INFO

Liskar baten baitan, bi lagun zauritu dira labankadaz Sarrigurengo etxe batean

Hiru lagunen arteko liskar baten baitan, bi lagun labankadaz zaurituak izan dira Sarrigurengo etxe partikular batean. Biak ala biak ospitalera eraman dituzte anbulantzian eta horietako bat, ondoren, atxilotua izan da.

Nafarroako Foruzaingoak atestatua ireki du gertatutakoa argitzeko.

Sarrigurengo etxe batean hiru pertsonen artean izandako liskar baten baitan labankadaz zaurituak suertatu dira bi lagun eta biak ala biak anbulantzian ospitalera eraman dituzte, artatuak izateko.

Nafarroako Foruzaingoak igande honetan azaldu duenez, gertaerak eguerdi honetan jazo dira, 12.15 inguru zirenean, etxebizitza partikular batean. Antza, liskarrean hiru pertsona egon dira inplikatuta eta horietako bi labankadaz zaurituak suertatu dira. Iturri berberek azaldutakoaren arabera, senitartekoak izango lirateke.

Abisua jaso ondoren, emergentzia zerbitzuez gain, polizia ere bertaratu da eta atestatua ireki du gertatutakoa argitze aldera. Momentuz, ez dute aditzera eman zerk piztu duen kideen arteko liskarra.

Zauritutako bi pertsonak Nafarroako Ospitalera eraman dituzte eta ondoren horietako bat atxilotua izan da.

Honakoa ez da gaurko egunez arma zuri batek eragin dituen zaurien ondotik jazotako gertaera bakarra. Donostian, goizaldean, gazte bat zendu da labankadaz zauritua izan ondoren. Biktima hernaniarra zen eta 24 urte zituen. Momentuz, Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu eta ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Larrialdi zerbitzuek gaztearen heriotza baieztatu dute eta Okendo plaza ordu luzez itxita egon da. Gertakariak inguruko lokal batean gertatu dira, antza.