INFO

Iñaki Bilbao presoak gose greba berri bati ekin dio Zaballako espetxean

Iñaki Bilbao presoa abenduaren 23an gerturatu zuten Topasetik Zaballako espetxera eta hurrengo egunean jakinarazi zion bertako zuzendaritzari gose greba berri bati ekingo ziola. Bosgarren gose greba du hau eta 2020an, 50 egun baino gehiagoko baraualdiaren ostean, ospitaleratu egin behar izan zuten.

Iñaki Bilbao Goikoetxea, Auzitegi Nazionalean, (POOL EFE)

Gose greba berri bati ekin dio Iñaki Bilbao presoak, ‘El Correo’ egunkariak jakinarazi duenez. Ostiralean, abenduak 23, iritsi zen Zaballara aspaldi EPPKtik aldendutako presoa, eta 24 ordu beranduago jakinarazi zuen gose greba abiatuko zuela. Topaseko kartzelatik iritsi eta gutxira helarazi zion bere erabakia Zaballako espetxeko zuzendaritzari.

Aurretik beste lau gose greba egin ditu Bilbaok. Azkena iazko abuztuan, Topasen zegoenean. Aurretik, Puerto de Santa Marian ere egin zituen baraualdiak eta horietako batean, 2020ko irailean, ospitaleratu egin behar izan zuten osasun egoerak nabarmen okerrera egin ostean. Orduan, ospitaleratzeko agindua Auzitegi Nazional espainolak eman zuen auto batean; «bizirik mantentzeko egin behar den guztia» egin dadila ere agindu zuen une horretan epaitegiak. 50 egun baino gehiago eman zituen orduan protestan.

EITBk baieztatu duenez, Bilbaok «Euskal Herri sozialista, euskalduna, independentea, antikapitalista eta antipatrialkala» aldarrikatu nahi ditu horrela baraualdi berri honen bidez. Era berean, Argentinako Euskal Herriaren Lagunak iturria aipatuta, Zaballara iristerakoan pairatutako tratua salatu nahi du.