Dena prest Durangoko Azokaren 57. ediziorako
Dagoeneko dena prest dago: asteazkenean, abenduaren 7an, irekiko ditu ateak Durangoko Azokaren 57. edizioak, ikasleei eskainitako goizarekin. Azoka presentzialarekin batera online denda ere martxan jarriko da.
Ez da ezer falta Durangoko Azokako 57. edizioa hasteko, eta muntaketa lanetan buru-belarri ari dira Landako Gunean, erakusmahaiak atontzen. Abenduaren 7tik 11ra antolatuko da aurten Durangoko Azoka, ohiko formatuarekin eta murrizketarik gabe, eta kulturzaleek 248 stand, 930 nobedade eta 270 kultur ekitaldi izango dituzte eskura, euskal kulturaren «eztandaz» gozatzeko.
Asteazkenean bertan martxan jarriko da Durangoko Azokako online denda. Landako guneko erakusmahaietan eskuratu ahal izango diren nobedadeak erosi ahal izango dira Azokako denda digitalean, abenduaren 7tik 10era arte.
Eta nola iritsi? Durangoko Azokak gonbita egin die bisitari guztiei garraio publikoa erabil dezaten Durangora etortzeko. Auto pribatua erabiltzekotan, Azokak martxan jarri du doako autobus-lanzadera zerbitzua. Autobus zerbitzu horrek Landako Gunea eta inguruko aparkalekuak lotuko ditu 20 minuturo, 10.30etik 20.00ak arte, eta martxan egongo da abenduaren 8tik 11ra arte. Dena den, Azokaren webgunean mota guztietako informazio praktikoa dago, autobus zerbitzuekin eta aparkalekuen kokapenekin.
Hasiera, Ikasle Goizarekin
Ikasle Goizarekin hasiko da aurtengo Azoka 10.30ean. Bi urteko hutsunearen ostean, milaka ikasle gerturatuko dira Euskal Herriko ikastetxeetatik. Azokak 1.500 ikaslerentzako tailerrak antolatu ditu: literakzioa, euskarazko websailak, antzerki sorkuntza... Lehenengo aldiz, gainera, hezitzaileentzako eskaintza ere antolatu du Azokak, hezkuntzarako baliabide digital libreen eta kultura eta hezkuntzaren inguruan.
Ikasleentzako tailerrak beteta dauden arren, Durangoko Azokarako sarrera librea izango da kulturzale guztientzat.
Ikasle Goiza amaitu eta gero, hasiko da ohiko egitaraua Azokako gune guztietan. Irudienean ‘DemaS.A.’ sortzaile amateurren arteko finala ospatuko da, 17.00etan. Saguganbaran Usue Egia durangarrarekin ilustrazio tailerra izango da, bera baita aurten Saguganbara dekoratzeaz arduratu den sortzailea. Kabi@n Euskal Herrian sortutako euskarazko zenbait plataforma ezagutuko ditugu: ‘2deo Laborategia’, ‘Frontoi’, ‘Memeka’, ‘Balea Funk", ‘Gernika 2037’ eta ‘Triklatua’.
Ahotsenea solasaldiak Musika Eskolan izango dira aurten ere, eta lehenengo egunean bertan hainbat sortzailek parte hartuko dute: Amaia Telleria, Kepa Iribar... 19.00etan ‘Kepa Junkera Berpiztu’ liburua aurkeztuko da. Eta disko aurkezpenen kasuan, Plateruenan bost eguneko musika maratoiari hasiera emango zaio: Olaia Inziarte, Maraca Diablo, Zakill, Sua, Bolbora... Eguna Goxua'n Salsa taldearen saltsa doinuekin eta Delirium Tremens talde ezagunaren zuzenekoarekin amaituko da.
Szenatokian, bestalde, Azokako hasiera ekitaldi ofiziala antolatuko da, 19.00etan. ‘DrunDA!’ izeneko ekitaldia Barrexerka taldeak gidatuko du eta bertan parte hartuko dute Gerediaga elkarteko eta Azokako babesle nagusietako ordezkariek.
Egunero bezala, Landako Guneko erakusmahaietan hainbat sortzaile euren azken lanak sinatzen egongo dira. Besteak beste, bertan izango ditugu Jakoba Errekondo, Saroa Bikandi, Igor Meltxor, Leire Milikua, Katixa Agirre eta Harkaitz Cano idazleak; edota Zea Mays, Zetak, Ilargi, ETS, Bulego, Gatibu, Rafa Rueda eta Ines Osinaga musikariak, beste askoren artean. Sinaduren ordutegia eta egitarau gaurkotua www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke.