INFO

«Uste dut garai hartako Gabriel Aresti osabarekin elkartuko zela euskaragatik»

Hogei bat urte luze izan ditu etxean, gordeta, Marivi Gaubekak gaur arte ezezagunak izan diren Gabriel Arestiren bi poemok. Bilboko poetaren gaztaroko bi sonetoren berri eman zuen ostiralean Jon Kortazar katedratikoak. Eta NAIZek Marivi Gaubekarekin hitz egin du.

Marivi Gaubekak familiaren oroitzapenak eta paperak gorde ditu. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gaztelaniaz 1953ko otsailean, 19 urte zituenean, Gabriel Arestik idatzitako poemok Bilboko idazleari ezagutzen zaizkion lehen lanak dira. Honen berri aurreratu zuen ostiralean NAIZek, baina agerpen honen atzean beste istorio bat dago, gorde dituen emakumearena eta familiarena.

Hogei bat urte luze izan ditu etxean, gordeta, Marivi Gaubekak bi poemok. 1999. urtean, familiaren Larrabetzuko Loroño Erdikoa armairuetan eta tiraderetan arakatu zituenean aurkitu zituen argazki, paper, gutun eta liburu zaharrak poltsara bota zituen. Baserri askotan gertatu den legez, bakarrik bizi zen Antonino osaba ezkongabea hil zenean, lur eta landa haiek ezin inork bere gain hartu eta oinordekoak saltzeko hautua hartu zuen.

Marivik poltsan gorde zituen gauzen artean eskolako erlijio liburu bat zegoen (“Religión, segundo curso”); barnean, eta orduan ez zen ohartu, bi poema. Etxeko armairu batean, amonak brodatutako eta estreinatu gabeko sukaldeko zapien gainean, txukun-txukun, gorde zituen baserritik erreskatu ahal izan zituen paperok.

«Hau burutik jota dago!»

Baserria hustu berritan, eta hilabete pasatu zenean, atera zituen. Lezaman apaiza izan zen osabaren oroimenak –‘tio B’ deitu behar zion, bigarren osaba zelako–, osaba zaindu zuen izeba ezkongabearen gutunak...  Familiaren memoriaren zaindaria da Marivi. Idelfonso eta Tomasa aitona-amonen familia-liburua, osabaren NANa, gutunak...

«Esan nion nire buruari: ‘Ikus dezagun zer dagoen hemen’. Ikusi nuena harritu ninduen, ez zitzaidalako iruditu osabarekin [Jose Ignazio Gaubeka, Zornotzan hil zen, 2016an] bat zetozenik. Lehenengo irakurri eta ‘zein arraroa den hau!’ esan nion nire buruari, eta gero izena ikusi nuenean... Nire osaba euskaldun peto-petoa zen eta nik uste dut garai hartako Gabriel osabarekin elkartuko zela euskaragatik, Gabrielek orduan euskaraz ez zekielako [ordurako ikasten ari zen, argitzen du Jon Kortazarrek]. Liburuaren gaiak interesa sortzen ez ziolako, osabari oparituko zion. ‘Hain katolikoa zarenez, hemen duzu liburua’, edo horrelako zerbait izango zen».

Bilboko Escuela de Altos Estudios Mercantiles deiturikoan ikasle izan zenean idatzi zituen Gabriel Arestik bi poema hauek. 1953an ‘profesor mercantil’ izatea lortu zuenean idatzi zituen, zehazki, 19 urte zituenean, eta eskolako bere erlijio liburuan ahaztuta utzi zituen. Erlijio liburua Jose Ignazio Gaubeka eskola kideari utzi zion; hain zuzen ere, Marivi Gaubekaren osabari. Liburuaren hasieran esaldi esanguratsua: «Por razones ajenas a su voluntad y durante el periodo escolar 1952-1953 pertenece este libro a Gabriel M. Aresti Segurola».

