INFO

Beste hezkuntza eredu baten aldeko mobilizazioak deitu ditu Ikamak ostegunean

Segregazioarik gabeko hezkuntza publikoa, feminista, euskalduna, ekologista eta burujabea aldarrikatzeko mobilizazioak antolatu ditu Ikama ikasle antolakundeak ostegunean, abenduak 15. Manifestazioak izango dira 12.00etan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan

Aurreko urtean Ikamak egindako mobilizazio baten irudia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Zuenak ez digu balio, hezkuntza gure neurrira» lelopean, manifestazioak deitu ditu Ikama ikasle antolakundeak ostegun honetan 12.00etan Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Hezkuntza ereduaren errotiko aldaketa aldarrikatuko dute ikasleek.

«Ikasturtez ikasturte, hezkuntza sistema aldatuko denaren itxaropenarekin bizi gara ikasleok, baina argi dago batzuek ez dutela aldaketak egiteko asmorik. Egungo sistemaren biziraupena bermatzeko tresna da hezkuntza gaur egun, eta guk, ikasleok, ez dugu horren parte izan nahi. Hezkuntza sistema hau gutxi batzuen mesedetara egokituta dago, eta guri ez digu balio», adierazi du Ikamak.

Ikasle antolakundeak bestelako eredu baterako «ezinbesteko» lau gako identifikatzen ditu: «hezkuntza feminista, genero eta sexu rolekin amaitu eta, zaintzan oinarrituz, pertsona ororentzako espazio segurua izan dadin; euskalduna, Euska Herriak ardaztuko duena gure hizkuntza, historia eta kulturaren transmisioa bermatzeko; inklusiboa, segregaziorik gabeko heziketa prozesu duin baterako aukera izateko klase sozial, sexu, arraza, erlijio zein bestelako ezaugarriek inor baldintzatu gabe; eta ekologista, momentuko egoera kritikoki aztertu eta bizimodu sostengarri berriak eraiki ahal izateko».

Horregaitik, ikastetxez ikastetxe lanean aritu dira azken hilabeteotan, eta abenduaren 15ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak hartuko dituzte. Manifestazio guztiak 12.00etan hasiko dira, Bilbokoa La Casillatik, Gasteizkoa Andra Mari Zuriatik, Donostiakoa Bulebarretik eta Iruñekoa Nabarreriatik.