Talaia feminista, bertatik euskal estatua eraikitzeko
Feminismoak, ikuspegi ezkertiarrak, independentista izateak eta euskal estatu baten premiak eta irrikak elkartu ditu hainbat emakume Euskal Herriari begiratzeko talaian. Trantsizio feminista bat gauzatzeko proposamenak egingo dituen informea kaleratu nahi dute.
Euskal Herriari talaia feministatik begiratzea beharrezkoa iruditzen zaie zenbait emakume subiranistei, eta horretarako talaia egokian kokatzea garrantzitsua omen da. Horregatik aurkeztu zuten atzo Iruñean, Talaia Feminista, «tresna izateko anbizioarekin» sortuko den dosierra. Euskal Herriaren azterketa jasoko luke txosten horrek, eta maiztasun jakin batekin argitaratuko litzateke. Bi atal nagusi izatea aurreikusten dute: koiunturaren azterketa, batetik; eta, bestetik, Euskal Herrian trantsizio feminista egiteko beharrezko irakurketak. Atzoko lan saioan 80 emakume baino gehiago elkartu ziren, eta gehien errepikatutako hitzak izan ziren: beharrezkotasuna, bertigoa eta anbizioa.
Ainhoa Etxaide ideia sortzen hasi eta sakontzen joan den talde sustatzaileko kidea da, eta berak azaldu zuen goizaren hasieran zer den Talaia Feminista, zeri erantzun nahi dion eta horretarako orain arte egindako gogoetak. Argi azaldu zuen asmoa ez dela eragile bat sortzea: «Ez goaz eragile berri bat sortzera, gu geu bagarelako eragileak jada gure eguneroko praktika politikoan». Helburu batek elkartzen ditu denak: Euskal Estatu Feminista eraikitzeko nahiak, indarrak eta anbizioak. «Feministak gara, bakoitzak gure militantzia espazioak eta gure borrokak ditugu, baina helburu bat partekatzen dugu: estatu feminista. Eta horretarako trantsizio bat egin nahi dugu».
Euskal Herriak nolako trantsizio feminista behar duen zehaztea, ordea, ez da lan erraza, eta atzoko hori irudikatzen hasteko abiapuntua izan zen. Trantsizio hori gauzatu ahal izateko «jakintza kolektiboa» eta «guztien indarrak» batzea garrantzitsuak zirela aipatu zuen Etxaidek, eta horregatik Talaia Feminista egitasmoaren ideia.
Hitzaren definizioari erreferentzia eginez, talaia leku bat dela azaldu zuen Etxaidek, eta Euskal Herriari feminismotik begiratzeko talaia bat sortu nahi dutela adierazi zuen. Hori da proposamenaren funtsa: dosier bat osatzea Euskal Herria feminismotik aztertzeko, eta informe hori trantsizio feminista baterako tresna bilakatzea. «Nola bilakatu tresna? Interpelaziorako eta intzidentziarako erabilgarri eginez», eta horrela, eztabaida sozial eta politikoan eragiteko anbizioari eutsiko diotela uste du Etxaidek.
Ariketa kolektiboa
Prozesu baten lehen mugarria jarri zuten atzo Iruñean elkartutako emakumeek, Etxaidek horrelako bilguneek duten garrantzia azpimarratu zuen «egiten dugun urrats bakoitza ekimen politiko bat da». Eta dosierraren osaketarako, atzoko saioan bi helburu nagusi zituzten: batetik, marko teorikoa marrazten hastea; hau da, koiunturaren azterketa zein oinarri edo elementu kontuan harturik egin eztabaidatzea eta erabakitzea. Eta, bigarrenik, talde sustatzaileari bultzada ematea; egitura egonkor eta sendo bat nahi ez badute ere, «tresnak sortzeko eta prozesuan jarraitzeko» beharrezkoa ikusten dute «arkitektura minimo» bat izatea.
Patriarkatuaren aurrean
Lehendabiziko helburuari erantzuteko, mahai inguru bat egin zuten, eta ondoren lan taldeetako eztabaidek eman zioten segida. Kizkitza Gil de San Vicentek gidatu zuen mahai ingurua, eta koiunturaren azterketa egiteko bost dimentsio proposatu zituzten. Elementu horiek definitzerakoan, ezinbestean Euskal Herriko emakumeei jarri behar zaie arreta, Gil de San Vicenteren ustez. Jule Goikoetxeak marko teoriko orokorra jarri zuen dimentsioen zehaztapenekin hasi aurretik.
Hitzartze guztietan aipatu zen sistema kapitalista zisheteropatriarkal koloniala, baina Goikoetxeak sistema osoaren eta dimentsio bakoitzaren arteko harremana azpimarratu nahi izan zuen. Patriarkatuaren eragin eremua oso zabala dela azaldu zuen, eta horregatik «dimentsio guztiek ekar ukitzen» duten arren, informe bakoitzean zein ardatz landuko diren ongi definitu behar dela azaldu zuen.
Bost ardatzak aurkezteko hitza hartu zuten Laura Gomezek, Jone Etxeberriak, Mirene Begiristainek, Oihana Etxebarrietak eta Zaloa Basabek.
