Bergarakoa istripu batean utzi dute Peñak eta Mariezkurrenak Labriten (22-12)
Zazpinako berdinketara arte Ezkurdiak eta Martijak partidari eutsi ahal izan badiote ere, bigarren zatian Berriozarreko atzelariak goitik behera dominatu du atzeko koadroetan eta tolosarrak ez du aukera alferrik pasatzen utzi.
Binakako hau bezalako txapelketa luze batean, edonork izan dezake egun txar bat, horixe da, gainera, normalena, eta aurreko astean Bergaran gertatutakoa istripu txiki batean utzi dute Peña eta Mariezkurrenak, Ezkurdia eta Martijaren aurka ordura arteko bide zuzenera itzulita. Hirugarren jardunaldi horretan, behar eta nahi baino akats gehiago pilatuta, zalantzaren bat piztu bazuten Baikokoek, jotzaileentzat askoz pilotaleku egokiago batean, duda horiek errotik astindu dituzte garaipen sendo bat lortuta, sailkapeneko bigarren postua berreskuratuz.
Gaurko partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehen txanpa oso borrokatua suertatu da, baita gogorra ere bai, eta bi bikoteetako bakarrak ere ezin izan du markagailua bere aldera hautsi. Gorrien artean, Julen Martijak azken asteetan baina hasiera hobea izan du eta Jon Mariezkurrenari eusteko gain izan da, nahiz eta agintea, uneoro, Berriozarreko atzelariarena izan den. Joseba Ezkurdiak ere asko lagundu dio defentsa lanetan eta, pilota zeken batekin, lehiakor aritu dira, kolpez askoz ere indartsuagoa den bikote baten aurka, hein handi batean arbizuarra saiatu delako Aspekoei gehien komeni zitzaien erritmoa sartzen.
7-8koan, Ezkurdiak behera botatako pilota bati esker, aurreratu dira bigarren aldiz urdinak markagailuan, horretarako 277 pilotakada gurutzatu behar izan dituztelarik eta hortik aurrera partida errotik aldatu dute Peñak eta, batez ere, Mariezkurrenak. Pilota biziago bat kantxan jarrita, atzelari nafarra goitik behera nagusitu da kantxan, Julen Martija denbora guztian hankak zortzi eta erdiaz atzera jokatzera behartuta. Bergaran oso deseroso aritu bazen, gaur, etxera bueltan ikaragarriak eman dizkio pilotari eta, batez ere, apenas egin du akatsik, Joseba Ezkurdia partidatik erabat ateraz.
Jon Ander Peñak ere egoki baliatu ditu bere atzelariak irekitako zuloak, errematean fin aritu da tolosarra eta saketik ere min egin die aurkariei, zuzenean bi tanto baino egin ez baditu ere, sake-errematean ere asmatuz.
Txanpon beraren beste aldea izan da Joseba Ezkurdia, airez tanto bakarra ere ez du lortu arbizuarrak eta saketik ere, tantorik egin ez eta bi falta eginda. Julen Martijak ere nabarmen egin du behera Mariezkurrenaren joaren aurrean, ondo hasi bada ere, aurkariak goitik behera dominatu du eta horrela oso zaila da puntuak batzea. Lehen jardunaldian Peio Etxeberria eta Rezustari kostata irabazi zietenetik, hiru porrot batu dituzte jarraian, euren unerik onenean ez daudenaren seinale argia.
FITXA TEKNIKOA
Ezkurdia-Martija: 12
Peña-Mariezkurrena: 22
Pilotakadak: 514. Iraupena: 56,43. Markagailua: 3-0, 3-4, 5-4, 5-5, 6-5, 6-7, 7-7, 7-14, 8-14, 8-16, 9-16, 9-19, 10-19, 10-20, 11-20, 11-21, 12-21, 12-22. Sakez egindako tantoak: 2 falta Ezkurdiak eta 1 Peña II.ak. Jokoan egindako tantoak: 5 Ezkurdiak, 0 Martijak, 10 Peña III.ak eta 3 Mariezkurrena II.ak. Hutsak: 6 Ezkurdiak, 3 Martijak, 3 Peña III.ak eta 4 Mariezkurrena II.ak. Gorabeherak: Sarrera eta giro ona Iruñeko Labrit pilotalekuan Binakako 4. jardunaldiko partida ikusteko.