INFO

Mikel Irastorza erruduntzat jo dute baina ez da kartzelara itzuliko

Sei ordu luzeko auzi saioren amaieran Mikel Irastorzari buruzko erabakia ezagutzera eman du Parisko Zigor Epaitegiak. Jujeak fiskalak luzaturiko zigor eskaera apaldu du. Finean, hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio donostiarrari, horietatik 17 hilabete bete beharrik gabe.

Jean-Rene Etchegaray bake prozesuari buruz mintzatu da, lekuko gisa, Mikel Irastorzaren aurkako auzian. (© Bake Bidea)

Mikel Irastorza auzipetu dute ostegun arratsalde honetan Parisen, «gaizkile taldeko kide» izatea leporatuta.

Auzi saioa 13.30ean abiatu da eta 18.30ak jota prokuradoreak bere zigor eskaera egin du. 20.00tan, berriz, epaileak bere deliberoa jakitera eman du.

Prokuradoreak bost urteko kartzela zigorra eskatu du Lapurdin bizi den donostiarrarentzat, baina horietatik 40 hilabete bete beharrik gabe.

Horretaz gain Fijait fitxategian sartzea bere izena galdetu du, ez ordea lurralde debekua ezartzea.

20.00tak jota epamahaia heldu da. Hiru urteko kartzela zigorra, horietatik 17 hilabete bete beharrik gabe jaso du zigor gisasa Irastorzak.

Kartzelan eman zuen denbora aintzat harturik, Irastorza ez da berriz ere espetxera itzuli beharko.

Epaileak muzin egin dio Irastorza Fijait fitxategian sartzeko prokuradoreak eginiko eskaerari. Ez dio ezarri lurralde debekurik, ez da hautatua izateko debekua ere. Fiskalak ez zuen lurralde debekutik eskatu, bai ordea Fijait fitxategian sartzea. 10 urtez hautatua izateko debekua ere eskatu du, baina jujeak ez du bere irizpidea aintzat hartu.

Saioaren nondik-norakoak

Auzi saioaren hasieran, jujeak errelatoa aurkeztu du eta prokuradoreak galdeketa egin dio ondoren Irastorzari.

Fiskala bereziki bai hedabideek baita polizia zerbitzuek hornituriko txostenetan oinarritu da inoiz ETAren buruzagia izan zenik gezurtatu duen donostiarraren ibilbidea aipatzeko orduan.

Horren ondotik Serge Portellik hartu du hitza, auzian emanez Fiskaltzak harturiko lerroa. Bere erranetan instrukzio epaileak bere txostenean jasotakoari heldu baino auzian aztergai ez diren beste garaiak eta egitateak nabarmendu izana egotzi dio prokuradoreari.

Lekukoen fasea ireki da ondoren. Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko buruak Irastorzaren auzian zehazki sartu gabe, testuingurua jorratu du. Aieteko Nazioarteko Konferentziaz geroztik Ipar Euskal Herriko gehiengo politikoa eta soziala eginiko ibilbidea jorratu du.

Lan eskerga horren aurrean Estatuek ez zutela behar bezala jokatu adierazi du, Baionan eginiko desarmatze prozesuan, ordea, «justiziak izan zuen esku hartzea» oroitarazita.

Gatazkaren konponbideari eta oro har euskal auziari buruz Estatuak «software aldatzeko beharra duela» iradoki du Baionako auzapezak.

Geldialdiaren ondotik Martxelo Otamendi ‘Berria’ kazetako zuzendariaren lekukotasuna entzuteko parada izan da.

Lapurdin kazetari gisa lan egiten du Irastorzak

Jatorriz donostiarra da Irastorza baina Lapurdin bizi da 2017an kartzelatik atera zenetik.

Lau urte baino gehiago daramatza Mediabask taldean lanean, zehazki Kazeta.eus atariko kazetari gisa.

Horrendako 90 kazetarien sostengua jaso du adierazpen baten bitartez auziaren atarian.

«Kazetaritza lanbideko profesional gisa, Parisen urtarrilaren 5ean epaitua izanen den Mikel Irastorza Artola Mediabaskeko kazetariari elkartasuna adierazten diot. Gisa berean, gizartea informatzen jarraitu dezan, eta Euskal Herriko bake prozesuaren testuinguruan, galdegiten dut gure artean izan dadila bere kazetaritza lana betetzen», nabarmentzen du kazetariek sinatu duten adierazpenak.

Euskal Herritik heldutako sostenguak

Bake Bideako presidentea, Anaiz Funosas, Parisera joan da, elkartearen sostengua adieraztera Irastorzari eta testuinguru politiko berriaren aurka doazela hau bezalako auziak salatzera.

Elkarteak nabarmendu duenez, «bake justu eta iraunkor baten eraikitzeko adostasun zabala badelarik, ez dugu onartzen auzi horren izaiterik».

EHBai-k ordezkari bat igorri du Parisera, Jokin Etxebarria, «sustengua adierazteko auziperatua den militanteari eta egun, horrelako epaiketek ez dutela izaterik bergogoratzeko».

2016ko azaroaren 5ean atxilotu zuen Polizia frantsesak Mikel Irastorza Azkainen, Xabier Arin eta Denise Elizagoyenekin batera.

Fleury-Merogis espetxean preso izan zuten ere Irastorza, Arin eta Elizagoyen kontrol judizialpean aske utzi zituztelarik. Kontrol judizialpean eman ditu azken bost urteak, besteak beste, Estatu frantseseko lurraldetik atera ezinik.

Eskumutur elektronikoa ere jarri zioten kontrol neurrien artean. Frantziar lurraldetik ateratzeko debekua ere jaso zuen intxaurrondotarrak.

Irastorzaren aurkako auzia salatzeko eta konponbide garaia dela aldarrikatzeko 80 bat lagun bildu dira gaur iluntzean Azkainen deituriko elkarretaratzean.

Irastorzari babesa adierazteko elkarretaratzea. (FOKU)