INFO

«Mesias Sarritan» kanta ospetsuaren 130. urteurrenean, Bartolome Ertzilla berreskuratuz

Bartolome Ertzilla (1863-1898) durangar konpositorearen bizitzaren ia arrastorik ez da gelditu. Gazte hil zen, 35 urterekin, eta argazki bakarra iritsi zaigu, agian apokrifoa. Bihar bere “Al nacimiento del hijo de Dios” lanaren (“Mesias sarritan” edo “Belengo portalian”) 130. urteurrena beteko da.

Durangoko La Amistad musika banda liberalaren partaideak, 1893 inguruan. Erdian, bizar eta batutarekin, Bartolome Ertzilla. Dagoen argazki bakarra omen da. (DURANGOKO ARTXIBO HISTORIKOA)

Durangoko alde zaharraren bihotzean, egun desagertuta dagoen Erdi Aroko harresiaren barneko hirigunean, iraganaren eta gaurkotasunaren arteko bidegurutze bat agertu zitzaiola ohartu zen bat-batean Marian Diaz Gorriti dokumentalista: Balbino Garitaonandia (1857-1916) idazlearen plazaren kale kantoian bizi da betidanik Marian. Metro eskasetara Bartolome Ertzilla kalea dago. Txikia da, pasabide arrunta. Ez da bereziki polita; ia oharkabean atzean uzten duzun horietakoa.

Kalearen anonimotasun horrek berak Bartolome Ertzilla (1863-1898) konpositorearen bizitzaren metafora irudika dezake: gazte hil zen, 35 urterekin, baina hainbat lan utzi zituen, eta horietako batzuk bere atzetik etorritako belaunaldien imajinarioan iltzatuta gelditu dira... Halere, Bartolome Ertzilla musikari hura ezezaguna da oso, ia misterio bat bihurtu arte. «Argazki bakarra gordetzen da, La Amistad musika bandaren zuzendaria izan zenekoa. Baina agian argazkian dagoena ez da bera, musika banda behin bakarrik zuzendu zuelako eta kasualitatea beharko zuen izan hain justu egun horretan argazkia atera izana», azaldu du Marian Diaz Gorritik.

Mariani iraganeko «ahanzturaren lainoan» galdutako sortzaile hau gurutzatu zitzaionetik lauzpabost urte pasatu dira. Paper zaharren artean arakatzen eman dituen urteak izan dira, garai hartatik heldu zaigun dokumentazioa miatuz: prentsa, herriko kronikaren liburuak... Azkenik, hainbeste buruko min eta aurkikuntza goxo ekarri dizkion “obsesioak” sormenaren bidea zabaldu dio: liburu bat kaleratu zuen 2019an (“Bartolomé de Erzilla 1863-1898. La primavera del pianista”, Carlos Lopez Pardorekin batera -autoekoizpena-) eta abendu honetan bildumagileentzat altxortxoa bihurtu daiteken biniloa aurkeztu du Durangon bertan (“Mesias sarritan eta Belengo portalian” izenekoa, Bogoroditsie abesbatzaren, Herri Maite akordeoi taldearen, Bidane Txopitea sopranoaren eta Iker Sagala txistulariaren partaidetzarekin grabatuta).

Balbino eta Bartolome

Jarrai dezagun Durangoko herrigunetik paseatzen. Bartolome Ertzilla kaletik jarraituta ondo-ondoan Santa Ana plaza dotorearekin egingo dugu topo. Aurrez aurre ibaia eta jauregi zaharrak ditugu, eta guztiari gailentzen herriko harresi barnera sartzeko eraikitako arku ikonikoa dago. Santa Ana izena du eta izen bereko plazarako sarbidea da. Han, Santa Ana elizako koruan, 1892ko abenduaren 25ean estreinatu zen “Al nacimiento del hijo de Dios”, hiru ahotserako koroa eta tenore bakarrarentzako zortzikoa.

Bartolome Ertzillak gaztelaniazko titulua jarri zion gabon kantari, testu osoa euskaraz idatzita zegoen arren. Horregatik, konposizioari hasiera ematen dioten bi hitzekin (“Mesias sarritan”) ezagutu ohi da kanta hau; hau da, abesbatzaren zatiaren hasieran agertzen diren lehen bi hitzekin. Ordutik gabon kanta hau Euskal Herriko txoko guztietan entzun ahal izan da, erabat herrikoia bihurtu arte. Pentsa, gabon kanta honen barneko zortzikoaren bi hitzekin ere ezagutu ahal izan da: “Belengo portalian”, alegia.

