INFO
Entrevista
Idurre Eskisabel Larrañaga
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria

«Euskaldun eta erdaldun antagonismoa faltsua da; auzia da nola egin euskara irisgarri»

Poz handiz hartu du Idurre Eskisabel Larrañagak Kontseiluaren lema. Zalantzak ere sortu zitzaizkion, «erantzukizun handia delako». Baina gogoak hartu zien gain, euskalgintza oso eremu inportantea iruditzen baitzaio «ez bakarrik hizkuntzen auziari begira, munduari begiratzeko eta eragiteko ere bai».

Idurre Eskisabel Larrañaga, Kontseiluko lemazain berria, NAIZekin elkarrizketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluaren lemazain berria da Idurre Eskisabel Larrañaga. Astearte honetan, Durangon, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian pasatu zion Paul Bilbao Sarriak lekukoa: altxor bizi bat. Mugarriak markatzen ditugu maiz data edo pertsona zehatzekin lotuta, «gustatu egiten zaigu gainera», baina beasaindarrak ez du horrela ikusten: «Euskalgintza ziklo aldaketa bat egiten ari da. Errealitate berriekin topatu da, gogoeta berriak egin ditu eta egiteko modu berriak ari da praktikan jartzen. Baina nire asmoa sakontzea da hutsetik hastea baino gehiago, interesgarriak iruditzen zaizkidan eta jada eginak dauden bide batzuetan», argitu du.

Badira hilabete batzuk proposamena jaso zuela. «Alde batetik poz handiz, niganako konfiantza bat adierazten duelako eta beti da eskergarria hori; bestalde, zalantza handiz hasieran, erantzukizun handia delako. Baina gogoak gain hartu zien zalantzei, euskalgintza oso eremu inportantea iruditzen baitzait ez bakarrik hizkuntzen auziari begira, munduari begiratzeko, hartaz pentsatzeko eta eragiteko ere bai».

1970ean jaioa, Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da. Kazetaritzan ibilbide luzea du, ‘Euskaldunon Egunkaria’-n eta ‘Berria’-n egin zuen lan, Andoaingo Martin Ugalden, eta Leioako Unibertsitatean irakasle ibili ondotik bertara itzuli da, oraingoan Kontseiluaren bulegora. Bitxia eta ederra izan da orduko jendearekin berriro topatzea. Hantxe hartu gaitu, inguru ezagunean kokatutako lantoki berrian.

Zer ari zara jasotzen Paul Bilbaorengandik?

Lehenik eta behin, niganako konfiantza handia, eta halako erronka bati aurre egiteko oso eskertzekoa da hori. Trantsizioan ere konfiantzaz jarduteko eremu bat ari zait eskaintzen, eta gero berak dauzkan gauza on asko: ezagutza handia euskalgintzaren, hizkuntza praktiken eta soziolinguistikaren gainean, esperientzia handia ere bai, eta gogoa.  Aurrekoarengandik grina hori jasotzea, pasio hori bizirik dagoela sentitzea inportantea da.

Zure bizi ibilbidean beti euskalgintzan edo honi lotua kokatu zara.

Umetatik. Etxean zerbait izan badira euskaltzaleak izan dira, hori eman digute eta hori jaso dugu familian eta lehenbiziko sozializazio eremu zabalagoan, ikastolan, herrian. Lan jardunean ere euskarazko kazetaritzan aritu naiz, ez bakarrik lantoki moduan bizimodu bezala ere oso inportanteak izan diren ‘Euskaldunon Egunkaria’-n, eta hura indarrez itxi zutenean, ‘Berria’-n. Gero unibertsitatera joan nintzen eskolak ematera, baina hor ere nire burua kokatu dut euskalgintzan. Irakaskuntza beti da transmisioa eta ikasleekin izan dudan hartu-eman horretan hizkuntzaren auzia beti hor jarri dut kazetaritzari buruzko eginkizunak proposatu dizkiedanean, sexu-genero sistemaren auzia jarri dudan bezala.

Unibertsitateko ikerketa arloan soziolinguistikaren inguruan aritu naiz, eta hizkuntza eta generoa gurutzatzen diren eremuetan ere bai. Eta aktibismotik, azken urteetan euskalgintza eta feminismoaren arteko elkarguneak non egon daitezkeen aztertzen, jasotzen eta idazten ere aritu naiz Lorea Agirrerekin batera.

 

Sare komunitarioak ehuntzea oso inportantea da eta hizkuntza gutxituek, menderatuek badaukagu gaitasun berezi bat komunitate horiek josteko. Trukean komunitateak eta aingurak eman ditzakegu.



