INFO

Heldu den otsailean egingo dituzte udal hauteskundeak Senperen

Pirinio Atlantikoen Prefeturak jakitera eman duenez, Senpereko Herriko Etxean sorturiko krisiak hauteskundeak berriz egitea eskatuko du. Era berean, botoa emateko datak zehaztu ditu Estatu ordezkaritzak. Lehen itzulia otsailaren 19an ezarri du eta bigarrena, berriz, 26an.

Senpereko udalean azaroaren hasieran eginiko osoko bilkura. (Guillaume FAUVEAU)

Senpereko Herriko Etxean sorturiko krisiak boto-ontzietara jotzea eskatuko du berriz ere.

Hala baieztatu du asteazken honetan, hauteskunde araudia eskutan, Pirinio Atlantikoen Prefeturak.

Hedabideetara igorritako agirian Dominique Idiart auzapezari gehiengoa galtzera eraman duen krisiaren bilakaera laburbildu du Estatu ordezkaritzak.

Hala, iragan abenduaren 12az geroztik «dimisioen olatua» gertatu dela Senpereko udal kontseiluan azaldu du Prefeturak.

Hauteskunde araudiak mila biztanle gorako herrietan horrelako egoerak gertatzen direnean aplikatu behar den aterabidea oroitarazi du, ondoren, Prefeturak.

Hala, udal kontseiluak bere hautetsien herenak galtzen duenean, eta azkeneko dimisioa gauzatu izan denetik hiru hilabetetara quoruma berreskuratzea ezinezkoa bilakatzen denean, Senperen gertatu den bezala, «hauteskunde partzial integralak» deitu behar direla azaldu du Prefeturak.

Estatu erakundeak ondoko datak zehaztu ditu berriro ere hautetsontziak ezartzeko Lapurdiko herrian.

Udal hauteskundeen lehen itzulia heldu den otsailaren 19an egingo dute Senperen. Inolako hautagaitzarik ez badu botoen %50a gainditzen, bigarren itzulia otsailaren 26an ospatuko litzateke.

Hautagaitzak aurkezteko epea heldu den urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra luzatuko da.

Dimisioak gertatu arren, auzapeza buru duen udal gobernuak lanean jarraitzen duenez, Prefeturak baztertu du hauteskundeak egin arte «batzorde berezia» sortzeko aukera.

Joan zen udazkenean Senpereko herri kontseiluan azaleratu zen krisiak atzera egiteko ezinezko egoeran sartu zen abenduaren hasieran.

Agir pour Saint-Pee oposizio taldeko zazpi zinegotzik dimisioa aurkeztu ondoren, 2023ko martxora bitartean udal bozak berriro egiteko atzerako kontuan martxan jarri zen.

«Boza partzial integralak» egiteko dei ofiziala

Agir Pour Saint-Pee taldeak iragarritako dimisioa ez zen sorpresa izan. «Egoera jasangaitza da eta nahitaez behar da dinamika berria martxan eman», iragarri zuen dagoeneko iragan azaroan Jean-Bernard Dolosor-ek, taldeko bozeramaileak.

Alkateak azaroaren 10ean deituriko udalbatzarretik alde egin zuen taldeak bilera hasi aitzin.

Dimisioen katea lehenago hasi zen, ordea. Zehazki iragan urriaren 8an udal gehiengoaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzaleko bost hautetsik aliantza bertan behera uztea deliberatu zuten.

Ordurako, udal gobernuan jarduten zuten bertze bost kontseilarik tantaka beren ardurak utzita zituzten Dominique Idiart auzapezaren lan moldeekin ados ez zirelako.

Asteazken honetako iragarpenaren ondotik, Prefeturak heldu den otsailean Senperen «boza partzial integralak» egiteko deialdia ofiziala eginen du urtarrilaren hasieran.