INFO

Biktima, preso eta memoria akordioak hauteskunde lehiatik kanpo uzteko eskatu du Foro Sozialak

Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak biktimen, presoen eta memoriaren inguruan lortutako adostasunak «hauteskunde borrokatik kanpo uzteko» eskatu die Hego Euskal Herriko alderdi politikoei.

Foro Sozialaren aurreko agerraldi bat. (Jon URBE | FOKU)

Foro Sozialak, ohar baten bidez adierazi duenez, urte hasiera honek «bete-betean kokatzen gaitu hauteskunde ziklo berri eta luze baten aurrean, lehenengo etapa maiatzaren 28an izango da, eta 2024ko udan amaituko da, Europako eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin». Zentzu horretan, «Nafarroako Foru Erkidegoan zein Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskunderik gabeko aldiak oso ondo aprobetxatzen jakin dugu indarkerien zikloaren ondorioak konpontzeko urrats erabakigarriak emateko», adierazi du Foro Sozialak. 

Honela, gogorarazi du 2016ko Aieteko Konferentzian Foro Sozial Iraunkorrak dei egin ziela alderdi politikoei «erantzukizun politikoz jokatzeko, banatzen dituena baino gehiago batzen dituena bilatuz» eta, horretarako, «hitz egiteko».

2013ko martxoko lehen Gizarte Foroaren hamabi gomendioei dagokienez, adierazi du «gehienak bete egin direla edo horretarako bidean daudela».

Bide horretan, «hainbat gaitan adostasunak» sortu direla aipatu du, «hala nola biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubidean eta jasaten duten tratamendu asimetrikoa gainditzean; presoei espetxe-politika arrunta aplikatzean, oraindik erabakigarriak diren gaietan oraindik ere aplikatzen zaien salbuespena gaindituz; eta memoria kritiko inklusibo bat eraikitzean, kontakizunaren borrokak bahituta zeukan esparrua gaindituko duena».

Aldiz «eztabaida politikoan polarizazio handiko garaiak» bizi ditugula eta hauteskundeak ez direla «une egokia gai hauetarako» ohartarazi du.

Horregatik guztiagatik, Foro Sozialak dei egin die EAEko eta Nafarroako alderdi politiko guztiei, «erantzukizunez, adostasun horiek blindatzeko, hauteskunde borrokatik kanpo utziz, eta gai horiei buruzko eztabaida legitimo eta beharrezkoak oinarri eraikitzaile eta inklusiboen gainean eman daitezen, gizarteak eskatzen dituen urratsak ematen jarraitu ahal izateko».