Durangoko Udalak kudeatuko du aurki berriz ateak zabalduko dituen Plateruena kafe antzokia
Plateruena kafe antzokiaren kudeaketa bere gain hartu du Durangoko udalak eta horretarako 300.000 eurotik gorako aurrekontua atondu du. Maider Larrañagak koordinatuko du hurrengo asteetan berriz ateak zabalduko dituen gunea, Ahotsenearekin. Irekiera ofiziala, martxoaren 3an.
«Plateruenak hutsune handi bat utzi du», egiaztatu du Patxi Lakuntza zinegotziak Durangoko kafe antzokiko eszenatokitik astearte goizean. Hori ez dago ukatzerik. Azkenik, eta Durangon bertan azken urte honetan egin den herritar prozesu baten ostean, hutsune hori nola beteko den eman da jakitera: kafe antzokiak berriz zabalduko ditu ateak hurrengo asteetan –modu ofizialean 2023ko martxoan– eta Udalak berak kudeatuko du, ‘talde motor’ baten laguntzarekin.
Egitaraua eta egitura aurrerago emango dira jakitera, oraindik lotzen ari direlako, aitortu dutenez. Esaterako, ostalaritza zerbitzua izango ote duen ez dago oso garbi. Formula egoki bat bilatzen ari dira.
Bi hamarkadetan hainbat kontzertu eta ekimen kulturalen babesleku izan den gune honek 2020ko abenduan itxi zituen ateak, kudeatzen zuen elkarteak berau desegin eta espazioaren kudeaketa uztea erabaki ostean. Ezinezkoa zitzaien aurrera jarraitzea, zulo handi bat zen, baina egitura bera eta hondarea herriaren esku utzi zituzten. ‘Kultura fabrika’ honek utzitako hutsunea, beraz, betetzeko asmoa du Durangoko Udalak.
Hiru helburu
Patxi Lakuntza eta Ane Abanzabalegi zinegotziek emandako zehaztapenen arabera, Plateruena berriak hiru printzipio edo oinarriren gainean lan egingo du: Durangoren euskalduntzean laguntzea, herriko elkarte eta eragileei aterpea eskaintzea eta euskal kulturgintzako sortzaileen plaza garrantzitsua izatea. «Plateruenaren itxierak kolpe ederra suposatu zigun durangarroi eta euskal herritarroi, eta eraikin honen tamainako buruhausteei irtenbideak eman behar izan dizkiegu tarte guzti honetan, baina uste dugu orain arteko zailtasun guztiek proiektu berri hau indartu dutela», adierazi dute udal ordezkariek.
Plateruenaren itxierarekin, Udalak diagnosi bat abiatu zuen durangar, elkarte eta eragileen parte hartzearekin batera. Bertan, Plateruenak hiru lan ildo nagusitan lagundu behar zuela ondorioztatu zen: euskararen presentziari lehentasuna ematea, Durangoko elkarteen eta eragileen komunitatea indartzea eta kulturaz gozatzeko espazio erreferentziala izaten jarraitzea.
Zentzu horretan, Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkio hausnarketa prozesuan diagnostiko propioa landu duen ‘Plateruena eta gero zer’ plataformari, planteamendua aberasten laguntzeagatik. Era berean, bi prozesuek antzeko lehentasunak eta lan ildoak azaleratu dituztela gaineratu dute udal ordezkariek.
Udalaren kultur zerbitzuen barne: 300.000 euroko aurrekontua
Kudeaketari dagokionez, bi irtenbide nagusi egon dira mahai gainean: kudeaketa lehiaketa publikora atera eta berau enpresa edo elkarte pribaturen baten esku uztea –«honek kontrola galtzeko aukera ematen zuen», aipatu dute zinegotziek–, ala Durangoko Udalak kultur eskaintzaren kudeaketa bere gain hartzea.
Bigarrena hautatu da, horrek dakarren guztiarekin. Beraz, Plateruena Durangoko Udalaren kultur eskaintzaren parte izatera pasako da, San Agustin Kulturgunearen, Arte eta Historia Museoaren edota Musika Eskolaren maila berean. «Apustu handia egin dugu azken urteetan kulturaren alde, baina kontziente ginen Plateruenak utzitako hutsuneaz. Orain hutsune hori ilusioz eta baliabide publikoz betetzera goaz, kulturgintzan, osasungintzan bezala, zerbitzu publiko duin batzuen alde egiten dugulako», gaineratu dute ordezkari durangarrek.
Guzti hau garatzeko, 313.000 euroko partida aurreikusi du 2023ko Aurrekontu Orokorretarako. Dena den, irekiera progresiboa izango da. Horregatik, Gabonetarako herriko elkarte eta eragile ezberdinekin «programazio xume eta herrikoia» antolatzen dihardute dagoeneko, aipatu dutenez.
Plateruena Udalak kudeatuko duen arren, udal ordezkariek ‘Kultur Mahaia’ izeneko elkargune bat sortuko dute herriko eragile ezberdinek parte hartu ahal izateko. Kultur Mahai horren helburua haien iritzi eta eskaerak modu ahalik eta horizontalenean kudeatzea izango da.