INFO

Betiko jaiak arnasa emango dien itxaropena dute ostalariek

Kezkaz, mugaz eta estutasunez beteriko bi urteko hutsunea gaindituta, San Tomas egun jendetsua izatea espero dute Donostian.

Donostiako tabernariek hiriko kale eta plazak jendez beteko diren itxaropena daukate. Irudian, Konstituzio plaza, joan den ostiralean. (NAIZ)

Armairutik gona, atorra, zapia eta abarkak ateratzeko ordua heldu da. Bueltan da benetako festa, betikoa, ohiko moduan, eta aurreikuspenak betez gero, jaiaren gune nagusiek gainezka egingo dute; betiere, eguraldiak laguntzen badu. Konstituzio plazan Roxaito zerrama ikusi, postuetan txistorra pintxo edo ogitartekoak jan edo baserritarrei erosteko, ehunka lagunek beteko dituzte kaleak goizetik gauera, nabari baita donostiarrak egun berezi hau bizitzeko irrikaz daudela.  

Eguberrien ataria izanda, gertuagotik edo urrutiagotik hiriburura etortzen direnetako batzuek opariak edo bestelakoak erosteko aprobetxatu ohi dute. Edonola ere, jateko eta edateko data izaten da nagusiki, horregatik, ostalarien egutegian markatutako bat da. Pandemiak eta horrek ekarritakoek bereziki kolpatu du sektorea, baina azken hilabeteetako bilakaerak baikor izateko arrazoiak eman dizkie.

Enbeltran kalean dagoen herriko klasikoetako baten arduraduna da Xabier Agirre, Juantxo taberna. Asteazkena izanda, beste egun aproposago batzuk baino «flojoagoa» izango dela uste du, «jende askok lan egin beharko duelako hurrengo bi egunetan», baina eguraldiak laguntzen badu, beste santomasen moduan joango dela pentsatzen du. Goizetik, gazte asko, ikasleak eta familiak espero ditu, eta arratsalde partean kuadrilla helduagoak. San Tomas «oso berezia» eta «potentea» izan ohi da beraientzat. Tabernako eskaintzari, normalean izaten ez den txistorra gehitzen diote eta lan asko pilatuz gero, murriztu egiten dituzte aukerak.

Konstituzio plazako arkupeetan, festaren erdigunean, dago Hamabost taberna. Han ez dute txistorrarik izaten, baina bai bestelako pintxoak, «betikoak, desberdina izateko». Bertako jabe Rosa Matillak azaldu duenez, postuen kokaleku nagusian egoteak arazoak sortzen dizkie. «Egundoko mugida izaten da. Tartea utzi behar dute, baina urtero ikastetxe desberdinak dira eta ez dute betetzen. Beldurra izaten dut: butano bonbonak, olioa... dena gure aldera, eta gainean ditugu». Kosta egiten zaie lan egitea, baina onartzen du arazo hori berak duela, plazan dagoelako. Jendetza ibili ohi da eta igartzen dute aldea, baina tabernatik mugitu ezinik pasatzen dute, «dena gainezka» egon ohi delako.

Urteko joerarekin bat

Parte Zaharraz eta Erdialdeaz harago, auzoetan ere jaiak bere tokia izaten du. Esaterako, Antiguak duen berezko izaerari helduta, auzotar askok bertan ospatzen dute. «Tunela pasatu eta Donostiara joatea» kosta egiten zaie, baina halako egunetan nahiz eta antolatutako gauzak egon, ahalegina egiten dute. Hala ere, aurretik edo bueltan auzokideen artean gozatzen dute giro bereziaz. Horrekin bat eginez, Matia kaleko Trikuharri tabernan, ohi bezala, txistorra pintxoak doan emango dizkiete bezeroei eta inguruko saltoki eta bizilagunei. Bertako arduradun Aitzol Irazustak San Tomas edo beste edozein festetarako gogoz ikusten ditu bezeroak, San Sebastian egunari begira asko, Antiguako jaiak orduan direlako. San Tomas Eguberrien hasiera izaten da eta olatua urtarrilaren 20ra arte luzatu ohi da. «Dinamika horretan sartuta gaude».

