Urteari merezi duen amaiera ematea; nahi eta behar hori dute txuri-urdinek
Realak Levante aurkari zuzena hartuko du Reale Arenan. «Puntuak behar ditugu aurreko hiru postuetara gerturatzeko», gogoratu du Nerea Eizagirrek. Izarne eta Bernabe deialdira itzuli dira. Betis-Athletic eta Alaves-Sevilla ere gaur jokatuko dira.
Reale Arenak 18.00etan zabalduko ditu ateak Realaren eta Levanteren arteko partida hartzeko. 2022 handiko azkena izatea –hurrengo jardunaldikoa atzeratu behar baita Real Madrilek Championseko neurketa duelako– eta urtean egindakoari merezi duen amaiera ematea norgehiagoka gorriz markatzeko nahikoa ez balitz, sailkapenari begira duen garrantzia ere ezin da ahaztu.
Uda «konplikatu» baten ondoren –«bigarren taldeak entrenatu baitzuen gehiago, lehen taldeak baino»–, bideari ekitea ez da erraza izan, Nerea Eizagirrek onartu duenez. Aurkariek ere izan dute zerikusirik. «Hobeto aztertzen gaituzte, nik ere nabaritzen dut marka gehiago dauzkagula, jendea gertuago dagoela, batez ere Zubietan atzean sartzen direla itxarotera ea kontraerasoan gola sartzen duten...», esan du. Batzuetan, horregatik, «area barruan jokalari asko sartzean, espazio gutxiago dagoelako eta gehiago kostatzen delako», besteetan hain fin ez dabiltzalako, Reala zailtasun handiagoak izaten ari da gol-aukerak aprobetxatzeko eta horrek, noski, isla dauka emaitzetan.
Taldea dagoeneko «maila onera» heldu da, baina aurretik «puntuak galdu ditugu» eta nahiz eta «gainontzekoek ere galduko dituzten, partida guztiak baitira zailak guztientzat», oraindik atzetik begiratu behar ditu Europako postuak. Levantek ere izan ditu bere gorabeherak baina, erregulartasun handiagoa lortu duenez, hirugarren postua defendatuko du Donostian. Donostiarrak aukera aprobetxatzera behartuta daude «postu horietara gerturatzeko» baina, batez ere, «aldea handiagoa ez izateko», garaipenak zazpi puntuko abantaila emango bailioke Levanteri.
Partida «zaila» espero du Eizagirrek; baita «ikusteko polita» ere, «talde biak antzekoak baikara eta une onean helduko baikara». Izarne eta Bernabe Natalia Arroyoren deialdira itzuli dira; ez, ordea, Specht.
Athleticek, bestalde, Betis bisitatuko du Benito Villamarinen (16.00), sailkapenean zazpigarren postura igotzeko aukerarekin.
Alavesek, berriz, bolada onari jarraipena eman nahi dio Sevillaren kontra Ibaian jokatuko duen partidan (12.00).