INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Dantza eta antzerki artean, erromatarrek Pompaelo hartu dute AHTaren aurka protesta egiteko

AHTaren dirua gastu sozialetara bideratzea exijitzeko manifestazioa antolatu du larunbat honetan Iruñean Orain ArduraK. Azpiegituraren obretan castellum erromatar baten aztarnak topatu zituzten ekainean, eta gertakari hori baliatuz, performance, dantza, antzerkia eta mozorroak ez dira falta izan.


Joan den abuztuan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan castellum erromatar baten aztarnak topatu zituzten, Tafallan. Lehen aldiz, Nafarroako Gobernuak abiadura handiko bideek aztarnategia ez suntsitzeko agindua eman zuen. Adifek tunel bat egitea proposatu du gaztelua gainean gera dadin. AHTaren obrek ondare arkeologikoan eginiko kalteak oinarri hartuta, azpiegituraren aurkako manifestazioa antolatu dute larunbat honetan Iruñean Alejandro Angosto eta Pluvio Cesareoen izpirituek.

Izan ere, ekainaren 14an, kolpeek, oihuek eta zaratek erromatar soldaduen izpirituak esnatu zituzten 2.000 urte inguru dituen gazteluan, eta ordutik suntsiketaren eta 40 gradutan hamar ordu baino gehiagoz lan egiten zuten esklabuen lekuko izan dira Alejandro Angosto eta Pluvio Cesareo. Azkenean, eraiki nahi duten hori zer den asmatu zutela diote: «AHT deitzen zioten, baina hori zer den guk ongi ez dakigunez, berezko hipotesia dugu: elefante erraldoi baten supositorioa dirudi tramankulu txuri luzea».

AHTaren aurkako manifestazioa, Iruñeko kaleetan zehar. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ildo horretan, Orain Ardura plataformako kideek, erromatarrez jantzita eta kartoizko elefante zuri bat buru zutela, AHTaren aurkako mobilizazioa egin dute Iruñean. Performance, dantza, antzerkia eta mozorroak ez dira falta izan AHTaren dirua gastu sozialetara bidera dadila eskatzeko.

Nafarroako Jauregian hasi den manifestazioan, ‘Herriak bizirik, AHTrik ez’, ‘El dinero del TAV para gasto social’ edo ‘Tenéis el corazón lleno de hormigón’ bezalako aldarriak oihukatu dituzte manifestariek. Foruen Plazan amaitu da ibilbidea, eta bertan antzerkia egin dute, non Cesar Handia eta Cleopatrata Ahalguztiduna protagonistak izan diren.

Amaieran, Orain ardurako kideek hurrengoa nabarmendu dute: «Gu gaur trufatu gara gure agintariez, baina beraiek egunero egiten dute barre gutaz: langileon zergen kopuru handia erabiltzen dute ezertarako balioko ez duen azpiegitura erraldoi eta suntsitzailea eraikitzeko, gehienon bizi baldintzak okertzen dituzten bitartean».

Hala, salatu dute kultura, osasuna, zerbitzu sozialak eta lan baldintzak hobetzera bideratu beharko liratekeen «langileon izerdiaren dirua» elefante txuria, hau da, AHT elikatzera doala. «Nafarroan 71 milioi euro izan dira, langabezian eta etxegabe gelditzeko arriskua dagoen bitartean. Ez al da hau gutaz aurpegira barre egitea?».

Foruen Plazan eginiko antzerkia, AHTaren lanak gelditzea eskatzeko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«Erromatarrek lan esklaboa baliatu zuten galtzadak eraikitzeko eta baskoien lurretako urrea eta zilarra meatzetatik erausteko. Erromako Inperioa zabaltzeko behar zuten guzti hori. Dena zen zilegi, zibilizazioaren izenean», azaldu dute. Paralelismo bat eginez, langileak gaur egun «enpresa eraikitzaileen, multinazionalen eta agintari politikoen inperioaren menpe» bizi direla salatu dute, eta «zibilizazio» hitza ordez «aurrerapena» erabiltzen dutela.

Zentzu horretan, Nafarroan eraikitzen ari diren AHTaren lanetara joateko gonbita egin dute: «Bertan ikusiko duzue zenbat hektarea lur mugitzen, okupatzen, antzutzen eta basamortutzen dituzten. Eta kalte hau ez da bakarra; izan ere, nafar ubideek, makro etxaldeek, parke eolikoek eta fotoboltaikoek kaltetzen dute lurra, ura eta airea».

Horrela, «inperio kapitalistarentzat ona dena, bizidun gehienontzat txarra» dela salatu dute, baina azpimarratu dutenez, «ez dute lortuko». «Gaur eman dugun pausp bakoitza bizitzaren alde eta belaunaldi gazteek beharrezko duten natura eder eta bioanitzaren alde eman dugu. Jarrai dezagun bide honetan elkarrekin AHTa bezalako bidegabekeriak desagertarazi arte».