Bata (“Belengo portalian”) zein bestea (“Mesias sarritan”) erabili ohi dira Gabonetako otorduen osteko abesti tradizionala bihurtu den kanta izendatzeko. Mende baten bueltan herriak bere egin du.

Kantaren letra Balbino Garitaonandiak idatzi zion Ertzillari. Bai, Marian Diaz Gorritiren etxe ondoko plazari izena ematen dion Balbino bera da. «Konturatzen al zara nola nagoen inguratuta?», dio emakume honek umoretsu. XIX. eta XXI. mendearen arteko “bidegurutze” batean dagoela dirudi. Hemen kantaren letra: «Mesias sarritan agindu zana / aingeru artean dator gugana (bis). / Gloria zeruan bakea hemen / kantari aingeruak dagoz Belenen (bis). / Belengo portalean, negu gogorrean, / jaio da gure Jesus askatxo batean. / Estalki gabe dago, abere artean / guztiz ahaltsua dana zeru ta lurrean. / Hantxe dago / gure Jesus. / Hantxe dago, bai. / Haurtxo txikia / askan dago / amak esan dio / lo egiteko / baina haurtxoak / begiekin / esaten dio: / ama ezin».

Bohemio baten abenturak

Marian Diaz Gorritik Carlos Lopez Pardoren laguntzarekin kaleratutako “Bartolomé de Erzilla 1863-1898” liburuaren sarreran, “Musikagile inspiratuaren oroimenez” izenpeko ataltxoan, “El noticiero bilbaíno” egunkariak 1887ko apirilaren 17an argitaratutako irunskin adierazgarri bat irakur daiteke: «Jakin izan dugunez, La Amistad izeneko heziketa eta aisialdi elkarteko zuzendaritza batzordeak piano-jotzaile izendatu du Bartolome Ertzilla konpositore eta piano-jotzaile ezaguna, eta urteko 1.000 pezetako soldata eman dio. Era berean, entzun dugu Ertzilla jaunak, izendapen horren berri izan duenean, esleitu zaion soldatari uko egiten diola, harik eta elkarteak, sortu berria denez, beharrezkoagoak dituen beste betebeharrak bete arte. Ertzilla jaunaren eskuzabaltasun hau jarrera txalogarria da erabat».

Marian Diaz Gorriti Santa Anako arkupearen aurrean. Ondoan, eliza dago. Han estreinatu zen gabon kanta ospetsu hau. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Ados, hemen pertsonaiaren izaeraren arrasto bat ematen zaigu, baina nor zen Bartolome Ertzilla? 1863ko abuztuaren 24an jaio zen Durangon, seguruenik Barrenkale kalean, anai-arreben artean hamargarrena. Aita, Juan Thimoteo de Ercilla y Zenarruzabeitia, alkatea izatera iritsi zen; antza, liberala zen. Ama, Josepha Teresa Rementeria Garate. «Bartolome jaio zenean 21 urte zeramaten ezkonduta eta zenbait seme-alaba hil zitzaizkien, 7 urte bete ez zituzten haurrak», dio Marianek.

Garai hartan karlismo-tradizionalismoaren eta liberalen arteko talka gori-gorian zegoen. Edo kontra edo alde behar zenuen egon. Marian Diaz Gorritik eta Carlos Lopez Pardok osatu duten Ertzillaren biografian garai nahasi horien kronika bizia islatzen da: Borboien aurkako 1868ko iraultza aurkitu dezakegu orrialdeotan, Isabel II. erregina espainiarrak Donostiako oporretatik erbesterako bidea hartu behar izan zuenekoa; hemen dago Lehen Gerra Karlista ere, Alfonso XII. errege berriaren izendapena, euskal foruen indargabetzea 1876. urtean, lehenengo industrializazioa eta Bizkaian izan ziren lehenengo grebak edo euskal kultura tradizionala bultzatzeko sortu zen mugimendua...

Proletarioen doinuak

Iparragirreren mireslea zen eta euskal folklorea “berpiztearen” aldeko mugimendu horren barnean kokatu zen hasieratik Bartolome Ertzilla musikagile gaztea. Bilbon musikako lehen ikasketak egin ondoren, XIX. mendeko bigarren zatiko euskal musikagile guztiak legez, Madrilera jo zuen 1880an ikasketetan sakontzeko asmoz Musika eta Deklamazio Eskola Nazionalean. Bi urte beranduago Madrilen bertan zabaldu zen Círculo Vasco-Navarro delakoan Miguel Unamuno ezagutu zuen eta seguruenik Julian Gaiarre tenorearekin lehen harremanak izan zituen. Bilbon pianoan lagundu zion nafar tenore ospetsuari 1886an.

