Balizko Hezkuntza Legearen aurkako grebak %60ko jarraipena izan du, sindikatuen arabera
Hezkuntza Lege berrirako zirriborroaren aurka LAB, Steilas eta ELA sindikatuek hezkuntza publikoan deitu duten lehen greba eguna izan da asteazken honetakoa (bi aste barru bigarrena). Beren aldarrikapenak berretsi dituzte eta grebaren jarraipena %60an zenbatu dute.
Lakuako Gobernuak Hezkuntza Lege berri baterako aurkeztutako zirriborroaren aurkako lehenengo greba eguna egin dute asteazken honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta. Zenbait kezka adierazi nahi dute honekin zirriborroa ikusita, besteak beste sistema duala (publiko-pribatua) «betikotzen» duela eta langileen iritzia ez dela kontuan hartzen ari.
Eguerdian Lakuak Bilbon duen egoitza nagusiaren aurrean eginiko agerraldian, grebaren jarraipena %60koa izan dela ziurtatu dute sindikatu hauek, eta beren aldarrikapenak zerrendatu dituzte, manifestazioa abiatu aurretik. Irakasleetaz aparte, Haurreskolak Partzuergoko langile, eskoletako hezitzaile eta Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileak batu dira grebara. Hezkuntza Sailak, bere aldetik, langileen %38a batu dela lanuztera aipatu du (9.260 irakasle hain zuzen ere).
Sindikatuek Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren «norabide eza» salatu dute: «Hasieratik esan genuen lege proposamenak egungo sistema betikotzen zuela: ez dago sare banaketa gainditzeko neurririk, murgiltze ereduaren alde, curriculumaz edo lan baldintzak bermatzeko».
«Aurreproiektuak ez du jasotzen zein norabide eman nahi zaion hezkuntzari, ez du egungo sare banaketa gainditzeko urratsik zehazten, mugiltze eredua alboratzen du, lan baldintzak aipatu ere ez ditu egiten, eta euskal curriculuma eta Euskal Herria erreferentzia izateko pausorik ez du zehazten», adierazi du Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak.
11.30ean manifestazio nagusia izan da Bilbon. «Hezkuntza lege-aurreproiektu honi ez. Legea langileokin eraiki» lelopean, milaka langilek haien aldarrikapenak atera dituzte kalera. Sare publiko «bakar, euskaldun eta propiorako» bidea egin beharko lukeen legea eskatu dute, «aukera berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua» bermatzeko. Hori lortzeko, Hezkuntza Lege parte-hartzailea aldarrikatu dute, «langileak aintzat hartuko dituena eta merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo dena».
Hezkuntza Lege berrirako zirriborroaren aurka ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hezkuntza publikoan deitu duten lehen greba eguna da asteazken honetakoahttps://t.co/ldUhFTjxT4
— Asier Robles (@asierrobles) November 30, 2022
Bilbon egindako manifestazioa pic.twitter.com/dxxqQqfoiJ
Horretaz gain, hezkuntza sistema osatzen duten langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea aldarrikatu dute LAB, Steilas eta ELAk. Besteak beste, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatzeko eta %8tik gorako behin-behinekotasuna errepikatzea ekiditeko neurriak eskatu dituzte.
Goizean Bilbon izan bada, arratsaldean Donostian eta Gasteizen egin dituzte mobilizazioak Hezkuntzako langileek.
Donostian ere #PublikoEuskaldunPropioa helburu, Hezkuntza Legea langileokin eraiki! pic.twitter.com/u5zNvxKEBu
— LAB Irakaskuntza (@labirakaskuntza) November 30, 2022
«Sindikatuokin adostu gabe»
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak «prebentibotzat» jo du protesta hau, oraindik ere alegazio prozesua irekita dagoela eta lege egitasmoa horren ondoren onartuko dela argudiatuta. Gaur egindako lehen balorazioan, «euskal hekuntzarentzat egun tristea dela» aipatu du.
Horren aurrean, sindikatuek salatu dute ez dagoela inolako parte-hartze eta elkarrizketa ofizialik: «Hezkuntza Hitzarmenean babesturik, langileen lan baldintzetan eta lanpostuetan eragina izan dezaketen erabakiak hartzen ari da Hezkuntza Saila sindikatuokin adostu eta negoziatu gabe. Horregatik jo behar izan dute langileek grebetara».
Balizko lege berria martxoan Gasteizko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk, PSEk eta EP-IUk sinatu zuen hezkuntza akordioaren ondorio da, baina zirriborroa akordio haren edukietara egokitzen den ala ez ezbaian dago. EH Bilduk eta LABek agerraldi bateratua egin dute astearte honetan, zenbait irizpide komun marrazteko eta ezkerreko independentismoak aukera hau euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa lortzeko bere esku dagoen guztia egingo duela ziurtatzeko.
Bigarren greba egun bat deitua dute sindikatu hauek protesta dinamika honen barruan, abenduaren 14an hain zuzen ere. Lege honen aurkako mobilizazioa egin zuen ere Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Bilbon duela hilabete, milaka lagun bilduz.