INFO

Baserritar giroak hartu du berriro Donostia San Tomas egunez

Eguraldi paregabea lagun, Donostiako kaleak baserritarrez jantzitako ehunka herritarrek bete dituzte. Bi urteko geldialdiaren ondoren, ohitura zaharrak berreskuratu eta hiriburuko plaza ezberdinetan azoka egin da. Txerria lehendabiziko aldiz Aizarnazabaletik ekarritakoa izan da.


Eguna argitzerako Konstituzio plazan zegoen Roxaito txerria, aurtengoan Aizarnazalgo Larraxko baserritik eraman dute, eta bera iristearekin batera hasi dira plazako postuak ere prestatzen. Pandemiaren eraginez bi urteko geldialdiaren ostean, giro bikaina eta jende asko ibili da pandero eta trikitixaren sainaren bueltan.

Goizeko hamarretan abiatu da Donostiako San Tomas azoka, eguraldi paregabea lagun, lehen bisitariak puntual zeuden hiriko plaza batean zein bestean. Lehen haurrak ere Roxaito txerriaren inguruan zebiltzan, eta «pasa den urtekoa baino txikiagoa» dela eta kexu ibili dira. Larraxko baserriko Manu Eizagirre ere inguratu da umeengana eta «200 kilo dituen txerri lasaia» dela adierazi du.

Ohi baino uzta gutxiago eraman dute aurten baserritarrek, aurtengo emaria ez baita aberatsena izan

 

Pixkanaka joan da betetzen Konstituzio plaza hamaiketako ordua iristerako bete da. Geroz eta jende gehiago zebilen baserritarrez jantzita, goizean goiz azokatik buelta egin dutenak, saskia beteta itzuli dira etxera. Baserritarrek kontatzen dutenez, ohi baino uzta gutxiago eraman dute San Tomaseko azokara, aurtengo emaria ez baita aberatsena izan.

Hernaniko Arriatzu baserriko kideek azaldu dute barazki eta fruitu asko saltzen dituztela gaurko egunez, eta pozgarria dela pandemiaren osten berriro ere itzultzea. Aurtengoan badute «berrikuntza» bat, jadanik txikitutako barazkiak poltsetan saltzen dituzte, porrupatata edo bestelako barazki pureak egitea errazte asmoz.

Gipuzkoa plazan, berriz, lasaiago zebilen goizean goiz; berrerabilpena bultzatzeko udalak ateratako edalontzi urdinak banatzen ari ziren langile batzuk; beste batzuk zapi moreak eta pegatina zein eskuorriak banatzen ari ziren Emakumeen Etxeak eta Udaleko Berdintasun Sailak elkarlanean sortutako kanpainarenak: «Festetan ere aske, eraso sexistarik ez». Bulebarrean postu propioa jarri dute informazioa banatzek. Helburua eraso sexistarik gabeko jai eremua sortzea bada ere, erasoren bat jasanez gero zer egin azaltzeko eskuorriak banatzen ari direla adierazi dute.

Goierriko talogileek, urteroko gisan, arrakasta handia izan dute, plazaren kantoi batean zuten postua, eta hurrengo kantoirainoko ilara zuten hamaiketako ordua iristerako. Bertako artisauen postuak dira gehienak, baina Errioxako ardoa zein Salamacako gozokiak saltzen zituztenak ere bazeuden. Halere, txistorra, taloa, sagardoa, eztia eta euskal pastela salmahaian zituzten mahaiek zuten ilararik luzeena.

Afizio adina plaza

Bretxan astero egiten da azoka, baina gaurko egunean forma berezia hartzen du. Sarriegi plazara iritsi aurretik txalapartariak zeuden, eta inguruko jende guztia hotsera hurbildu, eta ondoren plazara sartzera animatu dira. Erleen leihaketa zegoen Bretxan, eta Gipuzkoako Erleen elkarteko kideek, «erleen hibernazioa» nolakoa zen kontatzen zien gerturatutako bakoitzari, ezti potoetatik koilarakada bat hartzen dugun bitarte prozesua zein izaten den azalduz.

Baserritar jantzietan adituenak, eta baita jantzi dotoreenak zituztenak ere, Bulebarreko kioskoan elkartu dira

Baserritar jantzietan adituenak, eta baita jantzi dotoreenak zituztenak ere, Bulebarreko kioskoan elkartu dira. Gero Axular dantza taldeak baserritar jantzien leihaketa antolatu baitu; familiek, haurrek eta helduek hartu dute parte. Desfile eta desfile artean dantza taldekoek eskaini dute emankizuna.

Trinitate plaza izan da esnatzen azkena. 13.30ean jokatu da Emakumezko aizkolarien V. Urrezko kopa. Guneari irekiera Beñat Gaztelumendi eta Eli Pagola bertsolariek eman diote, Pagolak San Tomaseko festa txerriaren inguruan sortzen dena baino askoz gehiago dela kantatu du, eta Gaztelumendik, aldiz, hiriari egin dio erreferentzia, «askok ez dute aitortzen baina hau ere bada Donostia». Belaunaldi ezberdinak bildu ditu Trinitateko plazak, haurrak, gazteak eta helduak, kirolzaleak eta bertsozaleak, sagardoa eta taloa lagun.

166 postu eta sei plaza baino gehiago bete dira jendez, pandemiaren osteko lehen San Tomasak ospatu dira, baina herritarrek ez dituzte ohitura zaharrak ahaztu eta eutsi diote egunari. Bertaratu ez direnek askok ere, izango zuten gaurko egun sonatuaren berri, mugikorrak eskuan bideo dei bat baino gehiago ikusi dira eta plazetan zehar.