INFO

Irulegiko Eskua aurkitu zuen arkeologia taldea, 2022ko Sabino Arana saridunen artean

Euskadi-Ukraina elkartasun mugimendua, Irakli Kobakhidze, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Mikel Sanchez eta Aspace Gipuzkoa ere sarituko ditu Sabino Arana Fundazioak.

Mattin Aiestaran, Irulegiko eskuaren aurkezpenean, Arangurenen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aranguren ibarrean Irulegiko Eskua aurkitu zuen arkeologia taldeak jasoko du XXXIV. Sabino Arana saria, fundazioak jakinarazi duenez. Ikerketa taldearekin batera, Euskadi-Ukraina elkartasun mugimendua, Irakli Kobakhidze, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Mikel Sanchez eta Aspace Gipuzkoa ere sarituko ditu Sabino Arana Fundazioak.

Irulegiko Eskua aurkitu zuen arkeologia lantaldeak gauzatutako lana eskertu eta aitortu nahi du fundazioak, «izan ere, Kristo aurreko I. mendean dataturiko aurkikuntza horrek goitik beherako iraultza ekarriko dio euskararen eta baskoien historiaren inguruko ikerketari», nabarmendu du.

«Aranzadi Zientzia Elkarteko Mattin Aiestaran buru duen ikertzaile taldeak ondo baino hobeto erakutsi digu buru-belarri lan eginda, landa eta laborategiko lan neketsuak fruitu joriak ematen dituela, emaitza horiek gizarte osora hedatzen direla eta gizarteak atsegin handiz hartzen dituela emaitzok», gaineratu du Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.

Mikel Sanchez doktoreak ere saria jasoko du, birgaitze-medikuntzaren bidez lesio larriak izan dituzten pertsonei «suspertzeko» aukera emateagatik.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak ehun urtean erakutsitako «lana, konpromisoa, ahalegina, kemena, hobetzeko grina eta etengabeko garapena» ere aitortuko du Sabino Arana Fundazioak. «Bilboko eta Euskadiko kultura politikaren eragile eta tresna bihurtu da mundu osoan», azpimarratu du.

Sabino Arana fundazioaren esanetan, garuneko paralisia duten pertsonen «bizi-kalitatea hobetzen eta komunitatean eskubide osoko herritar gisa gizartera daitezen borrokatzen» eman ditu 50 urte Aspace Gipuzkoak, eta hau ere sarituko du.

Halaber, Irakli Kobakhidzek ere jasoko du saria; Georgiako Parlamentuan gehiengoa daukan Georgiako Ametsa alderdiaren burua eta Kaukasoko herrialde horretan indarrean dagoen egungo konstituzioaren sortzaileetako bat da bera.

Ukrainako gerraren aurrean «euskal gizartea erakusten ari den justizia, elkartasun eta harrera balioekiko konpromiso sendoa» aitortzeko asmoz, Euskadi-Ukraina elkarteari saria emango dio fundazioak.