INFO

Araba eta Gipuzkoako suhiltzaileek EPE «bidegabea eta manipulatua» salatu dute Legebiltzarrean

Arabako eta Gipuzkoako zenbait suhiltzaile Gasteizko Legebiltzarrean izan dira ostiral honetan EPE «bidegabea, iluna eta manipulatua» salatzeko. Suhiltzaileen EPEak «suhiltzaileentzat izan daitezela, non gure ofizioan oinarritutako gaitegiak eduki dezala garrantzirik handiena», aldarrikatu dute.

Suhiltzaileen elkarretaratzea Legebiltzarraren aurrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arabako eta Gipuzkoako suhiltzaileen ordezkariak Gasteizko Legebiltzarrean izan dira ostiral honetan. Bertan EPE «bidegabea, iluna eta manipulatua» salatu dute, «akats eta irregulartasunez beteta bi aldundien eta Arkauteko polizia akademiaren gestio negargarri eta jarrera autoritarioaren ondorioz».

Agerraldi batean azaldu dutenez, «hasiera batetik EPE hau iluntasun eta alde bakarreko jarreraz egin dute, bai Arkautek eta bai Aldundiak, langileen ordezkariekin inongo elkarrizketarik izan gabe, azken hamarkadetan Euskadiko suhiltzaileen EPE-etan jarraitutako baldintzei uko eginez».

Izan ere, «Estatuko beste herrialdeetan azterketa psikoteknikoak alde batera uzten joan diren bitartean, hauen zilegitasun eta eraginkortasuna zalantzan jartzen duten sententzia ugarien ondorioz, Arkautek diseinatutako EPEan azterketa mota hauek suhiltzaileen gai espezifikoei baino askoz garrantzi handiagoa eman diote».

«Orain arte egin diren azterketetan gaitegi espezifikoan ehun galdera inguru erantzuten genituen eta batzuetan beste 40 galdera inguru geografiari buruzkoak, gure lanari lotutako beharrezkoak direnak. Oraingo honetan, aldiz, ez genekien zenbat galderako azterketari aurre egin beharko genion azterketara iritsi arte», adierazi dute.

Haien esanetan, «bertaratutakoan, gure harriduraz ohartu ginen azterketak 48 galdera zituela eta horietatik 28 gaitegi espezifikokoak zirela, zortzi geografiakoak eta hamabi legislaziokoak. Bestalde, azterketa psikoteknikoa 64 galderaz osatua zegoen, hauek lau zatitan banatuta zeuden eta bakoitza baztertzailea zelarik».

Salatu dutenez, «azterketa baino egun batzuk lehenago Arkautek sinatutako dokumentu bat publikatu zen, azterketa psikoteknikoko ebaluazio baldintzak adierazten zituena. Bertan adierazten zenez, 64 galdera hauetatik 32 zuzenak izan beharko zuten azterketa gainditu ahal izateko».

Baina, suhiltzaileek diotenez, Arkautek «ordu gutxietara desagerrarazi egin zuen eta antzeko dokumentu bat publikatu zuen aurrekoa ezeztatu gabe. Dokumentu berri honen arabera, azterketako lau zatietako bakoitza gainditu beharko zen puntuazioaren erdia lortuta gutxienez».

«Irregulartasunak jarraitu zuten azterketaren ondoren. Auzketutako 1.170 pertsonetatik 182k bakarrik gainditu zutela ikusirik, Arkautek azterketa psikoteknikoaren emaitzak birbarematzea erabaki zuen, gainditu gabeko 105 pertsona berreskuratuz, jende aurrean emaitzak makillatu asmoz», esan dute. Ohartarazi dutenez, «birbaremazio hau EPEaren oinarrietan ez da agertzen, horregatik iruzurra egin diote hasieratik gainditu zuten 182 pertsonei».

Diotenez, «akademiak, hankasartze honen jakitun, azaroaren 18an lortutako akordio batean oinarrituta egin zela adierazten zuen ohar bat publikatu zuen. Akordio hau inork ez zuen ezagutzen azterketa aurretik ez zelako publikatu, legeak esaten duen bezala».

«Partaideen berdintasuna bermatzen ez zuen beste gai bat azterketa geografikoa zen. Araba eta Gipuzkoa artean aurkeratu behar zen derrigorrez nahiz eta azkenean lana bietako edozein zerbitzutan egin. Horrela, partaide guztiek ez zuten azterketa berdina egiten, eta zortearen arabera azterketa errazagoa edo zailagoa suertatu zitekeen», gaineratu dute. Ohartarazi dutenez, «oraindik ere ez da azterketa psikoteknikoaren erantzun orria publikatu, alegazioa ezinezkoa eginez».

Halaber, azterketa eredu honen ondorioak azpimarratu dituzte, kalean utzi dituelako «urteak eta urteak» azterketak prestatzen daramatzaten suhiltzaileak; hori nabaritu egingo da lan poltsan, suhiltzaileen esanetan. «Nola pentsatzen dute aldundiek bi zerbitzuetako suhiltzaileen beharra betetzea? Azken urteetan bezala kamioi gidabaimena nahikoa izango da lan poltsan sartzeko?», galdetu dute.

«Gestio eskas» honen ondorioz sortutako «langile faltak» herritarren segurtasunean eragiten duela esan dute. «Kabo lanak bitarteko suhiltzaileek egiten dituzte, beraien esperientzia eta formazio falta kontuan hartu gabe. Hauetako batzuk ‘ez gai’ izendatu ditu Arkauteko epaimahaiak», gaineratu dute.

Psikoteknikorik eta Arkauterik gabe

Egoera honi aurre egiteko hainbat aldaketa eskatu dituzte. Lehena, «suhiltzaileen EPEak suhiltzaileentzat izan daitezela, non gure ofizioan oinarritutako gaitegiak eduki dezala garrantzirik handiena».

EPE-etan froga psikoteknikoak desagertzea ere eskatu dute, «bere balio ezagatik eta suhiltzaile lanarekin ez dutelako zerikusirik». «Eta ez dugu nahi EPEak Arkauteko polizia akademiak egiterik. Beraien EPE eredua garbi erakutsi dutelako: iluna, irregulartasunez betea eta gure beharretatik oso urrun», adierazi dute, eta hautapen prozesuen baldintzak zerbitzu desberdinen langileen ordezkariekin negoziatuak izan daitezela aldarrikatu dute.

Erkorekak babestu egin ditu EPEaren oinarriak

Suhiltzaileak komunikabideen aurrean agertu dira Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak emandako azalpenak entzun ondoren.

Lakuako ordezkariak «deialdiaren oinarriak, funtsean, ondo eta zuzen» aplikatu direla esan du. «Esan dezaket funtsean emandako urratsak hautaketa prozesu ororen ortodoxiaren barruan daudela», adierazi du, EH Bilduko legebiltzarkidea den Mikel Oterok egindako galderei erantzunez.

Oterok esan duenez, «oposizioa oraindik ez da amaitu. Hauek lehen eta bigarren froga besterik ez ziren, froga psikotekniko gehiago eta froga fisikoak daude. Oraindik bidea dago hanka gehiago sartzeko».

«Uste dugu deskalabru baten aurrean gaudela eta ondorioak dituela. Ondorioak ditu opositzaileetan, eta baita ere suhiltzaile zerbitzuetan. Kontua da, zer egingo duzu hau guztia konpontzeko», nabarmendu du.