Bost ardatz
Gomezek estatu egituren inguruan hitz egin zuen; trantsizioa egiteko, instituzioek trantsizio horretan zein paper jokatu behar duten zehaztea garrantzitsua dela azaldu zuen. Bere ustez instituzioek masa solido bat behar dute, bertan egindako edota egin beharreko lana bultzatzeko, eta baita aldaketa kulturalak emateko ere; eta, aldi berean, beharrezkotzat ikusten du instituzioetako boterea, aldaketarako. Egun bizi dugun garaiaren sintomez labur aritu zen: eskuin muturraren gorakada, ekologismoa, ziklo politiko aldaketa, ezkerraren krisi existentziala... Eta esaldi bakarrean laburtu zuen eraldatu beharrekoa: «Egun, estatua arazo bat da, eta aldi berean estatua da soluzioa».
Etxeberria lanen inguruan mintzatu zen, eta batez ere lan horien banaketaz eta antolaketaz. Kategoriak zalantzan jarri eta oinarrira jotzeko proposatu zuen, pandemia garaian lehen lerroko lanak zeintzuk izan ziren gogoraraziz. Sistemak erdigunean lan konkretu batzuk jartzen dituela, horiek bisibilizatzen eta indartzen eta ondorioz balioan jartzen dituela azaldu zuen, eta galdera bat bota: «Bizitzak erdigunera ekartzeko, egiten ditugun jarduera guztiak zergatik ez ditugu zerrendatzen eta bizitzari eusteko duten gaitasunaren arabera aztertzen?». Zaintza lanei erreferentzia egin nahi zien, eta hauek egiten denbora nork pasatzen duen galdetu zuen. «Oinarrian dagoena sinplea da, gehien zaintzen duenak gutxien jasotzen du. Eta gutxien zaintzen duenak jasotzen du gehien». Aitortzaz, soldataz, eskertzaz ari zen. Lanen kolektibizaziorantz joateko, markoaren aldaketa beharrezkoa zela azaldu zuen, eta ardatz nagusiak zaintzarena izan behar zuela.
Begiristainek «lurraldeak» deitu zion berak azaldu zuen dimentsioari. Azaldu zuen lurralde ekosistemak eta komunitateak ezin direla elementu ezberdin eta banatu bezala ulertu, eta gure egunerokoari erreparatu behar diogula gure lurraldeari ere begiratzeko. Eredu eta jarrera «hirizentristak» ditugula azaldu zuen, eta lurraldeen barneko arrakalak gero eta handiagoak direla, hirien eta landa eremuen artean, esate baterako. Gure lurraren defentsan jarri zuen arreta: «Burujabetza maila proportzionala izango da lurrarekin dugun loturaren arabera», eta lurrarekiko lotura horretan jendarte gisa sakontzea garrantzitsutzat jo zuen. «Limiteetan gaude, egungo eredua jada ez da iraunkorra, eta iraunkorra ez denez, gero eta handiagoak dira arrakalak; beraz, aukera hau orain baliatu behar dugu», esan zuen bere hitzartzearen amaieran, ekologismoari erreferentzia eginez.
Etxebarrietak ideologia eta esfera politiko soziala hartu zuen gaitzat. Goikoetxearen hitzak ekarri zituen gogora eta ardatz honek beste asko zeharkatzen dituela azpimarratu, baina batez ere boterearen eta parte hartzearen inguruan egin zuen hausnarketa.
Izan ere, boteregunetzat identifikatzen diren instituzioetan zenbateko boterea duen ikuspegi feministak galdegin zuen, botere horren erabileran eraldaketarik eman den, edota eman beharko litzatekeen, eta nolakoa beharko lukeen oinarriak. Zilegitze prozesuak ere aipatu zituen, parte hartzean kuantitatiboki urratsak egin arren, kualitatiboki zenbatekoak egin diren galdetu, eta nolako parte hartzeak sustatu beharko genituzkeen, eta horiei nolako aitortza eman: «Konkista baten norabidean kokatu beharko genuke elkar zilegitze prozesua».
Amaitzeko, bosgarren ardatza Basabek azaldu zuen: indarkeria matxista. Etengabe presente dagoen dimentsioa dela adierazi zuen, eta ezberdintasunak mantentzeko beharrezko tresna dela. Argitu zuen indarkeria matxistaren birkontzeptualizazio bat ikusten ari garela, kontzientzia maila altuagoa lortu dela, eta indarkeria matxistari hamaika aurpegi jarri dizkiola mugimendu feministak. Baina, aldi berean, konplexutasun horrek ezberdintasunen arteko hierarkia ekarri duela, eta ondorioz, interpelazioak planteatzerakoan sistemari egiten zaiola erreferentzia, eta «gertuko interpelazioak» ahazten direla. Horregatik, trantsizio feministarako eragile izateaz gain, errealitatearen parte ere badirela eta errealitate hori eraldatu behar dela nabarmendu zuen.
Datorren urtean kaleratu nahi dute lehen dosierra; horretan, oinarri ideologikoak, koiunturaren irakurketa eta azterketarako ardatzak landuko diztuzte sakonki