Jexuxa Arostegi hil da, Joxean Lasaren ama eta gerra zikinaren ikur gisa diputatu hautatua
Guardia Zibilak Joxi Zabalarekin batera hil zuen Joxean Lasaren ama, Jexuxa Arostegi, astelehen honetan zendu da. Hamabi urte behar izan zituen semeari egindakoa jakiteko, eta 1936ko gerran desagerrarazitako Jose anaia nola hil zuten jakin gabe joan da.
94 urte zituela, astelehen honetan hil da Jexuxa Arostegi Beraza, Joxean Lasa zenaren ama. 1983an semea bahitu, torturatu eta hil zutenetik gerra zikinaren ikur bizia izan da Arostegi, bai urteroko oroimen-ekitaldietan, bai 1999. urtean Madrilen eginiko epaiketan, bai eta diputatu hautatu gisa ere.
1996. urtean gertatu zen azken hau. Gerra zikinaren errealitatea Madrilen ikusarazteko asmoz, Begoña Galdeano (Xabier Galdeano zenaren alaba) eta Jexuxa Arostegi Kongresurako zerrendaren lehenengo bi tokietan kokatu zituen Herri Batasunak eta biak hautatuak izan ziren.
Ordurako, semearen eta Joxi Zabalaren hilketak argitzeko urrats nagusia emana zen. 1995ean Alacanten identifikatu zituzten beren gorpuzkiak, hamar urte lehenagotik gorputegi batean abandonaturik zeudela. Intxaurrondoko guardia zibilek erail ostean bertako toki galdu batean lurperatu zituzten. Pedro Gomez Nieto eta Juan Alberto Perote Cesideko arduradunaren arteko elkarrizketak argi utzi zuenez, bi gazte tolosarrak beren hilobiak egitera ere behartu zituzten.
1999. urtean Auzitegi Nazionalean presente egon ziren Jexuxa Arostegi eta Felipa Artano, Joxi Zabalaren ama, Enrique Rodriguez Galindo eta gainerako guardia zibilak epaitu eta zigortu zituztenean. Duintasun osoz jardun zuten bertan, auzipetuen harropuzkeriari aurre eginez. Beste gauza askoren artean, bere taldeko sei gizonekin Amerika osoa konkistatu lezakeela adierazi zuen Galindok epaileen aurrean.
Egoera latz eta mingarri gehiago jasan behar izan zituen Arostegik urte horietan. Denon gogoan dena, 1995eko ekainean Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak Euskal Herrira ekarri zituztenean Ertzaintzak Hondarribiko aireportuan eta Tolosako kanposatuan ere eginiko oldartze bortitzak. Senideen aurka ere egin zuten ertzainek, Auzitegi Nazionalak ezarritako debekua betearazteko aitzakiaz.
Isastegi sagardotegiko emakumearen aldeko elizkizunak asteazken honetan egingo dira, Tolosako Santa Maria elizan, 19.00etan. Hil den une honetan batzuk gogora ekarri dutenez, oraindik ez dira Jose Arostegi anaiaren gorpuzkiak aurkitu, 1937. urtean desagerrarazi ondoren. Hamabi urte behar izan zituen Jexuxa Arostegik Joxean semea nola hil eta non lurperatu zuten jakiteko, eta bizitza osoa joan zaio Jose anaiari egindakoa argitu gabe.