INFO

Gozo hartu ditu sortzaileak zein bisitariak Landako Guneak

Osteguneko jende pilaketarik gabe, korridoreetan zehar lasai eta gustura ibiltzeko eguna izan da larunbatekoa euskal kulturgintzaren plazan. Orain arte bizi izandakoarekin pozik agertu dira sortzaileak.

Leire Bilbao, Irati Jimenez, Uxue Apaolaza eta Maite Mutuberria gaurko solasaldian. Jon Martin aritu da moderatzaile lanetan. (Aritz Loiola | FOKU)

Ostegunean lehertu zen Gerediaga Elkarteak aurtego ediziorako iragarritako eztanda. Ostiralean bisitariek modu erosoan ibili ahal izan zuten Landako Guneko korridoreetan eta larunbat honetan ere polita doa eguna. Kanpoan hotz baina barruan epel. Kulturzaleek gogoz hartu dute hitzordua eta, sortzaileak, gustura.

«Osteguna izan zen aurtengo egunik onena, zaila izango da berdintzea. Ostiralean jende gutxiago ibili zen, Azokako ohiko gora-beherak bisitariei dagokienean», esan dio NAIZi Harkaitz Canok.

«Bizirik al hago?» da ezagun askok Zart! kolektiboaren salmahaian ikusi eta egin dioten lehen galdera. Izan ere, Korima Films-ek NAIZ Irratiarentzat ekoitzitako ‘LabankaDA!’ podcasta ari da zeresana ematen Azokan. Irri egin du Harkaitz Canok. «Nik lasaitu handia hartu dut hilik nagoela jakitean», kontatu digu, hain berea duen umore finarekin.

Sortzaileek asko eskertzen dute euren jarraitzaileengandik jasotzen duten feed-backa. «Klima sortzen da. Egia da berritasunekin funtzionatzen duela Azokak baina ordu asko pasatzen badituzu ikusten duzu badagoela aurreko urteetako argitalpenak ere berreskuratzen dituenik. Oharkabean pasa zitzaien hura, eguneroko presaren eraginez hedabideek jaso ez zuten beste hura... Zirrikitu hori egotea polita da. Idazle batekin irakurleak konbertsazioa izan nahi badu onena azken liburua ez, aurrekoa erostea da. Harridura sortzen du idazlearengan eta hasiera ona da...», esan du.

Piti Imaz eta Aiora Renteria aurkitu ditugu Zea Maysen standean. Gustura, zaleei diskoak sinatzen. «Pozik gaude, polita da jarraitzaileak ezagutzea. Zein kontzertuetan egon ziren kontatzen digute, harremana polita da», diote.

«Ostegunean sekulakoa izan zen, ‘igandera iritsiko gara?’ galdetu genion geure buruari, aitortu du Pitik barre artean.

Musikaren Plazaren ekimena positibotzat jo dute biek. «Talderen bat geratu da kanpoan baina ideia ona da. Ea lortzen den denak batzea», esan dute.

Taldekideen arteko harremana sortzen lagundu duen galdetuta, «beti izan dugu», diote. «Goiz eta arratsalde gaude standean eta eguna amaitzean elkartzen gara Palentino tabernan ala Ahotsenean, hori ere inportantea da», adierazi du Pitik.

Salmentarekin pozik daude Zea Mayseko taldekideak. Pello Reparaz ere bai. Lau laguneko neska koadrillari Zetak-en diskoa eta posterra sinatzen aurkitu dugu. Mimoz pentsatzen ditu autografoarekin batera idazten dizkien hitzak. Asko dira atzetik ilaran zain daudenak. «Bertan egongo da Azokak irauten duen egunetan. Azken urteotan ikusi ez ditugun irudiak ari gara ikusten. Goizetik Landako beteta, gazte jende asko, euskaraz inguratuta... ederra da», adierazi du.

Musikaren Plazak «kontzeptualki zentzua ematen dio» bere esanetan. Ondo islatzen du grafikoki hemen gertatzen den hori. Zalegoarekin bat egiteaz gain artistok geure aurtean ere egiten dugu bat. Ni neu asko aberastu nau. 10-12 urte daramatzat hona etortzen. Adibidez, parean dut Mikel Urdangarin eta Azokari esker egin dut berarein harremana; asko ikasi dut».

Pena bat du. «Urteak aurrera doaz eta ezin lehen bezala parranda egin, ordubete lo egin eta berriz hona bueltatu. Lo egitea behar dugu, pixka bat irten baina aurten lotara joateko hautua egin dut egunero», dio irribarretsu. Salmentari dagokionez gustura agertu da.