Nola ikusi duzu Kontseilua bere ibilbidean?

Garaian garaiari erantzuten. Erabat interesgarria iruditzen zait euskalgintzan aritzen diren eragile asko eta diferente horiek elkargune bat edukitzea, gune bat egotea non euskararen biziberritzea izango den ardatz nagusia. Kontseiluak bokazio hori, funtzio hori bete du 25 urtez. Ez da ibilbide laburra eta gainera urte oso biziak izan dira, aldaketa handikoak. Duela 25 urte Euskal Herria zer zen soziopolitikoki, hizkuntza auziari lotuta non geunden, gaur egun zein den konfigurazio soziopolitikoa eta euskararen biziberritzean zein erronka ditugun, Kontseilua beti sumatzen dut horiei erantzuteko ahaleginean.

Gaur egungo euskararen egoeraren zein diagnostiko egiten duzu?

Ez da erraza diagnostiko zehatz bat egitea. Baina esango nuke batetik erronkak oso handiak iruditzen zaizkidala. Hiru jokaleku dauzkagu Euskal Herrian arlo juridiko eta politikoan: EAEn euskarak badu ofizialtasun aitortua behintzat eta baditu Gobernutik egiten diren sustapen batzuk eta gutxieneko araugintza bat. Nafarroan zonifikazioak euskararen benetako esparrutik kanpo uzten ditu nafar asko eta haien artean sortzen du lehendabiziko desberdintasuna eta injustizia. Ipar Euskal Herrian, nahiz eta azken aldiko instituzionalizazioaren bidez lurraldean bertan borondateak eta aurrera urrats batzuk ikusten diren Frantziak hor segitzen du, legediaren bidez trabatzen.

Ez daukagu erraza eta jokaleku onena dugunean ere, EAEn, jendartean kontsentsuatutako araugintza hori ezartzeko ere zailtasunak daude askotan, ikusten ari gara botere judiziala zer nolako epaiak ematen ari den hizkuntz eskakizunen gaian. Batetik, epai horiek egiten duten kalte zehatza dago eta bestetik horien bidez jendartean zer ulertzen den direla hizkuntz eskakizunak; diskurtsoa itzulikatu egiten da eta balirudike hizkuntz eskakizunak herritarren eskubideak bermatzeko baino batzuk bazterrean uzteko daudela.

Horrekin lotuta, zailtasunak daudenez sustapen eta biziberritze politika horiek behar bezala egiteko, EAEn ere ez gara iristen ezagutzaren unibertsalizaziora, eta euskararen erabilerarako eremu erosoak sortzera ere nekez. Gero harritu egiten gara erabilera datuekin baina hori da daukagun egoera. Ez zaigu hain arrotza egiten hori.

Horrekin batera, belaunaldi berriek hizkuntzarekin duten harremana aldatzen ari da, eta horrek kezka handia sortzen dit. Gure belaunaldikoak hizkuntza batean edo bitan ainguratutako pertsonak gara, baina bizitzaren teknologizazioaren ondorioz, belaunaldi berrientzat ingelesa funtzionala da eguneroko bizimoduan, benetan gorpuzten zaie. Gurea bezalako hizkuntza gutxitu, menderatu batek jokaleku zaila dauka baldin eta ez badugu ondo pentsatzen nola indartu eta ez baditugu bideak jartzen horretarako.

 

Idurre Eskisabel Larrañaga, bere lan mahaian. (Andoni CANELLADA/FOKU)



Nire diagnostikoa ez da oso pozgarria, baina horri kontrajarriko nioke iruditzen zaidala gaur egungo jendartean sare komunitarioak ehuntzea oso inportantea dela eta gero eta jende gehiago ari dela jabetzen komunitatearen premia horretaz. Hizkuntza gutxituek, menderatuek badaukagu gaitasun berezi bat komunitate horiek josteko. Trukean komunitateak eta aingurak eman ditzakegu.

 

«Gure bizitza euskaraz egin nahi dugunok ez gara egoera horretan gauden bakarrak, justizia edo kohesio sozialean gehiago sakontzeko premian, gure biziak bizigarriago egiteko. Bat egin dezagun».



Pertsona egokia izan zaitezke horretarako, arlo ezberdinak jorratu dituzulako zure ibilbidean.

