INFO

«Bestea den bezalakoa onartu behar dugu, ez dago besterik»

Ostiral honetan ikusiko du argia Tentazioaren lan berriak. ‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ da konpainiaren azken ekoizpena, «komedia garratza».

Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo, Iñigo Aranburu eta Aitziber Garmendia, antzezlanean. (TENTAZIOA)

‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ ostiral honetan ikusiko du publikoak lehen aldiz eszenan. «Komedia garratza» da Tentazioa konpainiak labetik atera duen lan berria.

Antzerkigintza Berriak izeneko egitasmoaren emaitza da gidoia. 2016an jarri zuten martxan antzerkirako testuak sortzeko laborategia. Zortzi kide izan ziren iaz eta Patxo Telleria eta Mireia Gabilondoren gidaritzapean egin zen. «Partaide bakoitzak testu bat idazten du. Proiektua aurkeztu eta haietako bat muntatu egiten dugu urtero. Iaz Markos Goikolea izan zen kideetako bat. Prozesu guztia gertutik jarraitu nuen, oso erakargarria egin zitzaidan hasieratik bere testua eta taularatzeko erabakia hartu genuen Tentazioa konpainian», gogoratu du Gabilondok, antzezlanaren zuzendari eta aktoreak.

Urtarrilaren 6an eta 7an (euskaraz) eta urtarrilaren 8an (gazteleraz) eskainiko da obra. Ondoren, Bilboko Arriaga Antzokian izango da ikusgai urtarrilaren 10ean (euskaraz) eta urtarrilaren 11n (gazteleraz).

Agertoki gainean, airean, galdera bat: bakoitzak gure errealitate propioa eraikitzen dugu, baina noraino gara gai besteenak onartzeko? Amesti familia Gabon gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neskalagun irlandarrarekin.

Onartu ala ez

«Orain hiru urte sekulako eztabaida izan genuen alaba beste emakume batekin aurkitu genuelako. Ez genuen onartu. Haserrea sortu zuen familian. Alabak etxetik aldegin eta Londresera bizitzera joatea erabaki zuen. Hiru urte elkarren berririk izan gabe eta etera bueltatzea erabaki du normaltasunaren bila eta harremana berreskuratzeko gogoz. Familia ere onartzeko pausua eman nahi du. Baina iristean konturatuko dira neskalaguna irudimenezkoa dela. Onartu ala ez onartu, familiako beste kideek horren aurrean zer egin erabaki beharko dute. Batzuk onartzen joango dira, besteak gutxiago, eta beste batzuek ez dute onartuko. Bitartean Gabon Gaua elkarrekin pasako dugu», argitu du Gabilondok.

Familiako beste kideek ere badituzte sekretuak gordeta eta pixkanaka, gaua aurrera joan ahala, mahai gainean jarriko dira. «Azkenean katarsi txiki baten modukoa gertatuko da. Denok hankaz gora jarriko gara, ea denon onarpena lortzen dugun, azkenean hori delako besteengandik bilatzen duguna. Harremanak hauskorrak izaten dira eta hauskortasun horretan batzuetan erraza izaten da harremanak hobera egitea eta beste batzuetan ez», jarraitu du.

Antzezalana familia giroan zentratzen da baina lagunen, lankideen, bizilagunen... artean ere berdin gertatzen da. «Bestea den bezalakoa onartu behar dugu, ez dago besterik. Hortik abiatuta denok hobera egiten dugu harremanetan. Bakoitzak berea onartzen dugu –nahiz batzutan kosta egin– baina besteena kosta egiten zaigu. Besteen akatsak garbiago ikusten ditugu kanpotik. Gauza serio hauetaz hitz egiten da komediaren bitartez», dio.

Menu konpletoa izango dute amestitarrek Gabon Gauean. Mingotsetik eta gozotik. Denetarik izango dute platerean. «Edozein etxetan gertatzen dena. Ez da inor libratzen. Isilik dagoena ere ez, ‘zu zergatik zaude isilik?’, galdetuko diote. Ez dago ondo ateratzeko modurik» [barreak].



Mireia Gabilondo (ama), Iñigo Aranburu (aita) Aitziber Garmendia (alaba) eta Iñigo Azpitarte (semea) dira antzezleak. «Oso erraza izan da eurekin lan egitea. Aitziber askotan zuzendu dut. Oso aktore maitea dut, ikaragarri disfrutatzen dut berarekin. Oso ausarta da aktore lanetan, eskatzen diozun guztia egiten du, ez dago gauza hoberik zuzendari batentzat! Euskal Herrian gaur egun daukagun aktore onenenetarikoa da. Lan zaila zeukan obra honetan eta oso ondo egin du. Beste aktore batzurekin lehen aldia izan da baina guztiekin antzeratsu gertatu zait. Iñigo Aranburu komedian sekula ikusi gabea neukan eta oso ona iruditu zait. Iñigo Azpitarterekin ‘Sisiforen paperak’ lanean aritu nintzen aktore moduan. Oso pertsonala da eta eszenara ekartzen ditu bere kolore horiek. Oso gustura eta pozik aritu gara denok elkarrekin», kontatu du.

Batez ere komedian dauka jarrita begia Tentazioa konpainiak. ‘Klikowski’, ‘Martin’, ‘Kutsidazu bidea Ixabel’, eta ‘Erlauntza’ ikus-entzunezkoak sortu dituzte, besteak beste 

Interprete bezala aspaldi komedia egin gabea zen Gabilondo. Eskertu egin du. «Komedia egiten ondo sentitzen zara eta bizitzako hainbat gertaera ulertzen laguntzen dizu», esan du. 

Aktore bakarrik ez, zuzendari lanak ere bete ditu oraingoan. «Erabaki ezinda ibili nintzen zuzendari eta aktore lanak, biak, egin ala ez. Kanpoan eta barruan egon naiz lehen aldiz nire bizitzan. Asko disfrutatu dut. Sara Cozar izan dut zuzendari laguntzaile eta kanpoko begirada behar izan dudanean bera igotzen zen eszenara mugimenduak, erritmoa, tonua... lantzeko. Eta aktore moduan barruan ere banengoenez erraza egin zait zuzentzea. Pozik nago», aitortu du. 

Izurriak eragindako zailtasunak atzean utzi nahian dabil Tentazioa konpainia. «Une zailak izan ziren denontzat, baina gure lanaren ezaugarriengatik guretzat zailagoa. Momentu txarrak bizi izan genituen, emanaldi guztak bertan behar utzi behar izan genituen. Konpainiaren dirusarrerak bertan behera geratu ziren zuzenekorik gabe. Eta orain ari gara pixkanaka horretatik ateratzen. Emanaldi batzuk berreskuratu genitiuen gerora, beste batzuk ez. ‘Sisiforen paperak’ muntaiaren kasuan bai, dena pasatu ondoren Madrilen hilabetez eskaini genuen. Hamar aktore ginen eta lortu genuen hilabetean egunero egitea, inork positibo eman gabe. Harrigarria izan zen, egunero egiten genuen froga eta beldurrez gerturatzen ginen antzokira. Ikuskizuna egitea denok oso pozik bizi izan genuen normaltasunaren bidera gertuiratzen ari ginelako», gogoratu du.