INFO

Iñigo Bikuñak ordezkatuko du eskuko minez dagoen Julen Martija Eibarren

Etxeberrikoak gaur eman du jakitera ez duela Ezkurdiarekin Urrutikoetxea-Albisuren aurka jokatzerik izango eta ordezkapenak aldaketak dakartza Arkaitz Eskuzaren debuteko partidan ere. Laudiokoak, Elezkano lagun duela, Dario eta Arbizuren aurka jokatuko du bere lehen partida profesionaletan.

Iñigo Bikuñak hartuko du Martijaren lekua Astelenako estelarrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Errege egunez jokatuko diren Binakako Txapelketako bi partidetan azken uneko aldaketak egongo dira, Jon Mariezkurrenak bezala, Julen Martijak ere ezin izango baitu lehen itzuliko azken jardunaldiko partida jokatu ostiral honetan Eibarko Astelenan, eskuin eskua minduta duelako. Aspek jakitera eman duenez, Iñigo Bikuña izango da Joseba Ezkurdiaren atzelaria Urrutikoetxea eta Albisuren aurka, bi bikoteentzat garrantzia handia duen lehia batean. Aspekoak eta Baikokoak sailkapenean berdinduta daude bina garaipenekin eta hirugarren puntua batzea funtsezkoa izan daiteke azken bi postuak saihesteko borrokan.

Martijari dagokionean, Binakako egungo txapeldunak txapelketa hasi zenetik darama bere mailan aritu ezinda, urteberri egunean jo zuen behea Laso-Imazen aurkako partidan eta aste honetan geratzea erabaki du, ea eskuin hori erabat osatu eta beregan ohikoa den fidagarritasuna eta segurtasuna berreskuratzen dituen.

Azken orduko ordezkapen honek beste zenbait aldaketa eragin ditu ostiraleko Astelenako programan, esaterako jaialdia irekiko duen Arkaitz Eskuzaren debutekoan. Elezkanorekin batera arituko da Laudioko atzelari gaztea –bihar elkarrizketa GARA/NAIZen–, printzipioz Dario-Bikuñaren aurka, baina donostiarrak estelarra jokatuko duenez, Arbizu izango da errioxarraren atzelaria.

Aldaketa pila Promoziokoan

Promozioko txapelketan ere zenbait aldaketa iragarri dituzte enpresek astebururako. Esaterako, Katedralean bertan Victorrek Zabalaren lekua hartuko du Gaskuerekin batera Alberdi-Salaberriren aurka jokatzeko. Berez, Zubizarreta-Elizegiren aurka jokatu beharko lukete, baina Baikoko biak baja dira asteburu honetan. Ostiralean bertan, Zornotzan, Uriondok hartuko du lehen mailan jokatuko duen Morgaetxebarriaren tokia.

Pilotari taldea horrenbeste murriztuta, ordezkoak topatzen lanak izaten ari dira enpresak, duela bi aste Baikok ez zuen Agirreren ordez jokatzeko inor topatu eta jokatu gabe puntua Salaberria-Oier Etxeberriak eraman zuten, eta aste honetan Aspen Victorrek bi ordezkapen egin beharko ditu, ostiralean aipatutako Eibarkoa eta larunbatean Labriten Egigurenen ordez aritu behar izango du Erostarberekin batera.