Madrilen argitaratu zituen lehen partiturak; esaterako “Recuerdos de Guernica” izenekoa, pianorako idatzitako zortziko bat. Gero Bilbora itzuli zen, Bizkaiko hiriburuan borborka zegoen kultur giroan murgiltzera: konposizio lanarekin batera, irakaskuntzan -ikasle haiei eginiko partitura dexente gorde dira; pianoan jarduteko idazten zien-, pianoa jotzen, instrumentu eta ahots taldeen zuzendaritzan eta kultur ekitaldien antolaketa lanetan ibili zen Bartolome, hala nola Sociedad Bilbainaren musika gaualdiak edo, Antoine d’Abbadiek hauspotuta, Durangoko Euskal Jaiak prestatzen. Abbadiari idatzi zion, hain zuzen, “Suspirus eta negarres” zortzikoa.

«Bartolomeren bizitza laburrak izugarrizko aberastasunaren inpresioa ematen digu -aipatzen du Carlos Lopez Pardok-. Arrazoi askorengatik, bere familiagatik, bere joera pertsonalengatik, bere inguruan bildu zituen lagunengatik, ematen du gertatzen ari ziren gauza garrantzitsu guztietatik gertu egon zela. Ez erdian, agian, baina bai gertu. Bere musikak garai hartako joera nagusiak biltzen ditu. Balsa, mazurka, txotis, habanerak... aristokraziaren saloietatik burgesiaren aisia alaitzera pasatu ziren doinu hauek, eta gero proletarioen aisialdia alaituko zuten».

Rapsodiaren itxiera

Erroldari esker, Bartolome Ertzilla 1894an Durangora itzuli zela jakin ahal izan dute. Bertako ostatu batean hartu zuen aterpe; bohemioa zen, antza. Herrian musika banda bat zegoen, baina tradizionalista. Liberalek beste bat sortzeko erabakia hartu zuten, eta La Amistad deitu zioten. Azkenean, hainbat tirabiraren ostean musika banda biak elkartzeko akordiora iritsi ziren, baina giroa bero zegoen. Bartolome Ertzillak behar zuen zuzendaria izan, inork ez zuen hori zalantzan jartzen... baina bandako lau musikarik bere aurkako gutuna bidali zutenean, “axolagabe” hutsa zela esanez, unea latza izan zen. Beste musikariak bere defentsan atera ziren baina, halere, eragina izan zuen: 1898. urteko bukaera zen, azaroan, 35 urte baino ez zuen musikagile gazte hura ohera sartu eta hilda aurkitu zuten hurrengo egunean. Marian Diaz Gorritik ez du haren ondorengorik aurkitu. Inor ez. Familia honen arrastoa galdu egin da mende baten buruan.

«Al nacimiento del hijo de Dios» izeneko kantaren partitura. Letra Balbino Garitaonandiak idatzi zuen. (ESPAINIAKO LIBURUTEGI NAZIONALA)

Bandako kideek hilkutxa eraman zuten, txandaka, kanposantura arte. 1898ko abenduaren 15ean “Noticiero Bilbaíno” egunkariak haren heriotzaren berri eman zuenean, “La Rapsodia Euskara”-ren egilea zela aipatu zuen. Ados, hori izan zen bera bizirik zela izan zuen arrakastarik handiena, baina “Mesias sarritan” kantak, hori aitortu behar da, adin batekoek urteko sasoi honi lotuta dugun haurtzaroko “soinu banda” izaten jarraitu du.

MUSIKA ESKOLA BAT ETA «HATOR HATOR»

Bere omenez izendatutako kalea xumea den arren, Bartolome Ertzilla ez da ahanzturan erori Durangon. Herriko musika eskola dotoreak bere izena darama -Azokan, Ahotseneko aurkezpenak ere bertan egin dira- eta, adibidez, joan den igandean bi ekitaldiren protagonista bihurtu zen Ertzilla: bata, herriko hainbat musikarik grabatutako biniloaren aurkezpena, Marian Diaz Gorriti eta Carlos Lopez Pardok hauspotuta; bestea Durangaldeko Jaizale txistulari taldeak eman zuen gabon kontzertua, non “Mesias sarritan” kantuaz gain Antonio eta Juan Cruz de la Fuente anaiek, “Durangoko plateruek”, sortutako “Hator hator” jo zuten. Beraz, beste bi datu kontuan izateko: XVIII. mendearen bukaeran jaiotako zilargin edo plateru hauek kanta herrikoi horren egileak direla eta Plateruena antzokiaren izena haiengandik datorrela.