INFO

‘Elbira’, «andereñoen andereñoaren» bizitza jasotzen duen dokumentala aurkeztu dute

Abenduaren 26an Elbira Zipitriaren heriotzaren 40. urteurrena izango da. Egun horretan estreinatuko da Donostiako Kursaal aretoan ‘Elbira’ dokumentala, «andereñoen andereñoaren» bizitza gogora ekartzen duen lana.

Markel Olanok eta Iban Gonzalezek aurkeztu dute dokumentala. (Gorka RUBIO | FOKU)

Abenduaren 26an, arratsaldeko 17.30ean, estreinatuko da Donostiako Kursaalen ‘Elbira’ dokumentala, Elbira Zipitriaren bizitza gogora ekartzen duen lana. Egun berezia aukeratu dute, izan ere, egun horretan «andereñoen andereñoaren» heriotzaren 40. urteurrena izango da.

Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanok hitz horiek erabili ditu Zipitria oroitzeko ostegun honetan Donostian egindako agerraldian. Bertan izan da ere bai Iban Gonzalez, dokumentalaren gidoigile eta zuzendaria.

Azken honek azaldu duenez, «memoria historikoaren testuinguruan fokua jarri nahi izan dugu gure herriaren eraikuntzan eta herrigintzan ezinbestekoak eta esanguratsuak izan diren emakumeengan».

«Jakina da gizartean matxismoa bizirik dagoela, eta ez da maila berean aitortu emakumeek eta gizonek egindako lana. Eta dokumentala egin dugu gaur egunera ekartzeko iraganeko Elbira, ezagutzeko eta beragandik ikasteko», adierazi du.

«Epikaren kontzeptu distortsionatua» kritikatu du Gonzalezek. Izan ere, «gerra garaiei buruz hitz egiterakoan irudikatzen dugu bataila eremuan», eta ez da aitortzen emakumeek «ezkutuan» egindako lana, nahiz eta ezinbesteko lana izan, «epikaz betetakoa».

Elbira Zipitriaren kasuan pedagogian egindako lana eta garrantzia «izugarria» izan zela azpimarratu du Gonzalezek. Gerra garaian eta frankismoan «Elbirak Europan askoz aurreratuago zeuden korronte humanistiko eta pedagogikoak gure testu ingurura egokitu zituen, ikastolen eta gaur egungo hezkuntza sistemaren oinarrietan lan egin zuen», gaineratu du.

Baina, bere esanetan, «Elbira ez da pedagogoa bakarrik». «Elbirak euskal zaletasunaren bidean sekulako lana egin zuen, ‘nor-nori-nork’ sortuz eta testu zaharrak berreskuratuz. Eta euskalkiak ere landu zituen, euskara batuarekin ez zegoen ados», esan du.

Berdintasunaren aldeko lana

Halaber, berdintasunaren alorrean ere ekarpenak egin zituen. «Garai haietan feminismo hitza erabili gabe feminismoa praktikatu zuen, berdintasuna irakatsi zien ikasleei eta eta berdintasuna aldarrikatzen zuen edozein lekutan», nabarmendu du.

Agerraldia amaitu baino lehen argi utzi beretzat eta Baleukorentzat «plazer handia izan dela proiektu hau egitea egin dugun moduan». «Libre izan gara gidoia eratzeko, formatua sortzeko eta fikzioa erabili dugu lan hau egiteko», azaldu du.

Dokumentalaren estreinaldiaren sarrerak doakoak dira, baina aurretik izena eman behar da Aldundiaren webgunean.