Iréne Nèmirovsky eta Agota Kristof, gerra literaturatik kontatu zuten bi autore
Nazien okupazioa bizi eta pairatu zuten Iréne Nèmirovsky eta Agota Kristof-ek, eta biek ekarri zuten gerraren krudelkeria literatura moldean. ‘Suite frantsesa’-k denbora errealean kontatzen du gerra; ‘Koaderno handia’-k, haurren begietatik.
Gerra euren larruan bizi eta literaturaren bidez kontatu zuten bi emakumeren lanak berrargitaratu ditu Alberdania argitaletxeak: Iréne Nèmirovsky-ren ‘Suite frantsesa’ eta Agota Kristof-en ‘Koaderno handia’. Lehenaren kasuan, berrargitarapenak Nèmirovsky-ren obraren azken bertsioa biltzen du, 2004. urtean ezagutu zena, eta, bigarrenaren kasuan, itzulpena gaurko egunera ekartzea izan da helburua.
Liburuen aurkezpenean Aritz Galarraga editoreak azaldu duenez, Nèmirovsky-ren lana «naziek Frantzian egin zuten jazarpenaren testigantza ezin baliotsuagoa da». «Memoriaren literatura asko egin da, fikzioa gutxiago, baina gehiena izan da ‘a posteriori’ egindako idazkera, gerra bukatu eta bizirik atera diren horiek egindako literatura. Eta Nèmirovsky-ren bertuteetako bat da ari zaigula gerra kontatzen nazioan okupazio edo inbasioa gertatzen ari den une berean, eta gainera ez lehen lerroko bizipenak, baizik eta herritarren ihesaldi zalapartatsu hori da kontatzen diguna. Eta gainera egiten du fikzioaren bitartez», jarri du balioan.
Nèmirovsky 1942eko abuztuaren 17an hil zen Auschwitz-eko kontzentrazio eremuan, judutarra izatearen akusaziopean. Artean obra amaitu gabe zuen eta haren lehen zirriborroa izan zen argitara eman zena,. Eta berehala eskuratu zuen sona: bi hilabetetan 200.000 ale saldu ziren. Sorpresa handiena, ordea, alaba hil zenean etorri zen: mekanografiatutako jatorrizko zirriborroaren gainean hainbat oin-ohar zeudela ikusi zuten, eta bertsio osatu hori da Alberdaniak euskarara ekarri duena.
Agota Kristof-en ‘Koaderno gorria’-az Jorge Gimenez Bech aritu da. Honakoa ere autografiatik asko duen testua dela baieztatu du Alberdaniako editoreak, eta azal –zinegile iraniar batek liburuan oinarritutako egindako filmeko irudia– eta maketazio berria eta itzulpen «gaurkotua» dituela esan du.
Gimenez Bech-en hitzetan, «liburu zirraragarria da, kontatzen denagatik eta kontatzen den moduagatik». Izan ere, Kristof-ek bi mutikoren ahotik kontatzen ditu gerran jazotakoak, hizkera «soil eta xumean, eta batez ere idazten du sakon: hitz bakoitza sartzen zaizu arimaren hondoraino».
Editoreak nabarmendu du Kristof-ek berea ez zen hizkuntzan, frantsesez idatzi zuela liburua. Izan ere, erbesterako bidea hartu zuenean Bulgariatik Suitzara joan zen, «eta han ikasi eta erabili behar izan zuen frantsesa. Berak beti esan izan zuen frantsesa beretzat hizkuntza etsaia zela, bere hizkuntza zapaltzen zion hizkuntza».