Euskadi literatur saridunak

Euskal literaturaren nazioartekotzea gaia ardatz hartuta Leire Bilbao, Irati Jimenez, Uxue Apaolaza eta Maite Mutuberria aritu dira solasean Talaian. Laurek eskuratu dute literaturako Euskadi Sari bana aurten.

‘Hitza gailentzen zaio irudiari Azokaren mikromunduan. Baina orohar munduan irudia nagusitzen zaio hitzari. Literaturak ze funtzio gaur egungo jendartean?’, jarri die gaia Jon Martin bertsolariak. 

Garai batean norbanakoa sozializatzeko eta hezitzeko bide ematen zuen literaturgintzak. Irati Jimenezen ustez ez da askorik aldatu. «Balioaren zentzu hertsia ote dugun nago. Garbi dago balio duela zerbaiterako, bestela ez legoke bizirik», erantzun dio Jimenezek galdera nagusiari.

«Irakurtzearen plazeretariko bat da zuk sentitzen duzuna horrela dela ikustea, nahiz ez diozun inoiz hitzik jarri. Errealitatea gardendu egiten da. Horrekin batera, konpainia egiten dizu eta beste bizitzak bizitzen dituzu. Enpatia ariketa ere bada, beste emozioak bizitzen dituzu», jarraitu du.

Literaturak konpainia egiten digunarekin bat dator Apaolaza. Harago joan da. «Ezin egokitua sentitzen duzunean, bizitza pisutsua edo aspergarria izaten hasten denean... nerabea apalategian konplizeen bila irudikatzen dut. Nire kasuan hala izan da, konplizeak literaturan izan ditut, batzuetan bizitzari aurre egin ezin diozunean. Identifikaziotik baino enpatiatik. Ulertua ez izateko beldurrez bizi izan naiz beti eta horregatik idazten dut. Mundua zabaltzearekin ere badu lotura, jakinminerako eremu ere bada».

Bilbaok haur literatura klasikoak hartu ditu gogoan, haien helburu moralizatzailea. Horren aurrean mundu berriak eraikitzeko espazioa dela sinestea da literatura berarentzat. «Niretzat aske izateko eremua da literatura. Beste errealitate posibleak asmatzea, mundu paraleloak, eta era merke eta sinplean, gainera; nahikoa dira boligrafoa eta papera edo ordenagailua».

«Fikzioa ez da egia baina bai egiarako espazioa. Hor aurkitu ditut egiak», solasaldian entzun den beste ideietariko bat. «Gezurraren bidez egia azaleratzearen funtzioa» nabarmendu du Jimenezek.

Mutuberriaren esanetan orain nabarmena da literaturan denari balioa eta funtzioa bilatzeko nahia. «Lehen moraltasuna zegoen baina baita askatsuna ere irakurleari pentsatzen uzteko».

Literatur sistema izan dute jarraian hizpide. Idazle kategoria mistikaz jantzia dagoenaren ustea du Jimenezek. «Errua idazleena da eta ez dakit mesederik egiten dion. Idazlea dela eta idazten ari dela pentsatuz gero urduri jartzen da bat eta interferentziaz bete burua. Bere buruari ‘zer nahiko nuke irakurri?’ galdetuta hobeto idazten da».

Hemen publikotasuna lortzen duzu herri txikia garelako. «Kariño handia zaio literaturari eta garrantzia handiegia ere ematen zaigu, kasu gehiegi egiten zaigu», esan du. «Kariñoa bai, baina hostia ederrak ere jasotzen ditugu», bota du Apaolazak ondotik. 

«Azken hau da lburu bakarra nahiko lasai nabilena. Beste bi kasuetan argitaratu eta ezkutatu egin nuen nire burua. Esan nezake sistematik kanpo nagoela, baina Euskadi Saridun batek esan dezake hori?», utzi du airean.

Bilbaok baserritarrarekin alderatu du Azokara datorren idazlea. «Atzo Azokan batek esan zidan supermerkatuan baserritarra bezala, azkenengoa dela idazlea. Bere produktuak daramatza bertara baina jasotzen duen portzentaia txikia da. Eta hala ere baserritar emakumea izateaz harro, bestela ez daukagu ez porrurik, ez letxugarik... Lan handia dago atzean: hazia erein, lurra landu, produktua ekarri... eta ez dakizu gustatuko zaien. Idazlea ere katean azkenekoa eta oinarrizkoa da literatur sisteman».