INFO

Egoitzetako gatazkan Bizkaiko Aldundiak duen jarrera salatu dute itxialdiaren bigarren egunean

Asteazkenen goizean itxialdia hasi zutenetik, hainbat ekimen egin dituzte Bizkaiko egoitzetako langileek. Gaurkoan, Batzar Nagusien egoitzaren aurrean mobilizatu dira Aldundiak egoitzetako gatazkan duen erantzukizuna salatzeko.

Batzar Nagusien egoitzaren aurrean mobilizatu dira Bizkaiko egoitzetako grebalariak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

LABek deituta, Bizkaiko egoitzetako langileek Bilboko Atxuri auzoko Enkarnazioaren elizan itxialdia abiarazi zuten atzo. Ekimen honekin batera, hiru eguneko greba deitu zuen sindikatuak Bizkaiko egoitzetan, abenduaren 14, 15 eta 16rako.

Enkarnazioaren elizan lehen gaua igaro ondoren, ostegun goiz honetan ere euren aldarrikapenak zabaltzen ari dira grebalariak Bilboko kaleetan zehar, «Funtsezkoak gara» lelodun kamiseta moreak soinean. Horrela, pankarta erraldoi bat zabaldu dute Alde Zaharreko Unamuno plazan.

Ondoren, Batzar Nagusien egoitzaren aurrean mobilizatu dira grebalariak eta zuzenean interpelatu dute Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua, Aldundiak egoitzetako gatazkan duen erantzukizuna nabarmenduz, «Greban gaude, Murillo non zaude?» oihu artean.

Gaur arratsaldean, 18.00etan, grebalarien elkargunea egingo dute Enkarnazioaren elizan. Hemen, grebalariek lan baldintza eta zaintza duinen alde egiten ari diren borrokan izandako bizipenak partekatzeko aukera izango dute. 19.30ean, poteo musikatua egingo dute Atxuri eta Alde Zaharretik. Bigarren gaua elizan igaro ondoren, bihar goizean amaituko dute itxialdia, hiru egunetako ekimena biribilduz.

Atzo arratsaldean egoitzetako gatazkaren inguruko hitzaldia eman zuten Ainhoa Etxaide eta Arantza Zulueta LABeko Idazkaritza feministako kideek. Egoitzetako gatazka gai laboral batetik harago doala nabarmendu zuten, zaintzaren afera erdigunean kokatzen duelako, eta honen izaera soziala eta inplikazio politikoak nabarmendu zituzten. Egun pribatizatuta dauden zaintza lanak publikoak izan beharko luketeela adierazi zuten.