Egun lanpetua aurreikusten du, azken boladako joerarekin bat. Hilabete onak izan dira. «Eguraldiak lagundu du, udazkena oso ona izan da, eta antzematen da jendea irten eta denbora aprobetxatzeko gogoz dagoela». Agirre ere iritzi berekoa da. Udatik, pandemia aurretik ohikoa zen moduan lanean ari dira eta hala jarraituko dutelakoan dago. Bat dator Matilla, nahiz eta ñabardurak egin. Abenduko zubia «oso txarra izan da, ez dugu apenas lanik egin; ez dut ezagutu horren zubi txarrik. Ez dakit San Tomas egunerako prestatzen ariko diren».

Hala ere, ez da urte txarra izan, «udara gutxi gorabehera beti bezalakoa izan da», baina lana beste modu batean egiten dutela nabari du Hamabost tabernako nagusiak. «Gauak ez dira gauak, askoz lehenago bukatzen dira, eta denak egun batean biltzen dira, ez da lehen bezala. Hau da, gutxiago ateratzen da jendea, eta ateratzen denean, mugarik gabe. Lehen gutxi gorabehera hornidura kontrolatuta nuen, orain ez dakit».
Ordutegi aldaketa ere nabaritu du Juantxoko arduradunak. Ikasleen eguna den osteguna kenduta, afariak aurreratu egin dira, lanean pixka bat lehenago hasten dira.

Inflazioari aurre egin, prezioei ahalik eta gehien eutsiz

Pandemiaren kolpetik errekuperatzeko ia aukerarik gabe, testuinguru ekonomikoak beste buruhauste bat gehitu die ostalariei; pasatutakoak kolokan utzi dituenei, bereziki. Egoera bakoitza, hala ere, berezia da eta bakoitzaren ereduak, kokapenak... ere zeresana badu.

Juantxo tabernako Xabier Agirrek gogoratu du bi urte «oso zailak» izan badira ere, ohikora bueltatzeak «oxigenoa» eman diela. «Maileguekin salbatu genuen aurreko bi urteetakoa, eta uda ondorenerako hornitzaileekin genituen zor guztiak kitatu ditugu».

Hamabost tabernako Rosa Matillaren kontakizuna, aldiz, ez da horren baikorra. Gutxika errekuperatze bidean pausoak ematen ari dira. «Kristoren zuloa egin nuen eta kendu beharreko mailegua daukat». Bost urte dauzka aurretik horretarako, «lehenago bada, askoz hobe». 30 urte daramatza barra atzean eta «nekatuta» dagoela onartu du. «Beste bi urte behar dituzu buelta emateko, gero diru pixka bat egiteko, eta ea jubilazioa noiz iristen den... Gogorra da».

Trikuharri tabernako Aitzol Irazustaren esanetan, «beldurrak baretzen doaz», lana egiten ari direlako, baina etekina ez da bera. Izan ere, mugak kendu diren arren, prezioen igoerak zaildu egin du egoera. «Ez dugu prezio garestiekin lan egiten. Nahiz eta hornitzaileek prezioa igo, guk ez dugu proportzioan igotzen. Horrek zaildu egiten du. Lanean ari gara, jendea kalean dago, baina, aldi berean, zailagoa da prezioak izugarri igo direlako. Lehengaiak, argindarra...».

Ildo beretik jo du Agirrek ere. Argindar eta elikagaien igoera «oso handia eta bat-batekoa» izan zen, eta orain pixka bat ohitu badira ere, otsail-martxo inguruan «dardarka» egon zirela gogoratu du. «Guretzat lehengai oso garrantzitsua da olioa. Horrekin eta energiarekin susto bat baino gehiago izan genuen».

Prezio baxuei ahalik eta gehien «eusten» saiatzen ari dira. Aurten %3ko igoera egin dute, «inflazioaren oso azpitik», eta uste du urte amaieran edo datorrenaren hasieran «zerbait ukitu beharko» dutela. «Guk gure plana badaukagu barrura begira nola egin edo zer aldaketa egin, baina ikusi beharko da soldatekin zer gertatzen den».
Ezusteko ezatsegina ere izan zuen Matillak argindarrarekin. «Tabernan, argia, adibidez, 800-1.000€ ordaintzen genuen eta 2.490€ pasa didate, makina eta ordutegi berberekin. Pentsa zuritoa zenbat igo behar duzun horri buelta emateko. Dena igo da, eta salneurriak gutxi igotzen badituzu, ez zaizu gelditzen lehen bezala. Dena da kendu eta kendu eta kendu».