INFO

Sindikatuek Legebiltzarrera eraman dute Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko ezezkoa

Abenduaren 14rako greba eguna deituta dago EAEko Hezkuntzan. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizko Legebiltzarraren atarian lege-aurreproiektuarekiko desadostasuna azaldu asmoz.

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizko legebiltzarraren aurrean (LAB sindikatua)

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizko legebiltzarraren aurrean, EAErako Hezkuntza Lege-aurreproiektuari ezezkoa esateko, haien eskaerak plazaratzeko eta Lakuak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamikaren berri emateko.

Azaroak 30ean sindikatuek deitutako greba eta mobilizazio egunak izan zuen jarraipena txalotu ostean, horrek lege-aurreproiektuarekiko «langileen desadostasuna» erakusten duela nabarmendu dute.

Bide horri jarraiki «langile guztiak» datorren abenduaren 14rako deituta duten greba eta mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte. «Balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango da», gaineratu dute.

Honela, haien aldarrikapenak ekarri dituzte gogora: «Publikoa ardatz izango duen Hezkuntza Legea; segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea; publifikazio marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea; Hezkuntza Lege propioa; inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen Hezkuntza Legea; euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza Legea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea; Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den Hezkuntza Legea; eta Hezkuntza Lege parte-hartzailea, langileak aintzat hartuko dituena».

Mobilizazio hauen helburua adostutako aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein legean jasota geratzea da. «EAEko Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela» baloratu dute hiru sindikatuek.

Bestetik, «sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea» egin beharko lukeen legea behar dela partekatzen dute LABek, ELAk eta Steilasek.

«Hezkuntza Legearen behin betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dute», iragarri dute.