Fokua ez nuke hainbeste nigan jarriko. Iruditzen zait egon dela euskalgintzaren eta Kontseiluaren barruan gogoeta bat ondorio horretara iristen dena: euskaltzaletasunaren oinarriak zabaltzeko premia. Oso inportantea da euskalgintzatik haragoko aliantzak bilatzea eta horiek lantzea. Etorkizuna izatekotan adostasun eta zabaltze sozial horretatik etorriko da. Ez da zehazki orain hasiko den zerbait. Euskalgintzak azken urteetan egina du gogoeta hori. Eta hurbilpena izan behar du gainera kohesio eta justizia sozialaren ikuspegitik. Euskararen biziberritze prozesua eraldaketa sozialeko prozesu bat da eta hor egun indarrean dauden botere harreman batzuk jartzen dira auzitan. Horrekin batera pribilejioen birbanaketa baten eskaera ere badago. Baina, jakina, gure bizitza euskaraz egin nahi dugunok edo gure burua euskaraz ardazten dugunok ez gara egoera horretan gauden bakarrak, justizia edo kohesio sozialean gehiago sakontzeko premian, gure biziak bizigarriago egiteko. Inportantea hori da, beste eraldatze prozesu batzuetan eta justizia sozialetan sakontzeko prozesuetan dauden kolektibo, talde, norbanakoengana hurbiltzea eta horiekin bat egitea.

Askotan ez gara konturatzen ertzetan dauden talde horietan ere hizkuntzen auziak zer garrantzia daukan. Gure buru eskemetan askotan horrela ikusten dugu: hizkuntzarekin daukagun auzi bakarra da Euskal Herriko eremuan hiru hizkuntza nagusi daudela, bi hegemonikoak, gaztelania eta frantsesa, eta hor gaudela euskaldunak biziberritze prozesu bat aurrera eraman nahian.

Antagonismoa sortzen da euskaldun eta erdaldunen artean. Borroka edo talka hor kokatzen da. Baina askotan ez gara jabetzen hizkuntza hegemoniko horiek bestelako zer menderakuntza prozesu sortzen dituzten beren baitan ere. Hizkuntza hegemonikoek kapital kultural bat banatzen dute baina ez da gauza bera langile klaseko jendeak darabilen hizkera, nahiz eta gaztelania izan, edo goi mailako erreferentzia zirkuluetan erabiltzen dena. Hor botere harreman bat dago eta jende asko sentitzen da hizkuntzaz desjabetua, baita horrek eman diezazukeen kapital guztiaz ere, zure gaztelania ez delako aski maila altukoa. Hizkuntzek beti dauzkate bezatze eta dominazio logikak. Klasea ere asko zeharkatzen dute.

 

«Jende asko dator ez gaztelania eta ez frantsesa jakin gabe eta hizkuntzarekin lotutako beste azpiratze prozesu bat bizi dute. Euskarak badu zer partekatu eta zertan aberastu ertz horiek kapital kultural eta sinbolikoz».

 

Migranteen kasuan, latinoamerikarrek beharbada errazago dute Hego Euskal Herrian, edo Frantziaren kolonietatik datozenek Ipar Euskal Herrian, badute hizkuntza minimo bat, baina haien hizkuntzak ez dira estandarrak, eta gero, jende asko dator ez gaztelania eta ez frantsesa jakin gabe eta eurek ere bizi dute hizkuntzarekin lotutako beste azpiratze prozesu bat. Azkenean kapital kultural eta sinboliko handia ematen digun zerbait da. Euskarak ere badauka zer partekatu eta zertan aberastu ertz horiek kapital kultural eta sinbolikoz. Truke hori nola bilatu da asmatu behar dena.

Bai, hasieran azaldu duzun eskema hori, bi hizkuntza hegemoniko eta gu, zaharra delako.

Eta faltsua. Gure kontra bihurtzen da, kontua ez da euskaldun eta erdaldunen antagonismoa, baizik eta nola egin, hasteko, euskara denentzako irisgarri izan dadin. Antagonismoa bi zentzuetan izan daiteke, euskaldun askoren bizipenean badago ziur aski gaztelaniarekin edo frantsesarekin haserre bat hain zuzen ere behartuak izan direlako, garelako beste hizkuntza batez jabetzera eta gainera muda prozesu horretan gutxietsiak, lotsatuak, eta lehen aipatzen genuen kapital kultural eta sinbolikorik gabe bizi izan direlako, garelako. Baina horren zailtasuna ez da beste erdaldunekin edo euskaraz ez dakitenekin. Goazen menderakuntza dinamikak diagnostikatzera eta irtenbideak zeintzuk diren ikustera.

Antagonismoaz ari zinela, Euskaraldian Gemma Sangines hiztunen ahalduntzean adituak aipatzen zidanaz oroitu naiz. Zuri edo beltz ikusten dugula zioen, edo badakizu edo ez dakizu euskaraz, baina ez dela hala, has zaitezke agurrekin eta poliki-poliki erabilera handitu.

