INFO

Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Saylemezse ekintzaile kurduak gogoratu dituzte Bilbon

Women Defend Rojava, Kurdistanekin Elkartasuna Ekimena eta EHko Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretaratzea egin dute Bilbon Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Saylemezse ekintzaile kurduak oroitu eta haien hilketagatik justizia eskatzeko.

Elkarretaratzea egin dute Bilbon, ‘Feminizidiorik ez! Emakume, bizitza, askatasuna’ lelopean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Saylemezse, Estatu frantsesean erbesteratutako ekintzaile kurduak hil zituztela hamar urte bete direnean, elkarretaratzea egin dute Bilbon Women Defend Rojava, Kurdistanekin Elkartasuna Ekimena eta EHko Emakumeen Mundu Martxak deituta, ‘Feminizidiorik ez! Emakume, bizitza, askatasuna’ lelopean.

Sakine Cansiz Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) sortzaileetako bat izan zen, eta garrantzia izan zuen Emakume Kurduen Mugimenduaren garapenean. Fidan Dogan Kurdistango Kongresu Nazionaleko (KNK) kidea izan zen eta lan diplomatikoaz arduratzen zen herri kurduaren borroka ezagutarazteko. Leyla Saylemez Europako gazte mugimendu kurduaren bultzatzaileetako bat izan zen. Parisen hil zituzten hirurak duela 10 urte.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik «elkartasun feminista» adierazi nahi izan diete, «emakume kurduen eta haien herriaren aurkako indarkeria gelditzea eskatzeko». Halaber, salatu dute hiru emakumeak «kurduen askapen mugimenduko kide aktibo eta agerikoak izateagatik erail» zituztela. Era berean, azaldu dute elkarretaratzearen xedea «haien izenak aldarrikatzea eta haien heriotzen erantzuleen zigorgabetasuna salatzea» izan dela.

Kurdistanekin Elkartasuna Ekimenak Turkiako zerbitzuak jo ditu heriotzen erruduntzat. «Turkiako estatu faxistak krimenak egiten jarraitzen du Europan, inpunitate osoz», gaineratu du. 2013ko urtarrilaren 9an hil zituzten Cansiz, Dogan eta Saylemezse; beraz, hilketen 10. urteurrena izan da gaurkoa.