INFO

Euskara sustatzeko ekintzek herritarren babesa jaso dutela frogatu du Lakuak

Lakuako Gobernuak azterlan bat egin du euskara sustatzeko ekimen posibleei buruz herritarrek duten iritzia biltzeko asmoz. EAEn euskara sustatzeko interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri aurkeztu dizkiete herritarrei, eta guztiek herritarren gehiengo zabalaren babesa jaso dute.

Gasteizko parlamentarien ekintza Euskaraldiaren hasieran, azaroaren 18an. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskara sustatzeko interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri aurkeztu dizkiete herritarrei Lakuaren ikerketa batean. Guztiek babes zabala jaso dute, hurrenkera honetan: «Administrazioak herritarrak aukeratzen duen hizkuntzan erantzun beharko luke beti» (%95 oso edo nahikoa ados), «euskaltegian euskara ikasi nahi duenari bere beharren araberako eskaintza egin beharko litzaioke» (%95) eta «enpresek edota entitate pribatuek herritarrak aukeratzen duen hizkuntzan erantzuteko edo atenditzeko ahalegina egin beharko lukete» (%90).

Eta jarraian: «Gazteek interneten euskaraz jardun dezaten, euskarazko eskaintza sustatu beharko litzateke» (%84), «euskararen ezagutza eta erabilera nagusi diren guneak eratu eta babestu beharko lirateke» (%84), «saltokietan ikur bat jarri beharko litzateke, bezeroak erosketak euskaraz egin ditzakela jakin dezan» (%78), eta, azkenik, «euskara zabaltzeko ezinbesteko tresna direnez, euskarazko hedabideak berariaz babestu beharko lirateke» (%78).

Gehiengoa ados agertu da «enpresek langile gazteei euskaraz jardun dezaten aukera eman beharko liekete» ideiarekin ere (%85). Eta baita, maila apalagoan bada ere, eskolaz kanpoko «kirol jarduerak» (%66) eta «aisialdi jarduerak» (%65) euskaraz egin beharko liratekeela esatean ere.

Lehentasunak, hezkuntza eta administrazioa

Hizkuntza sustatzeko aurkeztutako eremu guztiak lehentasunezkotzat jo dira, garrantziaren araberako hurrenkera honekin: ikastetxeak (hamarretik 8,6), administrazio publikoa (7,8), ekintza kulturalak eta hedabideak (7,4), osasun zentroak (7,3), ingurune digitala (7,2), kirola (7,1), eta aisialdia (7,0).

Herritarren ustez, lehentasun apalena dutenak dira merkataritza (6,9) eta lantokiak (6,6).

Ikerketa 18 urtez gorako herritarrei zuzendua izan da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.200 lagunek osatu dute lagina. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion errorearen estimazioa ±% 2,89koa da EAE osorako. %95,5eko konfiantza maila du. Informazio bilketa 2022ko azaroaren 16a eta 22a bitartean egin zen.

Txosten osoa honako webgunean dago eskuragarri:
http://www.euskadi.eus/ikerketa-soziologikoak