INFO

Tabakalera astelehenetan itxita egongo da urtarriletik aurrera

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa astelehenetan itxita egongo da, eta asteartetik ostiralera ordubete beranduago irekiko ditu ateak. Energia aurreztea da hartutako erabakiaren arrazoia, hedabidei helarazitako ohar batean argitu dutenez.

0 solairuko kafetegia izan ezik, astelehenetan eraikina itxita egongo da. (TABAKALERA)

Tabakalera astelehenetan itxita egongo da, eta asteartetik ostiralera ordubete beranduago irekiko ditu ateak. Energia aurreztea da hartutako erabakiaren arrazoia eta azken hilabeteetan ematen ari diren neurri multzoaren parte da. Horien artean daude, baita ere, argiztapenarekin edota klimatizazioarekin erlazionatutako neurriak.

2015ean ateak ireki zituenetik, Tabakalerak itxita eduki ditu astelehenetan erakusketa-aretoak, zinea eta Medialab, eta asteartetik igandera eskaini du, hortaz, bere programazio nagusia. 2023tik aurrera, eraikinaren gainerako aretoak jendearentzat itxita egongo dira, 0 solairuko kafetegia izan ezik.

Era berean, eta eraginkortasun energetikoaren helburu berarekin, irekitzeko ordutegia ordubete atzeratuko da. Horrela, asteartetik ostiralera ordutegia 10.00etatik 21.00etara izango da, larunbatetan 10.00etatik 22.00etara eta igande eta jaiegunetan 10.00etatik 21.00etara.

Dena den, Tabakalerak oso balantze positiboarekin amaitu du 2022 urtea zentroan egindako hamabi erakusketei dagokionean. Osotara, 167.500 bisitari izan dituzte. Publikoaren balantze horren arabera, kulturaren arloko erreferentzia nagusietako bat da Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa.

‘Emma Kunz. Bide urratzaile bat arte garaikidearekin solasean’ 2022ko lehen seihilekoan ikusgai egon zen erakusketa estatuko arte garaikideko onenen artean kokatu dute, bai komunikabide orokorrek, bai arte garaikidean espezializatutakoek. Tabakalerara hurbildu ziren 20.000 bisitariek Suitzako ikertzaile eta naturopataren atzera begirako historikoa ikusteko aukera izan zuten, nazioarteko eta tokiko 18 artista garaikideren lanekin elkarrizketan. Horien artean zegoen Nora Aurrekoetxea artistaren ‘Diva’ obra, 2022ko Gure Artea sorkuntza-jardueraren saria.

Emma Kunz amaitu ondoren, ‘Vive le cinéma!’ erakusketak asistentzia-datu nabarmenak eskaintzen jarraitu du, eta, gaur arteko datuak kontuan hartuta, 21.700 bisitari baino gehiago izan ditu.

Bestalde, zine-bonua jarri da martxan. Bonu horrekin 2023ko programazioko 40 film ikusteko aukera izango da 120 euro ordainduta. Bonuaren erosketarekin batera, ‘Zinema festa bat da’ (Katixa Agirre), edo ‘El polar francés 1933-1982’ (Antonio José Navarro, martxotik aurrera eskuragarri), argitalpenetako bat eskuratzeko aukera ematen du.