INFO

Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroak «kezka handia» sortu du kultur eragileengan

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege Berriaren zirriborroak sortu dien «kezka handia» adierazi dute Azokan kultur eragileek. Testu horrek «ez du  bermatzen euskal kultura zehar-lerro izatea», ohartarazi dutenez, eta Hezkuntza sailari proposamen zehatzak egingo dizkietela aipatu dute.

Durangoko Azokan kulturgintzako hainbat eragilek egindako agerraldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Durangoko Azokako plaza aukeratu dute euskal kulturako hainbat eragilek Hezkuntza Legea-aurreproiektuaren zirriborroaren hainbat alderdik eragin dieten kezkak azaltzeko. «Euskal kultura transmisioaren begiradatik» egindako irakurketa kritikoa egin nahi izan dute.

Gaur goizean egindako agerraldian adostutako testu bat irakurri dute Imanol Epeldek eta Katixa Agirrek, irakasle eta sortzaileak biak, sinatzaileen izenean. Plateruena eta Landako gunearen arteko plazan aurpegi ezagun asko ikusi ahal izango dira hausnarketa hau sinatu duten erakunde eta elkarteen ordezkarien artean: Ahotsenea, Dantzan, Elkar Fundazioa, Euskal Editoreen Elkartea (EE), Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Herriko Trikitixa elkartea, EuskalPEN, Galtzagorri, Hik Hasi, Ibaia, Jakin, Lanartea, Musikari, Musika Bulegoa eta Xabiroi sinatu dute, besteak beste.

Lau puntu, lau kezka

Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroak «ez du bermatzen euskal kultura zehar-lerro izatea, ez oinarrizko hezkuntzan, ez beste hezkuntza eremu batzuetan ere», aipatu dutenez. Aurreratu dute, era berean, kulturaren transmisioa bermatzeko oinarriak ezartzeko bidean, proposamen zehatzak egiteko asmoa dutela. Jada dokumentu batean bildurik dituzte eta Hezkuntza sailari igorriko dizkiote.

Zehazki, zirriborro honetan «kezka handia» eragin dieten lau puntu aipatzen dituzte. Bat: testuak «ez du kokatzen kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa funtsezko adartzat eta jakingaitzat».

Bigarren kezka bat: zirriborroan «testuinguru eta kokapen orokorra egiten denean, ez dago euskararen eta bere kulturaren egoera diglosikoaren inguruko aipurik».

«Helburuetan ez dago euskal kulturari espresuko uztarturikorik», aipatzen dutenez hirugarren kezka gisa.

Beraz, laugarren puntuan jasotzen dutenez, «ez dago euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzeko erakunde, organo edo funtzio iraunkorrik».

Oinarrizko zutabeak

Kultur eragileek gogorarazi nahi izan dute kultur hezkuntza edo hezkuntza artistikoa diziplina eta jardun eraginkorrenetariko bat dela «pentsamendu sortzailea elikatzeko, pentsamendu kritikoa sustatzeko, nortasunaren garapenean laguntzeko, gizarte-kohesioan urratsak egiteko, kulturartekotasuna lantzeko, komunitatea(k) eraikitzeko».

Beraz, euskara eta bere kultura «bereiziezinak» direla nabarmendu dute eta zera aldarrikatu dute: «Euskara ez da normalizatuko euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsurik gabe». Beraz, aipatutako ‘ekosistema’ hori osasuntsu bizi dadin ezinbestekotzat jo dute euskararen normalizazioa.

«Hezkuntza arautua euskarazko ekosistemaren ezinbesteko eragile da, beste hainbat eragilerekin elkarlanean jardun behar duena, elkar elikatzeko (sortzaile, antolatzaile-bitartekari, hedabide, hezkuntza arauturik kanpoko hezitzaile eta zaleekin batera», aipatu dute Landakoren aurrean.

Horregatik, derrigorrezko «Bigarren Hezkuntza prozesuaren amaieran euskaldun oso izango diren ikasleak hezi nahi baditugu», ezinbestekoa da «euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea»

Haien esanetan, «euskarazko kulturgintzaren transmisioa euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina irakastearekin batera, kultur adierazpide ugariren praktikan trebatzea da, eta euskaraz sortzeko grina trasmitizea».

Zabaldu duten prozesu honetan, kultur eragile hauek bide honetan eragin nahi duten gainerako kultur eta hezkuntza kolektiboei beraiekin harremanetan jartzeko deitu egin diete, «guztion artean ahalik eta proposamen osatuena eta adostuena egiteko».

Atxikimenduak transmisioakultursorkuntzagmail.com helbidean egin daitezkeela aipatu dute.

Ipar Euskal herriko eta Nafarroako curriculumei eta hezkuntza gatazkei heltzeko ere saretzen ari dira.