INFO

Hiruk Gipuzkoako Aldundiaren «trabak» salatu ditu bidesarien ordainketak itzultzeko prozesuetan

Epaitegi batek Gipuzkoako Aldundiari hiru garraiolariri bidegabeki kobratutako bidesaria itzultzeko agindu ondoren, Hiru sindikatuak erakundearen «trabak» salatu ditu helegiteak jartzerako orduan.

Bidesaria Andoainen. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak asteazken honetan jakitera eman zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 13.000 euroko kalte-ordaina emango die bidesaria bidegabeki kobratzeagatik erakundearen aurkako salaketa jarri zuten hiru garraiolariri. Hiru sindikatuaren arabera, bide administratiborik jo zuten mila inguru garraiolarietatik asko bidean gelditu dira, Aldundiak jarritako «trabak» eta «oztopoak» direla eta.

Izan ere, sindikatuak gogoratu du N1ean eta A15ean kamioiei bidesaria kobratzeko Aldundiak onartutako arau foralak atzera bota zituztela lehenengo Euskal Herriko Epaitegi Gorenak eta gero Auzitegi Gorenak. Orain, Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman die dirua itzultzeko eskatu zuten hiru garraiolariri.

Hiruk azaldu duenez, 1.122 garraiolarik egin zuen eskaera, guztira 12,2 milioi euro, 2018ko urtarriletik 2021eko urrira Aldundiak guztira jaso zituen ia 40 milioi eurotatik. Ildo horretan, salatu du «Aldundiak trabak besterik ez dituela jarri eta horri esker bere helburua bete duela, diru bilketa alegia».

«Bide administratiborik jo zuten mila inguru garraiolarietatik asko bidean gelditu dira. Jakina da epaitegira jotzeak gastuak eragiten dituela, batetik abokatu edo prokuradorea kontratatu, eta bestetik galduz gero epaiketa kostuak ordaindu behar izaten dira. Garraiolari askok, jasotzea zegokien kopurua baino arriskua handiagoa zela pentsatu eta ez jarraitzea erabaki dute», azpimarratu du sindikatuak.

Hiruk uste du «hasieratik» jokatu duela Gipuzkoako Aldundiak «ardura gutxirekin». Izan ere, sindikatuaren iritziz, «automatikoki itzuli behar zituen arkuen sistemaren bidez kobratutako kopuruak». «Datu guztiak ditu, baina hasieratik ukatu eta trabak jarri ditu. Dirua biltzeko beharra eta grina oso agerian ikusi dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak beste aldera begiratu zuen kontrako epaiak atera zirenean», salatu du.