoro mugaraino sakatu beharrik gabe aurretik mantentzea lortu dute, hirugarren laurdenaren azkenera 70-67 iritsi arren.
Puntuak sartzea «ahaztu» egin zaie orduan bi taldeei, markagailua 73-68 dela. Ia bost minutuz ez dute puntu bakar bat ere sartu, Hooverrek, derbia azken hiru minutuetan dela, hiruko batekin asmatu duen arte. Tarte horrtean biek hala biek hiruko jaurtiketak errazegi bilatu dituzte, pazientzia gutxirekin. Horrez gain, uztaipe bietan epaileek akaso egur larregi banatzeko baimena ere eman dute.
Lehortea amaituta, Iraurgiren txanda izan da. Manex Ansorregik 73na berdindu du lehia eta Hooverrek 73-75ekoa ezarri du jaurtiketa libreen marratik. Illunbera hurbildutako zale donostiarrak larritzen hasi dira orduan, Jaworskik bere azken-aurreko hirukoa gauzatu duen arte. Hooverrek hurrengo erasoan jaurtiketa libre bakar batekin erantzun du eta segidan, partida amaitzeko minutua baino pixka bat gehiagoren faltan, Mario Delas pibot kroaziarrak «bi gehi bateko» jokaldia burutu ahal izan du, Lolo Encinasenak 79-76 aurreratuz.
Markagailua etxekoen alde egonagatik, zernahi gerta zitekeen oraindik, baina azken minutuan sartzeaz bat, Jaworskik bere seigarren hirukoa gauzatu du eta orduan bai, ahaleginak ahalegin, orduan amaitu dira Urolakoen aukerak. Izerdia franko bota eta gero, Gipuzkoa Basketek pronostikoak bete ditu eta play-offetako postuetan sartu da berriz ere donostiako taldea, Iraurgi Urrezko LEB Ligako azken postura itzultzearen kontura izan bada ere.