INFO

Mikel Zabala eibartarrak 2026ra arte jarraituko du Bidasoa Irunen jokatzen

Ezker muturrak bosgarren denboraldia du Irunen eta orain arte 174 partida ofizial jokatu eta 343 gol sartu ditu. Jokalaria «etxean bezala» sentitzen da.

Mikel Zabala, EHF European Leagueko partida batean jaurtitzeko prest. (Jon URBE | FOKU)

Duela egun batzuk albiste tristea iritsi zen Bidasoa Irunetik, orain arte kapitaina zen Jon Azkuek datorren denboraldian taldean ez zuela jarraituko iragarri baitzuen. Baina klubak beste albiste in bat eman du astelehen honetan. Izan ere, C.D. Bidasoak eta lehen taldeko Mikel Zabalak (Eibar, 1998) akordioa lortu dute jokalariak taldean jarrai dezan jokatzen 2026ko ekainaren 30era arte.

Ezker muturra 2018ko udan etorri zen Irungo taldera, Somos Eibar Eskubaloia taldetik. Orain arte 174 partida ofizial jokatu ditu, eta 343 gol sartu: 121 partida Asobal Ligan (245 gol); 32 Europako txapelketetan (EHF Champions League eta EHF European League, 54 gol); 14 Kopan (23 tanto); eta zazpi Asobal Kopan (21 gol).

Zabalak bosgarren denboraldia du Irunen: «Oso pozik nago. Ez nuen zalantzarik izan. Etxean bezala sentitzen naiz, familia eta lagunak gertu ditudala, Espainiako onenetako batean eta gipuzkoar batentzat, Bidasoa Irunen jokatzea amets bat da».

Asobal Ligak geldialdia du orain Polonia eta Suedian jokatuko den Munduko Txapelketa dela-eta. Eibartarrak Gabonetako atseden egunak aprobetxatzen dago bigarren itzulirako lanari ekin aurretik: «Europa League-n Multzo Fasetik ahalik eta hobekien pasatzen saiatuko gara eta Asobal Ligan galdu ditugun puntu horiek ez galtzen saiatuko gara, etxean partida oso garrantzitsuak baititugu. Ahalik eta gorago geratzen saiatuko gara, Europako plaza horiek lortzen saiatuko gara», azpimarratu du Zabalak.