INFO

Antonio Blanco erdilaria Alavesen arituko da sasoia amaitu arte Real Madridek utzita

Jokalaria andaluziarrak –Espainiako behe mailako selekzioetan jokatu ohi du– apenas izan du minuturik Cadizen denboraldi honetan eta Mendizorrotzan jarraikortasuna izatea bilatuko du.

Antonio Blancok Mendizorrotzan jokatuko du sasoia amaitu arte. (DEPORTIVO ALAVES)

Antonio Blanco erdilaria izango da, Sebastian Pinoren ondoren, Deportivo Alavesen neguko merkatuko bigarren fitxaketa. Txiletarrarekin bezala, gaztetasunaren alde egin du talde babazorroak bere bigarren mugimendu honekin eta Real Madrilen harrobiko harribitxietako bat eskuratu du denboraldiaren bigarren zati honetarako. Cordobakoak 22 urte ditu eta Espainiako selekzioko behe mailako taldeetan jokatu izan duen erdilari bat gogor bat da, berez defentsa lanetan aritzeko horietakoa, nahiz eta teknikoki dohain handiak izan eta jokoa sortzeko gaitasuna ere baduena.

Bere garaian Real Madrideko harrobian etorkizun handienetako bat zuen jokalarietako bat zen Antonio Blanco, baina azken denboraldian ez du espero zen jarraikortasunik izan. Cadizen utzita aritu da Lehen Mailan, baina Sergio Gonzalezen aginduetara lau partidu baina ez ditu jokatu, 249 minutu eskas, eta Gasteizen Mirandilla berrian izan ez dituen aukerak izan nahi lituzke, nahiz eta babazorroen artean konpetentziarik ez zaion faltako zelai erdi horretan.

Real Madridekin lortutako akordioaren baitan, Antonio Blancok utzita jokatuko du Mendizorrotzan sasoia amaitu bitartean eta Gasteizko klubak igorritako oharrean ez da bestelako klausularen berririk ematen. Bi talde hauen arteko harremanak onak dira eta hein handi batean bere garaian Marcos Llorenterekin lortu zena errepikatu nahiko lukete bi aldeek, madrildarrak etekin izugarria eman baitzien babazorroei zelaian eta madrildarrek ekonomikoki asko irabazi zuten, erdilaria Atletico de Madridi salduta.