Urtarrilaren 1ean izandako sexu-erasoa salatu dute Getxon
Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen Getxon asteazkenean, bertako etxebizitza batean emakume bati urteko lehen egunean sexu-erasoa egiteagatik. Udalak deitutako bi elkarretaratze daude deituta gaur herri bizkaitarrean.
Getxoko Udalak, Berdintasun Kontseiluko ordezkariekin batera, bi elkarretaratze egingo ditu astelehen honetan, Urteberri egunean udalerriko etxe batean emakume bati egindako sexu-erasoa salatzeko.
🟣 Erakundeen gaitzespena, hillaren 1ean emakume bati egindako sexu-erasoagatik. Arratsaldean, 19:00etan, beste kontzentrazio bat Areetako puntu lilean (Bizkaia Zubiaren ondoan), Udalak deituta, Berdintasun Kontseiluko ordezkariekin batera ℹ️ https://t.co/3YuoMU36Df #Getxo pic.twitter.com/yCbcWmUNxi
— Getxoko Udala (@GetxoUdala) January 9, 2023
Lehenengoa 12:00etan izan da, udaletxeko eskaileretan. Bigarrena, berriz, 19:00etan izango da, Zubi Esekiaren ondoan.
Sexu-erasoaren ustezko egilea, 29 urteko gizonezko bat, asteazkenean atxilotu zuten, emakumeak Polizia etxean salaketa jarri ostean. Erasoaren berri izan ondoren, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu zuen, aho batez, udal talde guztien artean. Bertan, «gaitzespen irmoa» adierazi zuen, eta «genero desberdintasunean oinarritutako» jarrera sexistetatik eratorritako eraso guztiak gaitzetsi zituen.
Erasoa jasan duen emakumeari elkartasuna eta babesa adierazteaz gain, Udala lanean jarraitzearen alde dago, «berdintasun eta errespetu balioetan oinarritutako gizarte bat lortzeko, non emakumeek askatasunez erabaki ahal izango duten norekin, noiz eta nola izan sexu-harremanak, eta, azken batean, haien borondatea erabat errespetatuko den».