Txapelketa ofizial eta pribatuen arteko elkarbizitza zaila agerian jarri du Pebeten omenezkoak
Ostiralean ekingo dioten X. edizioaren ostean, lehiaketa udarara pasako dute Behar Zanako ordezkariek, Santio txapelketarekin uztartuz, garai honetan ematen den gaindosian eragin asmoz.
Txapelketa ofizialen osagarri izateko asmoz sortu ziren pilota txapelketa pribatuak, hein handi batean ofizialetatik kanpo geratzen ziren pilotariek lehiatzen jarraitzeko aukera izan zezaten. Denborarekin, ordea, egoera, beharrak eta indar korrelazioak aldatu egin dira eta txapelketa pribatu batzuk ofizialak baino interesgarriagoak dira gaur egun pilotari eta pilotazale askorentzat. Ia herri guztiek dute euren txapelketa eta honek elkarbizitza arazoak sortu ditu bi lehiaketa moten artean, egutegia gehiegi estutzen baita udako sasoi batzuetan.
Gabon buelta hau izaten da agendak gehien betetzen diren garai horietako bat eta Villabonako Behar Zana elkarteak arazo honen konponbideari begira hartutako erabakiak ikusgarritasuna eman dio aspalditik antzematen zen arazo bati. Ostiral honetan Antton Pebet zenaren omenezko txapelketaren hamargarren ekitaldiari ekingo diote, lau ostiraletan zehar afizionatu mailako pilotaririk onentsuenak batuko dituen txapelketa. Baina kartel erakargarri bat aurkezteaz gain, erabaki baten berri ere eman dute klubetik, hamargarren hau izango da data hauetan jokatuko den azkena. «2009an lehen edizioa antolatu zenean, txapelketa ofizialekin ez zuen apenas bat egiten eta txapelketa pribatuak ere gutxi ziren inguruan.
Une honetan, ordea, txapelketa ofizialak eta pribatuak asko dira garai berean. Pilotariek partida asko dituzte eta saturazio hau ez da ona pilotarentzat», azaldu dute ohar batean.
Txapelketak uztartu
Honen aurrean, udan Behar Zanak berak antolatzen duen Santio Txapelketarekin bat egingo du Antton Pebeten Omenezko honek, txapelketa askoz erakargarriago bati bide emanaz. «Santio txapelketaren izaera ez da aldatuko. Elite mailako pilotariek ez ezik, klubei gonbidapenak egiten jarraituko dugu eta horrela, txapelketaren azken fasera arte, txapelketa "onenetan" jokatzen ari ez diren pilotari horiek jokatuko dute. Eta ondoren, pilotari hauek "pilotari onenen" aurka jokatzeko aukera izango dute. Eta bertan, agian sorpresa asko ikusi ahalko ditugu, hau da, "onenekin" jokatzeko aukera ez duten pilotari horiek partida hauek irabazteko aukera izango dutelako, eta horrela, "onenekin" batera jokatzeko gai direla erakutsiko dute», azaldu dio NAIZi Behar Zanako kide Iñaki Lizasok.
Baina horren aurretik, aurten mimoz prestatu duten txapelketaz gozatzea dagokie Villabona eta inguruko pilotazeleei. Final laurdenetako lehen bi kanporaketak ostiral honetan jokatuko dira azken uneko zenbait aldaketekin; Landa-Elizegi / Elizalde-Oliden eta Urbieta II.a-E. Lizeaga / Azketa-Ugartemendia. Printzipioz, Murua-Alduntzin / E. Labaka-Erasun eta Arteaga II.a-Lizeaga eta Igoa-Aizpuruk osatuko dute lehen mailako parte hartzea duen lehiaketa.