INFO

Arte Eder Museoaren 60 lan Tabakalerak hartuko ditu 2023ko ekainetik abendura

Handitze lanetan bete-betean izango direla baliatuz, Bilboko Arte Eder Museoa Donostiako Tabakalerara ‘lekualdatuko’ da epe batez. Datorren urteko uda eta udazkenean irekiko ditu ateak erakusketak.

Edurne Ormazabal, Miriam Aizuri, Miguel Zugaza eta Oier Etxeberria, gaur. (Jon URBE | FOKU)

Pozarren agertu dira bi erakundeetako arduradunak eta erakusketaren komisarioak ostegun honetan hedabideen aurrean egindako ekitaldian. Aspaldiko nahia zuten bi aldeek elkarlana eta oraingo honetan asmoa errealitate egitea lortu dute.

2023ko ekainetik abendura irekiko ditu ateak ‘That Time. Artearen aroak’ izenburupean erakusketak. Inoiz Tabakalerak hartu duen handiena izango da, lehen solairuko ohiko espazioari 500 metro karratu gehituz. Ibilbide zirkularra izango du.

Bilbotik Donostiarako bidea egingo duten artelanen zerrenda erabat zehaztu gabe dago oraindik, gaur bertan dute eta lan-bilera. Beste batzuren artean, Francisco de Goyaren ‘Los disparates’, Fernand Legerren ‘La creación del mundo’ eta June Cresporen ‘Régimen diurno’ lanak izango dira.

Arte Eder Museoko bildumaren aukeraketak –guztira 19.000 pieza ditu gordeta– osatuko du erakusketaren muina baina ez da elementu bakarra izango. Tabakalerak espreski okasio honetarako ekoitzitako lanak gehituko zaizkio. Ilke Gears –Zeelanda Berritik etorriko da– gonbidatuko dute Aianara Legardon euskal artistarekin batera. Izango da besterik ere baina momentuz ez dute izenik iragarri.

Irakurketa berria

Proiektu honen ekarpen interesgarriena hauxe da, batik bat arte klasikoa nagusitzen den bilduma bat Tabakalera bezalako eraikinera ekarri eta gaur egungo sorkuntzaren betaurrekoekin begiratzea, modu horretan irakurketa berria sortuz. «Kitzikagarria» dela aitortu du Miguel Zugazak, berak zuzentzen duen Arte Eder Museoa euskaldunon ‘National Gallery’ dela adierazi duen bitartean.

Ondoan izan du Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorra. Prozesu osoan bidelagun izan dituzten anbizioa eta zorroztasuna aipatu ditu.

II. mendeko pieza batekin hasi eta 20 mendeetako artea azaltzen saiatu da Arte Eder Museoa. Margoa, eskulturak eta argazkiak dira gehienak, baina artista berriek ere badute tokirik, eta haien eskutik, instalazioek eta soinu-lanek. «Bokazio bildumazalea izan du bere ibilbide osoan museoak», nabarmendu du Miriam Alzuri bertako arte moderno eta garaikideko kontserbatzaileak.

Berarekin batera egon da Oier Etxeberria Tabakalerako programa publikoen arduraduna. Biek eskuz esku egin dute erakusketaren komisariotza. Gustura agertu dira elkarlanaren emaitzarekin, historialaria lehena, artista bigarrena, formakuntza oso desberdinen jabe direla kontuan izanik. «Suspergarria eta ilusionantea izan da egindako bidea. Erakusketa honek gu geu ere irakurketa berriak egitera bultzatuko gaitu», adierazi du Alzurik.

Samuel Beckett-en hitzek inspiratu dute izenburua eta, autore ezagunak bere idatzian bezala, iragana, oraina eta etorkizuna izango ditu ardatz erakusketak. «Denborazko arteen eta denboran irauten duten arteen logika erabili dugu. Eta orainaldi politiko, sozial zein kulturalaren testuinguruan barneratutako irakurketa izango da», zehaztu du Etxeberriak.