INFO

Europako lehen fasea tramite huts batekin amaitzea gauza ona da Bilbao Basketentzat

Bilbotarrek FIBA Txapeldunen Ligako 16 onenen artean lekua bermatu zuten joan zen astean Turkian eta asteazken gauean Nymburken aurka itxiko dute aurreneko fasea. Ligaxkako buru izango direla jakitun, Jaume Ponsarnauk gutxiago jokatzen duten horiei aukera bat emango die.

Agustin Ubalentzat asteazkeneko partida ez da tramite hutsa izango, (@FIBABASKETBALL)

Tramite huts izatea Europako partida bat duela gutxira arte albiste txarra zen Surne Bilbao Basketentzat, ordurako kalean beharko zuelako. Alabaina, bilbotarrek asteazken gaueko 20.00etan Nymburken aurka jokatu behar duten dema tramitea izatea kasu honetan poztekoa da, joan zen astean lanak behar bezala bete baitzituen Turkian, FIBA Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako Top 16 delakora pausoa emanez.

Irabazi beharrak presioa sortzen du, baina derrigorrik ezak larregi erlaxatzeko bidea dakar, eta horrek ezusteko porroten bat suposatu lezake, Igokea talde bosniarraren aurka gertatu zen bezala, edo jokalariren batek min hartzea.

Jakina da halakoetan neurriak aurrez hartzea ez dela txorakeria. Dela jokalariak behar bezala mentalizatuz edo ohi baino minutu gutxiago jokatu araziz. Jaume Ponsarnauk Europako leihaketa darabil gutxien jokatzen duten horiek ere minutuak izan ditzaten. Dela Ignacio Rosa hegal-pibota, dela Agustin Ubal, Bartzelonak lagata jokatzen ari den antolatzailea, jokalari horiek bere balioa erakusteko parada izan dute FIBA Txapeldunen Liga honen aurreneko fasean eta ez dute itxura txarrik eman.

Esaterako, Agustin Ubalek ACB Ligan batez beste sartu dituen 3,2 puntuek baino hobeto luzitzen dute europan lortu dituen 8,7 puntuek. Uruguayko jokalaria gustora azaldu da kazetarien aurrean Bartzelonak lagata ikasten ari den guztiaz. «Ahalik eta gehien ikasten ari naiz saiatzen. Ahal den neurria, minutu bakoitza probesten ahalegintzen ari naiz», adierazi du, jakitun Nymburken aurka agian ohi baino minutu gehiago izango dituela.

«Aukera ona izan liteke gehien jokatzen dutenek atseden apur bat hartu eta besteok minutu gehiago izateko. Nire betebeharra hori da: Jaumek –Ponsarnau entrenatzaileak– kantxaratzen nauenean, berdin da minutu bat izan, edo bost edo auskalo, taldeari zerbait ematea, hurrengoan ere kantxara itzultzeko beste aukera bat izan dezadan», onartu du antolatzaile hegoamerikarrak.

Bestalde, momentuz behintzat ez dauka Bartzelonara itzultzeko presa handirik. «Urtebete barru izan edo bi, ikusiko dugu. Egunero jokalari hobea izateko ari naiz entrenatzen eta ikusiko dugu horrek azkenean noraino naraman. Bartzelonan ez bada, Europako talde handiren baten lekua izatea gustatuko litzaidake, baina momentuz Bilbon nago eta nire karrerari on egin dio ni hemen izatea», gaineratu du.

Beraz, Bilbao Basketen partida tramite soila izango bada ere, badago tramite honetatik ikasgairik ateratzeko prest dagoenik.