Jarrera bat dela uste dut. Asko aipatzen da euskaldun berdin euskaraz dakiena definizio hori aldatu beharko litzatekeela eta euskaltzale esaten diogun horretara eraman. Nahiz eta euskaraz eroso edo noranahiko ez ibili jarrera proaktibo bat daukana litzateke, ahal duen tokian erabiliko duena eta, niretzat inportanteagoa dena, euskara nagusitzen den eremuetan pazientzia izango duena. Hau da, ez duena eragotziko eremu horretan euskara izan dadin nagusi, itxoingo duena xuxurlariak esplika diezaion. Hau izango litzateke gutako gehienok ez dakigun hizkuntza hegemoniko baten aurrean daukagun jarrera, ni baldin banoa Suedira eta suedieraz ez badakit, dagokidana da ahalik eta adien egon eta ahalegina egitea ulertzeko, adierazteko eta jasotzeko. Formulak asko dira.

Jardunaldi batzuk egin berri ditu Mondragon Unibertsitateak Eskoriatzan. Bertan Zaldibiako esperientzia azaldu dute, eskolan bilerak egiten ari dira euskara dakiten eta ez dakiten gurasoekin batera, telegrameko kanal baten aldibereko itzulpena baliatuz.

Hendaiako ikastolan beti ezagutu dut sistema hori [bertan bizi da Eskisabel]: bilerak elkarrekin egiten dira, hizkuntza ardatza euskara da eta xuxurlari bat edo gehiago daude frantsesez eta beste batzuk gaztelaniaz. Mugimendu feministak ere asko baliatzen du bileretan xuxurlarien sistema. Egia da pazientzia eskatzen duela eta batzuetan ez gaude pazientziara ohituak. Ariketa bat eskatzen du, hizkuntzaren aldeko jarrera bat, eta onartzea adituko duzun hizkuntza nagusia ez dela zuk ulertuko duzuna: bigarren leku batean zaude, ez zaude guztia kontrolatzen duen tokian. Elkarbizitza hori ere bada.

 

«Asko aipatzen da euskaldun berdin euskaraz dakiena definizio hori aldatu beharko litzatekeela eta euskaltzale esaten diogun horretara eraman. Jarrera proaktibo bat daukana litzateke, pazientzia izango duena»



Kike Amonarrizek aipatzen zidan Topagunean lantzen ari diren gaien artean beharbada zailena dela etorri berriena. Kontseiluan ere antzera bizi duzue?

Batuz Aldatu dinamikan sakontzearen bokazioetako bat da euskaratik urrunen edo gure jendartean ertzean egon daitekeen jendearengana iristea, aliantzak egiteko gogoa eta ezinbestekotasuna Kontseiluak oso bere egina dauka.

Gero batzuetan niri sortzen zaidan zalantza da euskalgintzatik egiten dugun diskurtsoan ez ote dugun euskararen etorkizun kaskarraren pisua migranteengan jartzen, gainera bi noranzkoetan, galera haiengandik baletor bezala eta bestetik euskararen bidez migranteei zama baztertzaileago bat ezarriko bagenie bezala. Ez dut uste egia denik ez bat ez bestea. Nik uste dut Euskal Herrian azken urteetako migranteekin baino askoz lehenagoko arazoa daukagula bai ezagutzari eta bai erabilerari lotuta. Hori pentsatu beharko genuke.

Horrek ez du esan nahi migrazio mugimendu horiek gertatzen ari ez direnik eta horiei harrera egiteko behar bezala prestatuta egon behar ez dugunik. Hor arazo bat daukagu, momentu honetan ez daukagulako eskumenik migrante horiei euskarara harrera behar bezala egiteko. Hau da, ez daukagu estatu politikarik harrera hori behar bezala egiteko.

Kontseiluaren eta Batuz Aldaturen zentroetako bat euskararen unibertsalizazioa da eta ezagutzaren unibertsalizazio horretan sartzen da euskal herritar guztiei euskararako irisbidea ematea. Berdin da zer adinekoak diren, jatorria nongoa duten. Euskalgintzak indar bat egin behar du hor, indar handi bat egin behar du sozializazioan, adieraztean zer gertatzen den hemen hizkuntzarekin, zein den gure hizkuntzaren historia soziala, hori transmititzen, abegikortasunez eramaten, jabetzen ere bai transmisio horren garrantziaz ez bakarrik gure baitarako gure ertzean ikusten ditugunenganako ere bai. Baina benetan eragiteko politika publiko indartsuak behar dira arlo horretan.