INFO

Gotzon Aranburu presoa «etxera ekartzea» eskatu dute Azpeitian

Sarek Azpeitian deitutako manifestazio baten bitartez, Gotzon Aranburu hirugarren gradua eta irteera baimenak jaso beharko lituzkeela aldarrikatu dute. 20 urte daramatza preso azpeitiarrak eta kondenaren erdia bete du.

Sarek deitutako manifestazioa Azpeitian. (FOKU)

Gotzon Aranburu presoa «etxera ekartzea» eskatu dute Azpeitian ‘Gotzon gurekin’ lelopean Sarek deitutako manifestazio baten bitartez. Azaldu dutenez, zigorraren erdia bete duenez, espetxeko hirugarren gradua ezarri beharko litzaioke eta irteteko baimenak izan beharko lituzke, etxera joateko aukerarekin.

35 urte eta 15 eguneko kartzela zigorra ezarri zioten Aranbururi. Beraz, kondena osoa 2034 urtean beteko luke,  laurdena 2007an bete zuen eta hiru laurdenak 2025ean beteko ditu. Villenan eta Palentzian egon ondoren Zaballako espetxean dago gaur egun, bigarren graduan.

Saretik diotenez, irteera programatuetan parte hartzeko aukera izan beharko luke, lege arrunta aplikatuz gero. Hau da, espetxeko funzionarioekin batera egun bateko irteera egiteko aukera izan beharko luke eta irteera baimen arruntak eskuratzen joan. Urtean 36 egun gehienez eta multzo txikitan banatuta kalean gehienez sei egun jarraian egoteko aukerarekin.

 

«Azken urtean aldaketa batzuk ikusi izan ditugu eta horrek poztu egiten gaitu», adierazi du Sarek, «urrunketarekin bukatzeko egindako mobilizazioek eta herritarren bultzadak bere fruituak ematen baititu».

Hala ere, Auzitegi Nazionalak euskal presoen kasuan onartzen diren gradu-aurrerapenak eta espetxe baimenak bertan behera utzi ditu. Horrela, Mikel San Argiriano, Xabier Atristain, Aitor Esnaola eta Joseba Arregik kartzelara itzuli behar izan dute.

«Etxerako bidea betetzea da, hain zuzen ere, Azpeitiko Saretik abendurako eta Bilbon urtarrilaren 7an egingo dugun manifestazioaren helburua. Aurrera jarraitzea dagokigu euskal preso, iheslari eta deportatu guztiek etxera itzultzeko prozesua egin ahal izan dezaten. Guztion erantzukizuna delako eta, hori gabe, ezinezkoa izango delako bizikidetzan aurrera egitea herri honek egiteke duen etorkizunerantz», adierazi du Sarek.