INFO

Italian atezain bati kontratua deuseztatu nahi izan diote haurdun geratu delako

Atezainak aitortu du klubak «bakarrik, alferreko eta ezgai» sentiarazi duela. Taldea saiatu da atezainari soldata ez ordaintzen, eta bertatik baztertzen, baina ez du lortzerik izan. Lege batek bermatzen du andrea haurdun geratzen den kasuetan kontratua ezin dela amaitu arrazoi horrengatik.  

Alice Pignagnoli Italiako Luchesse taldeko atezaina (Wikipedia)

«Jostailu zahar bat bezala» sentitu zen Alice Pignagnoli, eta ez da gutxiagorako. Reggio Emiliako (Italia) atezainak Lucchese Italiako Serie C mailan (hirugarren mailan) jokatzen du, eta pasa den urrian bigarrenez geratu zen haurdun. Klubari haurdunaldiaren berri eman zioenean, ordaintzeari utzi zion, eta taldetik baztertu zuen. «Lehenik eta behin, kirol materiala itzultzeko eskatu zidaten, denboraldia amaitu arte kontratua izan arren. Gainera, lo egiteko nire lekua libre utzi behar izan nuen, eta taldetik bota zidaten hitzik esan gabe. Benetan beharrezkoa bazen niri alde batera uztea, ulertzen ez dudan arren zergatik, gutxienez zerbait esan zezaketen, bi hilabetez jokatu nuelako haiekin, eta nire eginbeharrak bete nituelako».

Pignagnolik urte baterako sinatu zuen Lucchese taldearekin, eta bi hilabetera, haurdun geratu zenean, klubak kontratua deuseztatu nahi izan zion. Hori, ordea, debekatuta dago. Izan ere, lege batek bermatzen du emakumea haurdun geratzen den kasuetan kontratua ezin zaiola amaitu arrazoi horrengatik. Eskubide horren inguruan, Pignagnolik azaldu du edozein lanetan bezala, futbolean ez dela berdin ikusten: «Langile batekin egingo balitz niri egin didatena; adibidez, ordenagailua kendu, gero mahaia... milaka demanda egingo lirateke. Futbol talde batek egiten duenean, berriz, gai berria da, futbolean aritzen diren ama gutxi daudelako. Hala ere ez da ahaztu behar giza duintasunarekiko errespetua».

Momentu horretan, atezainak aitortu du klubak «min» egin ziola emakume, ama eta kirolari moduan, eta zauri sakona eragin diola. Izan ere, «bakarrik, alferreko eta ezgai» sentiarazi du. Lucchesek egin dion min emozionalaz gain, ekonomikoki ere zauria handitzeko ahaleginak egin ditu. Pignagnolik haurdun geratu zelaren berri eman zuenean, klubak esan zion ez zizkiola atzerapenak ordainduko. Azkenerako, baina, atezainaren abokatuaren borrokari esker, atzerapenak ordainduko dizkio.

Aurrez ere, haurdun

Orain dela zenbait urte, Italiako Serie B mailako (bigarren mailako) Cesena taldean zegoela, bestelako egoera bizitu zuen. Klubera iritsi eta bi hilabetera haurdun geratu zen, eta klubak «gizaki» baten moduan tratatu zuela adierazi du Pignagnolik: «Jokalari garrantzitsu bat nintzela esan zidaten, eta taldean geratzeko aukera nuela hala nahi banuen». Gauzak horrela, Cesenak kontratua deuseztatu zion –momentu horretan posible zen haurdunaldiagatik kontratua desegitea–, eta hori konpentsatzeko, gastuak ordaindu zizkion klubak taldekideekin batera egoteko.

Bigarren haurdunaldiaren ondotik, futbolean jarraitzeko asmoa du atezainak, nahiz eta aitortu duen lehen aldian baino zailagoa izango dela itzulera, haren arduran izango dituelako hiru urteko ume bat, eta jaioberri bat. Hala ere, momentuz, haurdunaldiaz «gozatzen» ari dela dio, eta ikusi beharko dela nork eman nahiko ote dion aukera bat bigarrenez ama izango den bati. Luccheserekin ekainaren 30era arte du kontratua, eta datorren urteko urtarrilaren 31ra arte, behintzat, klubak ordaindu beharko dio soldata. Gerokoa, alegia, otsailetik ekainerakoa federazioak ordainduko dio, amatasunerako funtsaren ardura baita.

Azken urteetan, emakumezkoen futbolean gero eta gehiago dira haurdun geratu diren jokalariak. Besteak beste, Sara Björk Juventuseko jokalaria –Olympique de Lyon taldean zegoenean geratu zen haurdun–, eta Maria Alharilla levanteko jokalaria –aitzindaria da Espainiako gorengo mailan bere ibilbide profesionalean etenaldia egin zuelako haurdun geratzeko–. Euskal Herrian, Maider Irisarri Osasunako jokalari ohia da erreferentea. Iruindarra ama izan zen lehen emakumezko profesionala bilakatu zen, 2019an –Osasuna bigarren mailan zegoen–.