INFO

Zelenskik bake plan bat proposatu dio Bideni, Ukrainaren «subiranotasuna arriskuan jarri gabe»

Volodimir Zelenski presidente ukrainarrak Errusiaren aurkako gerran bakea lortzeko «urrats zehatzak» proposatu dizkio Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako agintariari, betiere bere herrialdearen «subiranotasuna, askatasuna eta lurralde osotasuna arriskuan jarri gabe».

Zelenski eta Biden, Etxe Zurian eginiko bileraren ostean. (Brendan SMIALOWSKI | AFP)

«Presidente gisa, bakeak ez du esan nahi nire herrialdearen subiranotasuna, askatasuna eta lurralde osotasuna arriskuan jartzen direnik», esan du Volodimir Zelenskik Bidenekin bildu ostean eskainitako agerraldian.

Iragan otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik Zelenskik atzerrira egin duen lehen bidaia honetan, Joe Bidenekin izan da Etxe Zurian eta bakea lortzeko «urrats zehatzak» proposatu dizkio AEBetako presidenteari.

Ukrainar lehendakariak azaldu zuenez, AEBetako buruzagiarekin «Errusiako Estatu terroristaren» aurkako zigorrak ezartzearen inguruan hitz egin du, inbasioagatik «kontuak eman ditzan», baina «bakerako formula bat aurkitzea oso garrantzitsutzat» jo du.

«Urrats oso espezifikoak planteatu ditugu Estatu Batuek inplementatzen lagun diezaguten. Bake bilera baterako formula bat proposatu genuen», ziurtatu du.

Hala ere, Zelenskik berretsi du Errusiarekin negoziatzeak ezin duela Ukrainaren lurralde osotasuna arriskuan jarri, eta Kremlinek inbasioarekin egindako kaltea konpondu behar duela iradoki du. «Ezin da bakea bakarrik egon inposatu ziguten gerra honen ondoren», esan du Zelenskik.

Bidenek, bere aldetik, Ukraina «inoiz ez dela bakarrik egongo» agindu dio Zelenskiri, eta bertako herritarrek berem etorkizuna erabakitzeko duten «ausardia hautsezina» goraipatu du.

Era berean, Errusiari ere mezu bat bidali nahi izan dio presidente estatubatuarrak, gerra lehertu zenetik Kievi etengabe eman dioten laguntza militarraren harira. Asteazken honetan bertan, artean Zelenski Washingtonerako hegazkinean zihoala, Ukrainari aire defentsarako Patriot misilak emango dizkiotela iragarri du Etxe Zuriak.

«Defentsa sistema bat da, ez dakar eskalada bat, defentsiboa da», esan du Bidenek, Moskuk nola erantzun zezakeen galdetu diotenean.

Bidenen ustez, bake-negoziazioa egiteko modu bakarra ukrainarrek errusiarrak mendean hartzea da, eta, beraz, bere herrialdeak Ukraina armatzen jarraituko duela agindu du.

AEBetako presidetak azpimarratu du Zelenski «bakea bilatzeko prest» dagoela, eta Errusiako presidenteari, aldiz, gauza bera egiteko «inolako asmorik ez izatea» aurpegiratu dio.

Kongresuaren aurrean

Bidenekin hitz egin ondoren, Zelenski AEBetako Kongresuan agertu da. Bertan adierazi duenez, laguntza «ezinbestekoa» da Errusiari aurre egiteko. «Gure garaipena bizkortu dezakezue», gaineratu du.

Zelenski AEBtako Kongresuan egindako agerraldia. (Chip SOMODEVILLA/AFP)
Zelenski AEBtako Kongresuan egindako agerraldia. (Chip SOMODEVILLA/AFP)

Dioenez, diru-laguntza «demokrazian egindako inbertsio» gisa ulertu behar da. «Askatasunerako eta segurtasunerako borroka bat da, eta. definituko du zein mundutan biziko garen», esan du, eta datorren urtea «inflexio-puntua» izango dela ohartarazi du.

Esan duenez, Errusiarrek baliabide gehiago dituztela aitortu du, «baina gure indarrak tinko mantentzen dira». Izan ere, beraren esanetan, Ukrainak «ez du inoiz amore emango».

Amaitu aurretik, Joe Bidenekin hamar puntuko bake plana eztabaidatu duela baieztatu du. «Bakea behar dugu, eta Ukrainak dagoeneko eskaini ditu proposamenak», adierazi du.

Zelenskik Ukrainako soldaduek sinatutako bandera utzi du Kongresuan opari gisa. Trukean, Pelosik AEBetako bandera eman dio presidenteari.

Chuck Schumer AEBetako Senatuko Alderdi Demokrataren buruak nabarmendu du Zelenskik emandako hitzaldia «une egokian» iritsi dela. «Ukrainari lagundu beharko geniokeela zalantzan jarri dutenek bere hitzaldia ozen eta argi entzun izana espero dut», adierazi du.

Dena den, Kevin McCarthy errepublikanoen ordezkariak kritikatu du diru-laguntza. «Ukrainari babesa ematen diot, baina ez dut txeke zuririk defendatuko», azpimarratu du.