INFO

Seitik sei Elordi eta Zabaletarentzat (21-22)

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletak seigarren partida irabazi dute. Binakako txapelketa hasi denetik, porrotik jaso gabe dago Aspeko bikotea. Jaka eta Aranguren, bestetik, sailkapenaren azkeneko postuan jarraitzen dute, puntu bakarrarekin.

Elordi, bosgarren jardunaldiko partidan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jaka eta Arangurenek lehendabiziko bost jardunaldietan inork lortutakoa erdietsi dute: Elordi eta Zabaleta bikoteari 21 tanto egitea. Gaur arte, Urrutikoetxea eta Albisu ziren Aspeko bikote honi tanto gehien egin dien bikotea (11) eta bikote gipuzkoarrak marka hori gainditu du, baina ez da nahikoa izan garaipena erdiesteko.

Egoera berri bat bizi izan duten arren, 22 tantora lehendabizikoak iristen Elordi eta Zabaleta izan baitira, Binakako Txapelketa hasi zenetik partida guztietan egin legez. Oraindik porrotik ezagutzeke daude eta larunbat honetan, urteko azken partidan, aurkariek estu hartu badituzte ere, lider izatearen konfiantzak seigarren garaipenera eraman dituzte.

Ez da izan bien partidarik onena baina ezusteko oro saihesteko gai izan dira; alegia, gorriak markagailuan hurbildu diren aldiro, urdinek ondo erantzun dute. Nolanahi ere, bataren zein bestearen akatsak tarteko, azken tantora berdinduta iritsi dira eta beraz, azken pilotakadan erabaki da guztia.

Jakak eta Arangurenek akaso erakutsi duten mailarako merezi baino puntu gutxiago daukate. Gaurkoan ere Lizartzakoak maila aparta erakutsi du eta zenbait unetan jokoz kanpo harrapatu du bikote urdina.

3-4, 7-8, 9-11... Gertu aritu dira gorriak baina beti atzetik. Zenbait tanto erreskadan pilatu arren, markagailuan beti aurretik joatearen segurtasunarekin aritu dira urdinak eta gorriak 17-18 hurbildu direnean ere ez dira kikildu. Elordik txapara bota du Arangurenen erantzundako pilota bat eta azken hutsarterako baimena eskatu du. Mallabiarrak, etxean jokatzen, minen bat sentitu du eskuan eta aldageletarako bidea hartu du.

Aldageletatik bueltan, baina, Zabaletaren indarrak protagonismoa hartu du eta berriro ere bi tanto aurretik jarri dira urdinak (17-19). Gorriek borrokatu dute hemezortzigarrena egiteko –Arangurenek sekulako pilota eraman dio Elordiri– baina Jakak, atzeko kuadrotik, ezin izan du eraman mallabiarraren pilotakada (17-20).

Bigarren aukeran, berriro ere Arangurenen sekulako erantzunarekin, lortu dute aldea bi tantora murriztea (18-20) eta beraz, partidari emozioa jarri diote. Ikusikizunik ez da falta izan urteko azken partidan, alegia. Are gehiago, 20 tantora berdintzea ere lortu dute gorriek eta beraz, bikote liderra benetan estu hartu eta porrota jasotzea, are mingarriagoa izan da.

Izan ere, Arangurenek pilotakada gora bidali du eta urdinak berriro ere aurretik jartzea baimendu du (20-21). Aurreko akatsetik altxatzeko, tantoa egin du aginagarrak eta partida azken pilotakadan erabakitzera eraman du, Elordi eta Zabaleta muturreko egoerara bultzatuz, alegia. Hala, muturrera eramanagatik ere, urdinek, lider izateak ematen duen konfiantzarekin, azken tantoa egiteko gai izan dira eta beraz, seigarren garaipena erdietsi dute.

Egoera tamala gorrientzat, lehen jardunaldian ere antzerako egoera bizi izan baitzuten Laso eta Imazen aurka (22-21).