Evenepoel Klasikoan izanen da 2023an, errekorraren bila: «Nire proba gogokoena da»
Remco Evenepoel munduko txapelduna ari da 2023 denboraldiari forma ematen. Giroa eta Munduko Txapelketak ditu jomuga, baina tartean Donostiako Klasikoan ere izanen da, Marino Lejarretaren errekorra berdindu asmoz: «Benetako helburu bat da», adierazi du.
2022an emaitza onenak eskuratu zituen txirrindulariak baieztatu du Donostiako Klasikoan egonen dela, eta ez edonolako helburuarekin. Hirugarren aldiz garaipena lortu eta Marino Lejarretak duela 35 urte ezarri zuen errekorra berdintzea.
Horrela baieztatu dio Remco Evenepoelek Het Laatste Nieuws hedabideari. «Nahiz eta 2023ko Munduko Kopa baino astebete lehenago planeatuta egon, bertan egon nahi dut», adierazi du.
Aurtengo edizioan erakustaldia eman zuen flandriarrak. Helmugatik 45 kilometrora jo zuen erasoa eta hortik aurrerakoak bakarrik egin zituen. «Nire lasterketa gogokoena da», baieztatu du Quick Step taldeko txirrindulari gazteak. «Aurten Donostian denboraldi honetako hankarik onenak izan ditut. Entrenamendu saio eder batzuk bukatu berriak nituen Livignon, eta denboraldiko potentziarik onenak atera nituen Donostian. Orduan jakin nuen prest nengoela Vueltarako», gerora bere lehen itzuli handia izan zena.
Izan ere, aparteko denboraldia borobildu du 2022 honetan Evenepoelek. Udaberrian Liege-Bastogne-Liege bereganatu zuen, palmareseko lehen monumentua, irailean Vuelta poltsikoratu eta bi aste beranduago munduko txapeldun bihurtu zen Australian. Beste hainbat garaipen lortu zituen Valentzian, Algarven, Norvegian eta Belgikako erlojupeko txapelketan, Donostian eskuratutakoarekin batera.
Beraz, ez da erraza izanen urtarrilean abiatuko den denboraldi berrian emaitza hobeak erdiestea. Baina, erronka handiak ditu. Maiatzean Giroan izanen da, faborito nagusi gisa, edo nagusien artean behintzat. Eta 2023an abuztuan Glasgown egingo diren munduko txapelketetan ortzadar maillota defendatu nahiko du.
Astebete lehenago, baina, Donostiako Klasikoaren historian sartu nahiko du, hirugarren garaipen bat lortu eta Marino Lejarretak 1987tik daukan errekorra berdinduz.