Gabriel Arestiren poemak Jon Kortazarren mugikorrean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Gabriel Arestiren poemak Jon Kortazarren mugikorrean. (Aritz LOIOLA/FOKU)


Barnean, eskuz idatzita, bi orritan hizki txukunez jositako sonetoak. Azpian Gabriel Maria A.S. sinadura, eta data: 1953ko otsailaren 16a. Soneto bietan. Bat amodiozkoa da; bestea desamodiozkoa.

Marivi Gaubekak: «1999 urte hartan ez zegoen internetik, oso gutxi, eta liburutegira jaitsi nintzen ea Arestiren bigarren abizena zein zen jakiteko. Garai hartan ez zen gaur egun bezala, eta ez nion behar bezalako garrantzirik eman. Liburutegian Gabriel Arestiren bigarren abizena zein zen begiratzeko eskatu nion; eta berak: ‘Hau oso interesgarria da’. Eta nik: ‘Hau burutik jota dago’. Eta armairuan gorde nituen berriz beste 20 urtetan».  

Eta horrela izan zen, alaba batek, Iraleko ikastaro batean, eta Arestiri buruz ari zirenean, amak etxean bi poema zituela esan zuen arte. Orduan hasi zen gurpila martxan.

Itziar: «Baserritik gelditzen zaigun oroitzapen fisiko bakarra da»

Beste alaba batek, Itziar Sanchez Gaubekak, Arestiren poemoi beste esanahi bat aurkitzen die: «Gu ohartzen gara hau publikoa behar duela izan, baina era berean papera, fisikoa gure sustraietan errotuta dago. Guk poemok begiratzen ditugunean, besteek ikusten dutenetik at, guri Larrabetzutik gelditzen zaigun oroitzapen fisiko bakarra dela ikusten dugu».

Oroitzapenez beteriko iragan batekiko lotura gauza fisiko txikietan oinarritzen da: gutun bat, argazki bat...«Nik zera nahiko nuke: istorio hau kontatzen denean ohartu gaitzen emakume batzuen istorioa dela. Emakumeok memoriaren eramaileak garelako, batetik bestera pasatzen den memoria», dio Itziarrek.

Eta emakume haien istorioan, baserri hartako bizilagunen kronologian, Tomasa Echandia amona ikaragarria (1.80 garaiera eta 100 kiloko pisua) agertzen da, baserriko jabea eta esku gogorreko matriarkatuaren adierazle; eta, aurrez aurre, Martina Villacian de Terganga, Mariviren ama, aurkituko ditugu. Orduñatik Larrabetzura ezkondu zen Martina txiki eta kementsuak ez zekien euskaraz; Tomasak gaztelaniaz gutxi. Eta Tomasa terriblea zen: «Horren truke (Martinaren truke, noski) ez duzu asko eskatuko», bota zion neskaren aitari.

Poemen balioa zein da?

Gabriel Arestiren poemok, beraz, istorio asko gordetzen dituzte barnean: amodioa, desamodioa, talka, sufrimenduak eta mina eta pozak.

Beraz, galdera bat sortzen zaigu: Orain aurkitu diren poema horien balio nagusiak zeintzuk dira? «Dudarik gabe, orain arte ezagutzen ditugun Bilboko poetaren lehen emaitzak dira –erantzuten du Jon Kortararrek–. Balio historikoa dute, zalantzarik gabe, bere lanaren sorkuntza urtebete lehenagora ekarri dute. Gazteleraz egonik, bere hizkuntza jarraibidearen berri eman digute. Balio estetikoa ere bai. Alde batetik, bere irakurketen berri ematen digute.

Shakespeareren sonetoak aurrean, metrikaren erabilerak salatzen duenez. Beste alde batetik, esperimentazio gogoa ere hasiera-hasieratik erakutsi zigun Gabriel Arestik; sonetoen metrikarekin jolastuz, ahapaldiekin esperimentatuz», irakur daiteke argitaratu den artikuluan. «Soneto biok literaturan hasi berria zen idazle izan nahi zuen poetaren berri eman digute, poeta izango zen Aresti handiaren berri», gehitzen du.