INFO

Bi urteko kartzela zigorra Tuterako gizon batentzat bikotekideari egindako tratu txarrengatik

Tuterako gizon bati bi urteko kartzela ezarri diote indarkeria matxistagatik. 8.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, eta distantzia errespetatu. Bestalde, 30 urteko zigorra baieztatu dute Tuterako beste gizon batentzat, adin txikiko senideez abisatzeagatik eta pornografiagatik.

Eraso matxisten kontra egindako elkarretaratze baten artxiboko argazkia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Iruñeko Zigor Arloko 5 zenbakiko epaitegiko titularrak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio Tuterako bizilagun bati, bere bikotekideari tratu txarrak egiteagatik; iraindu, umiliatu eta inorekin harremanak izatea galarazten zion, eta inoiz jotzera ere iritsi zen.

Auzipetuak 8.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari eragindako kalte moralagatik, eta ezin izango da 200 metro baino gutxiagora hurbildu, ezta lau urtez harekin komunikatu ere.

Epaiaren arabera, bikotekideak ia egunero iraintzen zuen, ezertarako balio ez zuela esanez umiliatzen zuen eta emakumearen gaineko kontrol jokabideak zituen. Bera edo bere familia ez zen beste inorekin harremanak izatea eragozten zion. Eraso fisikoak ere egin zizkion, eta inori ezer ez esateko mehatxu egin.

Salatzeko beldur

Epaian, epaileak azaldu du lesioak objektiboki frogatzen dituzten mediku parterik ez egoteak baduela azalpena, genero indarkeriak sortutako mendekotasun harremanetan maiz gertatzen dela, gainera.

«Ezagunak dira mota horretako biktimen anbibalentziak, lehen salaketa egitea zaila den bezala, gero, salaketa hori kentzea ohikoa da. Oinarrian harremanaren mendekotasun emozionalak eta presio soziala daude, indarkeriaren normalizazioaren eraginez».

30 urte senide adingabeez abusatzearren

Bestalde, Auzitegi Gorenak 30 urteko espetxe zigorra baieztatu du Tuterako beste gizon batentzat, senide adingabekoez abusatzeagatik eta pornografiagatik. 13 urtetik beherako haurrei egindako hiru sexu abusu delitu leporatu dizkiote. Horietako bat bere urtebeteko semeari egin zion, beste bat orduko bere bikotekidearen lau urteko semeari eta hirugarrena zortzi urteko ilobari, neskatoa bera. Gainera, adin txikikoak erabiltzen zituen material pornografikoa osatzeko eta delitu hori ere egotzi diote.

Kondenatuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra aurkeztutako helegitea baztertu du Aretoak. Nafarroako Probintzia Auzitegiaren epaia baieztatu zuen Auzitegi Nagusiak. Probintzia Auzitegiak, gainera, bi biktimari 5.000na euroko kalte-ordaina emateko agindu zion.

Frogatutako ekintzek diotenez, 2016ko ekainaren 14an kondenatuak poltsa ahaztu zuen Tuterako pasealeku bateko eserleku batean. Bertan USB memoria bat zeuden bi SD txartelekin eta kamera batekin. Dokumentazioa ere bertan zuen.

Emakume batek Guardia Zibilaren kuartelera eraman zuen eta polizia batek memoriaren eta bi txartelen segurtasun kopiak egin zituen. Udaltzaingoari ere abisatu zion, galdutako objektuekin egiten den bezala, informazioa emateko. Behin poltsaren jabeari deituta, kuartelera joan zen bila biharamunean.

Egun horretan bertan, guardia zibilak segurtasun kopiaren edukia ikusi zuen eta adingabeen pornografia ikusi zuen karpeta batean. Tuterako epaitegiari jakinarazi zion orduan eta honek gizonaren etxea miatzeko baimena eman zuen.

Ekainaren 22an egindako miaketa horretan material gehiago harrapatu zuten eta bigarren miaketa bat egin zuten abuztuan. Hor ere topatu zuten haur pornografia eta akusatua atxilotzea erabaki zuten.