INFO

Zaramagako berrikuntza babestuko du EH Bilduk, Martxoaren 3ko Memoriala nabarmenduz

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Zaramagako zaharberritze integralak auzoaren «nortasun eta historia langile eta industrialaren» balioa nabarmendu dezan. Talde subiranistaren esanetan, San Frantzisko eliza eta haren inguruan egingo den Memoriala «elementu nagusiak izan behar dira».

Zaramagako eliza memoriaren gune bilakatzearen aldeko elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Orain dela gutxi abian jarri da Gasteizko Zaramagako auzoaren birgaitze osorako prozesua. Proiektu hori, EH Bilduren ustez, auzoa sakon berritzeko aukera ona izan daiteke, «auzoaren nortasun eta historia langile eta industrialaren» balioa azpimarratzeko.

«Zaramagako iragan eta jatorri industrial eta langilea aldarrikatu eta zaindu beharreko balioak dira, XXI. mendeko bigarren laurdenera hurbiltzen ari garenean. Historia eta nortasun hori erabat bateragarria da bertako biztanleek behar duten auzoaren modernizazio eta birgaitzearekin», adierazi du EH Bilduko zinegotzia den Rocio Viterok.

Prentsaurreko batean azaldu duenez, testuinguru horretan, «garrantzi berezia du San Frantzisko elizan eta haren inguruan egingo den Memorialak, uste baitugu elementu nagusiak izan behar dutela auzoaren espazioan eta diseinu eraberrituan».

Felix Gonzalez EH Bilduko udal taldearen bozeramailearen esanetan, zaharberritze integrala ahalbidetuko duen programaren helburua, funtsean, eraikinen energia eraginkortasuna eta bizigarritasuna hobetzea da; «izan ere, eraiki ziren garaietako inguruabarrak eta premiak direla-eta, gabeziak eta ajeak pilatu dituzte etxebizitza horiek, urteen poderioz».

«Etxebizitzen modernizazio horrekin batera, esku-hartzeak ere egin beharko dira Zaramagako 12.000 biztanle baino gehiago bizi diren espazio publikoa hobetzeko», azaldu du Gonzalezek. Zaramaga «geure herriko langile borrokaren historian funtsezkoak izan ziren une batzuetako protagonista argia» izan dela gogoratu du.