INFO

Alta eman gabeko langile baten istripu larria salatu du CCOOk

Gizarte Segurantzan alta eman gabe lanean ari zela istripu larria izan zuen langile batek Zornotzan, CCOOk jakinarazi duenez. Ondorioz, Lan Ikuskaritzak arau-hauste akta bat bultzatu du enpresaren aurka. Langilea atzerritar jatorrikoa da baina hiru urtetik gora darama Estatuan.

Atzerritartasun Legea bertan behera uzteko eskaera makina bat aldiz entzuten da kalean. Irudian, SOS Arrazakeriaren manifestazioa Bilbon, joan den martxoan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gizarte Segurantzan alta eman gabe lanean ari zen langile batek istripu larria izan zuela eta, ondorioz, Lan Ikuskaritzak enpresaren aurkako arau-hauste akta bat bultzatu duela azaldu du CCOO sindikatuak. Horretaz gain, Gizarte Segurantzan ofizioz alta ematea proposatu du. Zehaztu duenez, atzerritar jatorrikoa da langilea baina hiru urte baino gehiago darama estatu espainiarrean, hortaz, «enpresak ez zuen arrazoirik alta eman gabe lanean edukitzeko».

Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, Iznas SL zurgin eta erreforma lanen enpresarentzat ari zen lanean gizonezkoa, baina «Gizarte Segurantzan alta eman gabe».

Sindikatuak esplikatu du joan den azaroaren 14an gertatu zela ezbeharra, Zornotzako obra batean, langilea zoruan tranpaldo bat ezartzen ari zela. Mozteko eskuko makina batekin zebilela ebaki bat egin zuen hanka batean eta anbulantziari deitu behar izan zioten. Ertzaintza eta udaltzainak ere bertaratu ziren.

Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak frogatu zuen langilea data horretan eta istripua gertatu zen toki horretan bertan lanean ari zela enpresa horrentzat. Horregatik, langileari ofizioz alta emateko proposatu du eta enpresaren aurkako arau-hauste akta ere bultzatu du. Izan ere, Gizarte Segurantzaren datu basea kontsultatuz baieztatu ahal izan zuten enpresak ez zuela langilea altan emana.

Atzerritartasun Legearen aurka

Sindikatuak agertu duenez, istripu larria gertatu zenean, langilea ez zegoen egoera administratibo egokian, baina hiru urtetik gora darama estatu espainiarrean eta horrek bizileku eta lan baimenak eskatzea ahalbidetzen dio, betiere enpresaren aldetik kontratatzeko borondaterik balego.

Hala, CCOOk salatu duenez, enpresak «ez luke arrazoirik langile hau Gizarte Segurantzan alta eman gabe edukitzeko».

Gaur egungo Atzerritartasun Legeak «ezkutuko ekonomia eta enpresen abusuak» eragiten dituela kritikatu du sindikatuak, aipatu bezala hiru urte bizi behar baitute gutxienez estatuan paperak ongi edukitzeko.

CCOOk erantsi du langileak enpresaren aldetik segurtasun neurrien faltagatik diru kopuru bat jasotzeko izapideak egiten ari dela uneotan. Dagokion mutualitatearekin ordainketa hori egiteko eta osasun tratamendua jasotzeko harremanetan dagoela ere esan du. Gainera, bide zibiletik enpresa salatzea baloratzen ari da, langileak izandako kalteagatik.