INFO

Minbiziaren kontra indarrak batu ditu XIV. Kontxapuzoia ekimen solidarioak

Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean Kontxapuzoia ekimen solidarioa itzuli da Kontxako hondartzara. XIV. edizioak Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitalea lagundu nahi izan du, hala nola gaitza diagnostikatzen zaien pertsonei zein haien gertukoei.

Udaberriko eguraldiak itsasoan murgialdia goxotzen lagundu du. (Jon URBE | FOKU)

Minbiziaren borrokan aletxoa jarri asmoz itzuli da, pandemiaren etenaldiaren ostean, Kontxapuzoia ekimen solidarioa. Ohiturari eutsiz, Eguberri egunez hartu dute dozenaka lagunek bainu freskagarria Kontxako uretan.

Eguraldia lagun, Fortuna kirol elkarteak antolatzen duen ekimenera hurbildu dira parte hartzaileak; beteranoak batzuk, lehen aldia zutenak beste batzuk. Denak, ordea, minbizia pediatrikoaren aurka dirua bildu asmoz.

Aurten egin den XIV. edizioak bi helburu izan ditu. Batetik, Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitalearen alde egitea. «Espazio hori alaiagoa eta atseginagoa izan dadin lagundu nahi dugu bertan hainbeste denbora egon behar diren haurrentzat», zehaztu dute antolatzaileek.

Bigarren helburua «minbizia diagnostikatzen zaien pertsonei eta haien zirkulu hurbilenari laguntzea» asmoa duen proiektu bat babestea izan da, besteak beste, tratamenduaren faseei buruzko informazioa emanez.

Parte hartzaileek itsasoan murgildu dira ibilbidek dituen 300 metroetan; ordea, beste parte hartze mota bat zabalik dagoela gogorarazi dute. ‘Toldo 0’ izenarekin, aktiboki parte hartu ez baina ekimenean lagundu nahi dutenek aukera dute beste modu batean inplikatzeko.

Fortuna kirol elkartearen gunearen bidez, eta urtarrilaren 6ra arte irekitako epean, izen eman daiteke 15 euro dohaintzan emateko.